Ekainaren 8an Durango eta Iruñea elkar lotu nahi dituzte giza-kate baten bitartez, euskal herritarrei dagokien erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Hilabeteak dira ekimena aurkeztu zela eta sasoi honetan herriz herri mugimendua indarra hartzen ari da. Urnietan deigarria izaten ari da lan taldeak erakutsi duen kemena. Kultur eta sentsibilizazio jarduera ezberdinak burutu dituzte eta udaberrirako kultur nahiz kirol ekitaldi gehiago antolatzeko lanetan ari dira. Lan talde polita eta zabala, gizarteko alor ezberdinetako kideek osatuta. Tartean da Jokin Lizeaga korrikalaria.
Zerk bultzatu zaitu “Gure esku dago” ekimenean parte hartzera?
Jokin Lizeaga. Urte eta erdi edo, “Gazta zati bat” dokumentala ikusi eta hark piztu zuen nigan erabakitze eskubidearen alde murgiltzeko gogoa. Zerbait egiteko beharra ikusten nuen, eta ekimen berri hau sortu zenean bat egiteko asmoa azaldu nuen. Une berezia dela uste dut, bake giroan bizi gara..., beraz, zergatik ez? Ez dago inongo arrazoirik ekimen hori ez bultzatzeko.
Urnietan itxura guztiaren arabera indartsu zabiltzate…
J.L. Halaxe da, bai. Elkartu garenak saiatu gara Urnietako gizarte arlo ezberdinak erakartzen. Nik kirol munduan indarrak horretan jarri ditut, ahalik eta ordezkaritza zabalena topatzen. Batzeko garaia da.
Zure esperientziaren arabera, zer nolako harrera izaten ari da ekimena urnietarren artean?
J.L. Ia ezagutzen ez nituen herrikideengana jo nuen, ekimenean parte hartzera gonbidatuz. Euskal Herria nazio gisa ikusi nahiko lukeenari gonbitea egin eta emaitza ona izan da. Aurkezpen argazkian ehun eta berrogei herritar bildu ginen. Garrantzitsua izan zen, izaera eta ideia ezberdinetakoak garelako. Guztiok bat egiten badugu erabakitze eskubidearen alde, etekin positiboa izango da Euskal Herriarentzat eta, batik bat, herri gisa Urnietarentzat etorkizunean harremanetarako edo ekitaldiak antolatzeko lagunduko duelako.
Kataluniako prozesua eredu bilakatu da, nola ikusten duzu zuk hango mugimendua?
J.L. Kataluniako gertaerak Euskal Herriak eskatzen zuenaren ondorengoak dira, haiek ordea, efizientzia hobea erakutsi dute. Denbora tarte txikian lorpen handiagoak eta hobeak lortu dituzte. Indarkeria zantzu gutxiagoren eraginez, han gizarteak aurrea hartu du Espainiatik bereizteko eskaeran. Ziur arlo ekonomikoak ere bere eragina izan duela. Alderdi politikoetatik kanpo, gizarteak hartu du aurrea eta alderdi politiko gehienek, indarra ez galtzearren, ekimen horietara gerturatu dira.
Zure esperientziatik, nola ikusten duzu mugimendua?
J.L. Nik bereziki Urnietako eredua ezagutzen dut. Egia da herrian zer edozer badagoen islada hori antzematen dela. Itxura ona du. Herritarrak ekimenetan parte hartzen ari dira eta lanean ari garenok ekimen berriak ditugu buruan.
Ekainaren 8a, giza-kate erraldoia burutuko den eguna jomugan dugu. Garrantzisua izango da egun hori, baina baita ekainaren 9a ere. Helmuga ez dago ekainaren 8an, hura tarteko helmuga izango da. Etorkizuna irabazi beharra dago.
Ekainaren 8rako erronka handia jarrita dago. Zeu lasterkaria izanik, zer esango genuke, honetan ere maratoi baten aurrean gaudela?
J.L. Urnietan martxa hartu du ekimenak, egia da. Ekimenak ahoz ahokoa izan behar du, zeren eta bestela zaila da hiru hilabeteetan ehunka lagun erakartzea. Ea ahalik eta jende gehien biltzea lortzen dugun, herri mailako festa izan dadila ekainaren 8koa.
Erantzun positiboa izaten ari da. Politikoki, ordezkaritza zabala ekimenarekin bat agertu da…
J.L. Ekimena martxan jarri zenetik argi nuen jeltzaleak, ezker abertzalekoak, ezkertiarrak…, ahalik eta gehienak txertatu beharko genituzkeela. Eta zergatik ez sozialisten artetik prozesua gaizki ikusten ez duten beste batzuk gehiago. Herritarrei dagokionez ere, ahalik eta jende gehiagorengana iristea beharrezkoa da.
Nola erakarriko zenuke ekimena oso gertuko ez duen pertsona bat?
J.L. Ulertu arazi beharko genioke herri gisa eskatzen duguna eskubide bat dela. Independentzia lortzea edo ez lortzea, herritar guztiak kontuan hartutako prozesu baten ondorioa litzateke. Denek egon behar dute bertan, alde daudenak edo aurka daudenak.
Erabakitze prozesuaren aurka edota independentziaren aurka daudenak gonbidatuko nituzke euren eskubideaz baliatzera, balizko galdeketa batean ezezkoa bozkatzeko bada ere.
Urnietan ekimenaren aldeko bilerak noiz izaten dira? Irekia al dago interesa duen edonorentzat?
J.L. Astelehenetan biltzen gara Lekaion, 19:30etan. Bilerak irekiak dira eta edozein herritarrek gurekin lan egin nahiko balu, lana izango du. Gonbitea luzatuta dago.