Gure esku dago ekimenak antolatutako festa Asteasun, martxoaren 23an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 14a, 11:07

Egitarau oparoa prestatu dute Asteasun martxoaren 23rako. Musikarien kalejira, txalaparta, hamaiketakoa, herri kirolak..., denetarik izango da 'Gure esku dago' ekimenak antolatuta, eguerdi inguruan. 

Ikusi egitarau osoa, jarraian: 

11:30 Musikariekin kalejira, herriko kaleetan zehar.

12:00 Txalaparta eta egunaren aurkezpena.

12:00 Jendeak fitxak bete ditzan mahaia martxan jarriko da.

12:00 Hamaiketakoa.

12:15 Herritarren arteko herri kirolak.

13:30 Ekainaren 8ra begira berotzen joateko, Giza katea herrian barrena.

13:50 Argazkia.

14:00 Txalaparta eta ekitaldiaren amaiera.

_______________________________________________________
Erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimena da ‘Gure esku dago’. Asteasuko herritarrak martxan jarri dira ekimenaren inguruan. Otsailean hasi ziren taldeari forma ematen eta dagoeneko buru-belarri ari dira antolaketa lanetan. Joxe Anjel Sarasola eta Larraitz Alkorta herritarrek eman dute orain arte egindako bidearen berri: “Irungo Ficoban egindako ekitaldian jaso genuen ekimenaren inguruko lehendabiziko berri. Tolosako ‘Gure esku dago’ ekimenaren aurkezpenean ere izan ginen. Ekitaldi hartan, behin baino gehiagotan azpimarratu zuten ekimena herrietara zabaltzeko beharra zegoela, eta aurrera egitea erabaki genuen. Aitzakia hori, herritar talde anitza biltzeko aukera polita iruditu zitzaigun eta martxan jarri ginen”.

Talde anitza
Ahoz aho, herritarren artean zabaldu zuten ekimenean parte hartzeko gonbitea. Hala azaldu du Joxe Anjelek:  “Adin, izaera eta sentsibilitate politiko ezberdineko herritarrengana jo genuen. Oso harrera ona izan zuen ekimenak, eta hogeita hamar pertsonatik gora elkartu ginen taldean. Oso talde anitza da. Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztietako kideak batzen ditu eta baita adin ezberdineko herritarrak ere. Aberasgarria izan da guztiak elkarrekin lanean aritzeko gaitasun hori badagoela ikustea”.

Fitxak, eskuragarri
Ekainaren 8ko giza kate erraldoia dute jomuga nagusia. Iruñea eta Durango arteko 123 kilometroak elkartuko dituen giza katea osatuko da egun horretan eta asteasuarrak bertan parte hartzeko gogotsu daude: “Politikagintzatik haratago, herritarren artean antolatutako ekimena da, eta oso aberasgarria izaten ari da ekainaren 8rainoko bide hau. Egun horretan, Beasain parean izango gara asteasuarrak, katea osatzen. Giza katean parte hartu ahal izateko, fitxa bat eskuratu beharko da. Dagoeneko eskuragarri daude Mattin liburu-dendan eta Patxine tabernan. Bost euroren truke etxeratu ahal izango da fitxa bakoitza”.

Jai giroa
Martxoaren 23rako, igandearekin, festa prestatzen ari dira ekimeneko partaideak Asteasun: “12:00etatik 14:00etara, herri gehienetan jarriko dira giza katerako fitxak saltzeko postuak. Aitzakia horrekin, jai giroa piztu nahi izan dugu herrian. Lehen froga moduan, eta giroa pizten joateko, herrian bertan giza katea egiteko asmoa ere badugu. Jendeak badu festa girora hurbiltzeko ohitura, eta giro horretan, herritarrak fitxak erostera animatuko direlakoan gaude”.

Antolaketa lanak
Beharrezko antolaketa lanak egiteko, azpitalde ezberdinak osatu dituzte: “Gaztetxeko kideak, esaterako, herri kirolak antolatzen ari dira. Beste taldetxo batek musika jarriko du, ekimenaren berri herritar guztiei zabaltzearen ardura hartu duen taldetxoa ere martxan da..., bakoitzak bere egitekoa du eta tarteka, bilera orokorrak egiten ditugu. Elkarren berri jakiten dugu bilera horietan eta koordinazio lanak ere egiten ditugu”, azaldu dute elkarrizketatuek.
Ekainaren 8ko giza kate erraldoia osatzeko, 50.000 fitxa beharko direla aurreikusten dute antolatzaileek. “Asteasun ez dugu aurreikuspen zehatzik egin, baina ehun pertsonaren parte hartzea lorpen polita izan daiteke. Taldean hogeita hamar kidetik gora garela ikusita, ez du helburu zaila ematen. Denborak esango digu”.

Eskualdea
Aiztondoko gainerako herrietako taldeekin harremanetan daude Asteasuko kideak: “Villabona, Zizurkil, Aduna, Larraul..., zenbait bilera egin dugu eskualdeko taldeekin, eta baita Tolosako taldeko kideekin ere. Gure bailarari dagokionez, giza katean 400 partaide lortzea da helburua eta erraz lortuko dela dirudi”.
Ekitaldiz betetako eguna izango da ekaineko bigarren igande hori: “Bidanian Eskola Txikien eguna ospatuko dute egun berean. Asko eta asko izango dira eguerdian giza katean parte hartu, eta arratsaldean Bidaniara joango direnak. Eguna ondo aprobetxatzeko moduan izango gara, zalantzarik gabe”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!