Kamerundik Aiztondora, esker-onez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 17a, 15:39

Duela zenbait aste, laguntzaz eta elkartasunez betetako edukiontzi bat atera zen Aiztondotik Kamerunera bidean. Han lan egiten duen Njiengwe sendagilea Asteasun izan zen lehengo astean, jasotako laguntza eskertu, eta Kamerunen bizi duten egoera azaldu zuen herritarren aurrean.

Ikusi bideoa

Tropikoetan oso ohikoa eta hilgarria den anemia mota bat aztertzen lan egiten du Njiengwe sendagileak. Gaixotasun genetikoa da eta momentuz ez du sendabiderik. Kamerunen bakarrik, urtero 6000 pertsona jaiotzen da gaixotasun larri horrekin eta ez dute nahikoa baliabiderik gaitzari behar bezala aurre egiteko. Njiengwe sendagilea anemia falziformean aditua da eta martxoaren 14an Asteasuko Iturri-ondo jatetxean izan zen azalpenak ematen: “Anemia mota hilgarria da. Globulo gorriek forma arraroak hartzen dituzte eta arazo larriak sortzen dituzte gorputz osoan zehar. Oso gaixotasun mingarria da eta sorrarazten dituen arazoei garaiz aurre egiten ez bazaie, heriotza ekartzen du”.

Gaixotasunik hilkorrena
Axolagabetasuna, horixe jo zuen Njiengwe doktoreak heriotz gehien sortzen dituen gaixotasun gisa: “Anemia mota honek jende askori eragiten dio, baina ez da ezaguna, ez da ikertzen, ez da kontuan hartzen. Sendagileak hezi behar ditugu gaixotasun hori lehenbailehen identifikatu eta tratatzen ikas dezaten, eta gaixoak ere hezi egin behar ditugu euren gaitzaren inguruan ahalik eta datu gehien izan ditzaten. Gaixotasun genetikoa denez, gurasoengandik haurrengana pasa daiteke. Gerta daiteke, norbaitek gaixotasuna garatu ez arren, gen horren transmisore izatea eta ez jakitea. Pertsona horren bikoteak ere gen hori bera badu, haien haurrek gaixotasuna garatzeko aukera dute. Jendeari erakutsi egin behar zaio, informazioa eman behar zaio. Baina horretarako, lan handia egin beharra dago eta momentuz, ez dugu laguntzarik aurkitzen. Axolagabetasun horrek jende asko hiltzen du urtero”.

Aiztondotik Kamerunera
Aiztondo eskualdeak, laguntza bidali zuen Kamerunera duela zenbait aste. Furgoneta bat eta ospitalerako materiala batu, ontzi batean sartu eta Kamerunera bidali zuten urtarrilean. Njiengwek bere esker-ona azaldu zuen: “Mila esker egindako ahaleginagatik. Axolagabetasunaren aurka lan egin duzue, zuen laguntza eman diguzue eta hori eskertzekoa da. Han Kamerunen ez dugu horrelakorik bilatu, beti kanpotik etorritako laguntzaren zain geratzen gara, eta gauzak beste modu batera egin daitezkeela erakutsi diguzue”, esan zuen sendagileak, entzuleak hunkituz.

Anbulantzia
Anbulantzia lanak egingo ditu Aiztondo bailaratik bidalitako furgonetak: “Olga Villa eta Aitor Atxegaren ekimena izan da eta asko dugu haiei eskertzeko. Kamerun herrialde pobrea da eta gaixo askok ez dauka dirurik anbulantziari deitu ahal izateko ere. Etxean, ospitalera iritsi gabe hiltzen dira asko. Egoera horri buelta eman nahian, furgonetaren beharra genuela aipatu nien duela hilabete batzuk, eta martxan jarri ziren. Zuek bideratutako laguntzari esker furgoneta Kamerunen da dagoeneko. Gaixoei indar berezia eman die horrek, eskerrik asko haien izenean”.  

Prestakuntza
Anemia falziformea hain gaixotasun larri eta ohikoa izan arren, oso gutxi aztertu da eta zonalde askotako sendagileek ez dute informazio handirik izaten: “Oso ohikoa da anemia falziformeak sortzen dituen zantzuak beste zenbait gaixotasunekin nahastea. Esaterako, haurren kasuan, eskuak eta oinak hazi eta minberatu egiten zaizkie. Zomorroren batek heldu diela pentsatuta, ez die benetako arazoari aurre hartzen, eta ondorioz, heriotza ekartzen die haur askori, denbora gehiegi galdu delako”.
Kamerungo Douala hiriko ospitalean egiten du lan Njiendwe sendagileak: “Borroka luzeen ondoren, lorpen txiki bat izan dugu; ospitaleak, bost gelaz hornitutako gela bat utzi digu. Urtero 6000 kasu berri sortzen diren lurraldean, ez da gehiegi. Gabezia eta arazo handiak ditugu ospitalera iristen diren kasuei aurre egiteko. Gela berezi horretan, esaterako, oxigeno bonbona bakarra dago. Bi gaixok batera oxigeno premia badute, txandaka erabili behar izaten dute. Mota horretako gabeziek heriotza asko eragiten dituzte. Horrez gain, familiako kideetako batek anemia duenean, dirutza izugarria behar izaten dute tratamenduak lortzeko eta egoera dramatikoak sortzen ditu horrek”.

Sendabiderik ez
Momentuz, anemia falziformeak ez du sendabiderik: “Gaixoaren egoera hobetzeko, oxigenazioa eta hidratazioa lantzen ditugu eta horrez gain, aldian behin sortzen joaten zaizkien konplikazioei aurre egiten joaten gara. Egunen batean, medikuntza genetikoak sendabidea ekar dezake, baina oraindik oso urruti dago hori. Bitartean, hezkuntza da gure erronkarik handiena. Gaixotasuna sor dezakeen gen hori dutenek, jakin dezatela euren haurrek gaixotasuna gara dezaketela eta horren arabera erabaki dezatela haurrak izan edo ez”. Entzule asko izan zituen Njiengwe sendagileak Iturri-ondon. Hitzaldia amaituta, otordu afrikarra dastatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!