Zunba ikastaroa, kirola eta dantza uztartuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 20a, 13:38

Urtarrila amaieran jarri zuten martxan zunba ikastaroa. Ondo pasa eta energia kanporatzeko modua ematen du zunbak. Harrera beroa izan du Zizurkilen.

Barbara Silva da Zizurkilgo zunba irakaslea. “Kirola egiteko modu ezberdina da zunba. Dantza erabiltzen dugu gorputza mugiarazteko. Dantza ezberdinen nahasketa egin ohi dugu. Zunbaren sorreran, dantza latinoak bakarrik erabiltzen ziren, baina gaur egun, mundu zabaleko dantza ezberdinak ere erabiltzen dira; wollywood, sanba, sabel dantza..., denetarik egiten dugu. Pixkanaka-pixkanaka pauso eta koreografia zailagoak sartzen joatea gustatzen zait niri. Helburu nagusia hauxe da; dantza eginez ondo pasatzen duzun bitartean, gorputzak soberan daukana erretzen joatea”, adierazi du.
Kirola egin eta gorputza zailtzeko modua ematen du zunbak: “Energia asko erretzen da; beste edozein jarduera egiten duzunean baino gehiago, eta gainera, ondo pasatzeko aukera ematen du. Aerobik bezalako jarduerekin, esaterako, ez da hain erraza jendeak ondo pasatzea”.

Karibetik Zizurkilera
Jatorriz kubatarra da Barbara, baina Zizurkilen bizi da: “Nire jaioterrian ordu asko eta asko pasatzen dugu dantzan; odolean daramagu. Hemen, ordea, ez dago kultura hori eta gauza bitxia bat gertatzen da; zunba egiten dutenek, gerria mugitzen ikasten dute. Gerria badutela ere ez dute jakiten askok zunba egiten hasi aurretik”, dio umoretsu.
Barbarak berak egin zion ikastaroaren eskaintza Zizurkilgo Udalari. “Iruran ere zunba ikastaroa eskaintzen dut. Eskualde honetako ikasleren bat badut Iruran, eta hark proposatu zidan Zizurkilen egiteko aukera. Ideia egokia zela iruditu zitzaidan eta Udalari luzatu nion proposamena. Urtarrila amaieran hasi ginen”.

Bi talde
Arrakasta handia izan du deialdiak: “Bi talde osatu ditugu. Nabari da jendeak bazuela zunbarekin froga egiteko gogoa. Gustura etortzen dira, astean bitan, ordubeteko saioetara”.
Urtarrila amaieran hasi, eta apirilera arte zen luzatzekoa ikastaroa, baina azkenean, zenbait aste gehiagoz arituko da Barbara zunba erakusten. “Ikasleek beraiek idatzi bat prestatu, sinadurak bildu, eta udaletxera aurkeztu dute ikastaroa ekainera arte luzatzeko eskatuz. Udalak baiezkoa eman du eta ondorioz, hementxe arituko gara ikasturte amaiera arte”.

Arrakasta
Atxulondo kultur etxeko areto nagusian biltzen dira. “Astearte eta ostegunetan izaten dut talderik jendetsuena; hamabost ikaslerekin. Asteazken eta ostiraletan, berriz, hamaika pertsonako taldea etortzen da. Aukeran, talde handi samarrak dira. Izan ere, zenbait dantza egiten dugunean, asko mugitzen baikara batetik bestera, eta elkarri traba egiten diogu. Hala ere, koreografiak neronek prestatzen ditudanez, dugun tokiaren arabera moldatzen ditut dantzak”.

Betiko zaletasuna
Gaztetan hasi zen Barbara dantza eskolak ematen: “Oso umetan hasi nintzen dantza munduan murgiltzen. Gaztetxotan, neska talde bat ere sortu genuen; koreografia ezberdinak osatzen genituen eta gero herriz herri ibiltzen ginen dantza horiek eskaintzen. Arrakasta polita lortu genuen. Karibe inguruan dantza odolean daramagu, eta ordu asko eskaintzen nizkion zaletasun horri. Gaur egun ere, Kubara joaten naizen bakoitzean eskatzen didate koreografiaren bat sortu eta dantza saioa eskaintzea”.
Barbara ez da geldirik egotekoa eta mota guztietako dantzak ikastea atsegin du. “Hona etorri nintzenean, dantzari lotuta jarraitu nuen. Denetarik egitea gustatzen zait eta tokian tokiko dantzak ikastea ere garrantzisua dela iruditzen zait. Aurreskua, fandango eta arin arina..., bertako hainbat dantza ikasi nuen. Mugimendu handiko dantzak dira, baina ez dute zerikusirik dantza latindarrekin. Hankak ederki astintzen dira, baina gerria eta aldakak ez dira batere mugitzen. Horregatik, hemengo jendeari kosta egiten zaio pixka bat aldakak askatzen joatea. Ikasleren batek esan izan dit zunba ikastarotik atera eta bere gorputza arraro sentitzen duela aldakak batera eta bestera mugitzen zaizkiolako”, dio Barbarak umoretsu.

Kirolari lotuta
Epe laburrean, beste ikastaro baten ardura hartuko du Barbarak Zizurkilen. “Gorputza forman jartzeko ikastaroa zuzenduko dut. Dagoeneko zunbara etortzen diren zenbait ikaslek parte hartzeko asmoa duela azaldu dit. Udaberriaren atarian, jendea kirola egiteko gogoz dagoela ematen du”, amaitu du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!