Peio Garin zizurkildarra izan zen eguneko lehen protagonista, omenaldi goxoa jaso baitzuen Larraulgo plazan. Korrikalari garaian egindako lorpen handiak ekarri zituzten gogora antolatzaileek eta ikusleen txaloak ere jaso zituen Garinek.
Garin, gustura
Pozik hartu zituen Peio Garinek txalo horiek. “Gustura jasotzen dira horrelakoak, zalantzarik gabe. Irteera emanda, korrilakariak nola helmugaratzen joaten diren ikustera geratuko naiz eta ondoren, bertan bazkalduko dut. Egun ederra izango da”. Korrikalariek inbidia pixka bat ematen ote zioten galdetuta, garbi mintzatu zen Garin. “Erretiroa hartzea erabaki nuenean, guztiz utzi nuen eta ez dut inoiz berriz hasteko tentaziorik izan. Tarteka, nire kasara aritzen naiz korrika, gustura, baina konpetiziorik gabe. Kotxea Iturriotzen utzi, eta Erniora igotzea gustatzen zait, nire erritmoan”.
Laurogeita bost korrikalari
Garinek berak eman zion irteera lasterketari. Laurogeita bost korrikalari izan ziren guztira irteera puntuan, horietatik hamar, emakumeak. Goizeko 10:30etan ekin zioten korrika saioari guztiek ere. Larrauldik abiatu, Ernioko gurutzera igo, eta berriz ere Larraulgo plazara jaitsi behar zuten, guztira hamabost kilometro eta erdiko ibilbidea eginez.
Korrilarien zain geratu zen jendea, giro ederrean. Mikrofono bidez, lasterketaren inguruko azalpenak ematen zituzten antolatzaileek noizean behin. Josu Goñi eta Teodoro Garzon izan ziren lehenak Ernioko tontorrean. Emakumeen artean, berriz, Nerea Amilibia eta Amaia Lukin elkarrekin iritsi ziren gurutzera.
Josu Goñi
Irteera eman eta ordubetera, jendea berriz ere Larraulgo plazara biltzen hasi zen korrikalarien helmugaratzea ikusi asmoz. Josu Goñi izan zen garaile 1h 16’’ 55’’ denbora eginez. 37 segundu gehiago behar izan zituen Teodoro Garzonek. Iraitz Arruabarrena izan zen hirugarren, 1h 17’ 47’’ko denbora eginez.
Lasterketan parte hartzen zuen lehendabiziko aldia zen Josu Goñirentzat, eta gustura ageri zen amezketarra: “Lasterketa ona egiteko asmoz etorri naiz, baina ez nuen garaipenik espero. Gustura nago egindakoarekin”, azaldu zuen, datorren urtean berriz itzultzeko asmoa duela azpimarratuz.
Nerea Amilibia
Emakumeen artean, Nerea Amibilia izan zen garaile. Pozik zen zizurkildarra: “Atzo Bizkaiko mendi lasterketa batean parte hartu nuen eta ez nuen Larraulera etortzeko asmorik. Peio Garinek espreski eskatu zidan, ordea, eta etortzea erabaki nuen. Nahiko pisutsu eman diot hasiera lasterketari, baina estutu egin naute eta nik ere estutzea erabaki dut. Gorputzak ondo erantzun dit eta oso gustura nago”. 1h 36’ 08’’ denbora egin zuen Nereak. Amaia Lukin izan zen bigarren, 1h 37’ 07’’ko denbora eginez eta Nerea Lendinez hirugarren, 1h 44’ 43’’rekin.
Lehen herritarra
Larrauldarrik ere bazen parte hartzaileen artean. Pello Alkain gaztea oso nekatuta iritsi zen helmuga puntura: “Ia entrenatu gabe atera naiz eta gaizki pasatu dut. Gorako bidea oinez egin dut eta beherakoan, hankak oso minberatuta izan ditut”. Lehendabiziko larrauldarraren saria eskuratuta, merezitako atsedena hartu zuen gazteak.