Herriarteko Harituz bertsolari txapelketan Amasa eta Berastegi finalaurrekoetara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 19a, 10:40

Asteburuan Harituz Herriarteko bertsolari txapelketaren beste bi kanporaketa izan dira. Anoetan (Anoeta vs. Berastegi) ostiralean eta Villabonan (Amasa vs. Aiztondo) larunbatean. Asteburuak finalaurrekoetan abestuko duten azken bi taldeak erabaki ditu: Berastegi eta Amasa. Elkarren aurka ariko dira datorren larunbatean (hilak 22) Berastegiko gaztetxean 17:30etan.

Segidan Harituz bertsozale elkarguneko kideek igorritako kronika:

Anoetako kanporaketa: Anoeta // Berastegi

Jendetza bildu zen Anoetako Goikoetxea tabernan, Berastegiko eta Anoetako taldeen lehia ikusteko; jendea tabernatik kanpo geratzeraino. Berastegiarrak izan ziren azkenean ezin kabiturik itzuli zirenak, Anoetako taldea garaituta, finalaurrekora pasa baitziren. Anoetak agurretik utzi zuen argi txapelketa taldekakoa zela, bertso bakoitza ere taldeka osatuz. Berastegiarrek nahiago izan zuten kupela doinu ezagunean aritu, trikitixa lagun.

Bereziki aipagarria izan zen zortziko txikiko ariketa, inauterietan gaupasa egindako gaztea eta zezena aurrez aurre jarri zituena zezen-plazan. Hitzen asmakizunak ere nahikoa barre eragin zuen, Heidi eta Pernando Amezketarra pertsonaiak asmatzeko aitzakian.

Finalaurrekoa etxean jokatuko dute berastegiarrek.

 

Villabonako kanporaketa: Amasa // Villabona

Lehenengo kanporaketatik hasi zen ohiturari jarraituz, giro ederra eta beroa izan zen Villabonako gaztetxean joan den larunbatean. Kantuan herri bereko bi talde, “Tolosaldeko derbia”, villabonarrek agurrean esan zuten eran. 

Saioa gogor hasi zuten bi taldeek, agur dotoreak osatuz, eta lehenengo ariketan ere maila ederra eskaini zuten, nola lau oinak emanda, hala zortzirekin. Hortik aurrera ere izan ziren nabarmentzeko moduko saioak: zortziko handian, txikian zein hitza asmatzen. Saio txukuna osatu zuten denek ere. 

Azkenean amasarrak nagusi, eta finalaurrekoetan kantatzeko gogotsu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!