Frankismoa Amasa-Villabonan erakusketaren irekiera ofiziala

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 17a, 14:22

Joan zen ostiral iluntzean zabaldu zen Amasa-Villabonako Gurea erakusgelan 'Frankismoa Amasa-Villabonan. Iraganera hurbilpen bat, etorkizuna eraikitzeko' erkusketa. Irekiera ofiziala egitearekin batera, Frankismoaren ondorioz sufritu zuten herritar guztiei aitortza instituzionala eskaini zitzaien:

Agazkiak | Bideoa

Kronika, jarraian:

Aurkezpen ekitaldian izan ziren, besteak beste, Villabonako Udaleko ordezkariak, Galder Azkue alkateak eta Nora Urbizu zinegotziak hitza hartu zutelarik. Bertan ziren, noski, Udal ordezkariekin batera erakusketa osatu eta antolatu duten Aritza kultur elkarteko ordezkariak, Esti Amenabarro taldekidea hizlari aritu zelarik. Foru Aldundiaren izenean, Martin Garitano diputatu nagusia eta Marina Bidasoro Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendaria mintzatu ziren. Era berean, ekitaldian izan zen Bakartxo Tejeria billabonatarra, bi legealditan herriko alkate izandakoa eta egun Eusko Legebiltzarreko presidente dena.

Gurea erakusgelaren atarian politikari nahiz 36ko Gerra sufritu zuten familiak elkartu eta elkar agurtu ondoren, arratsaldeko 19:00etan eman zitzaion hasiera ekitaldiari. Ekitaldi goxoa  izan zen, xumea, dotorea eta hunkigarria. Hizlariek iraganera jo zuten eta "78 urte geroago izanagatik", gerrako galtzaileak gogoratu zituzten, berriz halakorik gerta ez dadin. Aitortza berandu iritsi zitzaiela aitortu arren, 36ko Gerran zendu nahiz kalteak jasan zituzten hamaika herritarrek errekonozimendua jaso zuten eta politikarien hitzez gain, lore eskaintza hunkigarria eskaini zieten irekiera ekitaldira gerturatu ziren politikari, familiako kide nahiz herritarrek.

26 panelez osatutako erakusketa ikusteko aukera izan zen bertan. Amasar eta billabonatarrek gerran jasandako ondorioak jasotzen dituzten 26 panelak eta gerra garaian fusilatu zituzten edo preso egon ziren herritarren objektu pertsonalekin osatutako bi erakusleihoak.

Ekitaldia amaitzeko, zuzeneko bibolin doinuekin girotutako luntxa eskaini zen erakusgela ondoko aretoan.

Aitortza jaso zuten familiartekoak gustura geratu ziren, haietako asko eta asko barruan gordeta zuten arantza kanporatuta ez bada, goxatuta behintzat bai.

Aurrerantzean, martxoaren 29ra bitarte erakusketa zabalik izango da gerturatu nahi duen ororentzat. Astelehenetan 17:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 11:00tatik 13:00etara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!