Kontzientzia eta elkartasuna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 20a, 14:03

Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak bideratuta, 1656 kilo janari banatu dituzte Zizurkilen Elikagai Bankuaren bidez, beharrean dauden zizurkildarren artean. Aiztondo Zerbitzuetako kide Amaia Balerdik eta Zizurkilgo Udaleko zinegotzi Nerea Lizarragak azaldu dute ekimenaren berri.

Beharrean dauden familien artean, elikagai sortak banatu dituzue berriki Zizurkilen. Kontaiguzue…
Amaia:
Aspaldidanik, duela hamabi urte pasatxo jarri ziren martxan Zizurkilen antzeko janari banaketa ekimenak. Azken urteetako egoerak bultzatuta, berriz, Elikagai Bankuaren bidez, ekimen hau martxan jartzea erabaki zen; izan ere, geroz eta familia gehiago baitago hilabete amaierara iritsi ezinik. Azken urte hauetan, gainera, okertu egin da egoera hori.
Nerea: Lau herrik osatzen dute Aiztondo Mankomunitate Zerbitzua (Aduna, Alkiza, Larraul eta Zizurkil) eta gainerako ekimenak mankomunitate gisa antolatzen saiatu arren, programa honi dagokionez, herri bakoitzak bere aldetik egitea erabaki zuen, bakoitzak bere ezaugarriak dituenez, herriaren dimentsioei edota beharrean dauden familia kopuruari egokituta. Zizurkilek lau hilabeteko banaketaren alde egin zuen.

Zenbat familiak eta zein baldintzen arabera jaso dituzte elikagaiak?
A.:
Elikagai sortak inolako sarrerarik ez duten edota dirulaguntzak jasotzen ari diren familiei soilik bideratu zaizkie. Guztira, 72 familiak betetzen zituzten Zizurkilen elikagaiak jasotzeko baldintzak. Hala ere, arrazoi ezberdinengandik, denek ez dituzte sortak jaso nahi izan eta 54 familiren artean banatu dira; 131 pertsonentzat, hain zuzen.
N.: Familia horiei eskutitz bana bidali zitzaien Udaletik ekimenaren berri azalduz eta interesik balute, gurekin harremanetan jartzeko eskatuz.

Zein da Elikagai Bankuaren funtzionamendua?
A.:
Elikagai Bankuak Oiartzunen du biltegia eta bertatik ekarri zen herritarren artean banatutako janaria. Oso ekimen lotua da, familia bakoitzak bere beharren arabera eta sinatutako fitxa-orriaren bidez egiten du eskaera. Bestalde, bolondres taldea ere eskatzen du ekimenak, janariak antolatu eta sortatan bereizi behar baitira, banatu aurretik.
N.: Kideen kopurua nahiz adina kontuan izanda, familia bakoitzari sorta ezberdina egokitu zaio eta iraungipen luzeko produktuak banatu zaizkie. Bolondresen lana sorta horiek osatzea izan zen, banaketa errazagoa izan zedin. Herritarrek deialdia egin orduko primeran erantzun zutela nabarmendu behar da, jende askok eman zuen izena eta oso sentsibilizatuta agertu ziren gaiaren aurrean. Denetariko jendea gerturatu zen, hurrengorako ere euren prestutasuna erakutsiz. Udaleko kideok eskerrak eman nahi dizkiegu sorten antolaketan parte hartu zuten bolondres guztiei.
A.: Brigadako lokala egokitu genuen sortak antolatu eta herritarrak elikagaien bila joateko. Janarien antolaketan herritar multzoa aritu bazen, banaketan bi lagun soilik aritu gara, konfidentzialtasuna gorde nahian.
N.: Bolondres taldea deitzea, herriko egoeraren berri zabaldu eta errealitate gogorra ezagutarazteko baliagarria izan da; zoritxarrez, egoera zail hauek herrian bertan baititugu.
A.: Ekimen honi esker, kontzientzia eta elkartasuna landu dira herritarren artean.

Noiz izango da hurrengo banaketa?
N.:
Berez, lau hilabete barru banatu beharko lirateke hurrengo elikagai sortak. Elikagai Bankuko programan izena emanda gaude, beraien esanen zain. Egia da orain egin den janari banaketa urtarrilerako aurreikusita zegoela. Atzeratu egin da ekimena eta aurrera begira, guk ezin dezakegu jakin noiz iritsiko diren elikagaiak edo noiz deituko gaituzten bila joateko. Lau hilabeteren bueltan izatea espero dugu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!