Nerea Barriola eta Ana Iparragirreren musika liriko emanaldia martxoaren 28an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 13a, 11:10

Villabonako Udaleko kultura sailak antolatuta, musika liriko emanaldia eskainiko dute Ana Iparragirre piano jotzaileak eta Nerea Barriola sopranoak martxoaren 28an, Gurea antzokian, 20:00etan. Sarrera doakoa izango da.

Ana (billabonatarra) eta Nerea (zizurkildarra) ilusio biziz ari dira emanaldia prestatzen Villabonako Kultur Etxean. Atxikitako bideoan, entsegu zati bat ikus daiteke, emanaldian eskainiko dutenaren aurrerapen gisa. Pucciniren 'O mio babbino caro' eta Ch. Gounod-en 'Serenade' obra zatiak, hain zuzen ere.

Entseguko bideoa

Elkarrizketa:

Noiz eta nola ekin zenioten elkarrekin emanaldiak eskaintzeko bideari?
Ana:
Piano eta solfeoko eskolak eman nizkion Nereari Villabonan. Gerora, Eresargi Txiki abesbatzan bera kantuan eta ni piano laguntzaile ari ginela ekin genion elkarrekin entseatzeari: hainbat ezkontzatan aritu ginen batera. Gure lehen kontzertu ‘potoloa’ Villabonan eskaini genuen 2006an. Handik hiru urtera Zizurkilen ere aritu ginen.
Nerea: Geroztik, geldialdia egin genuen. Ni Iruñeara joan bainintzen goi mailako kantu ikasketak egitera eta bertan bizitu bainintzen hainbat urtez. Emanaldiak prestatzeak lan handia eskatzen du. Asko entseatu behar da eta elkarrekin aritu ezin genuenez, etena egin genuen tarte batez. Hala ere, berriro batera hasiak gara.
A.:  Bakoitzak bere aldetik aritu behar izaten dugu lehenengo. Elkarrekin gero, kantuak ikasitakoan.

Zer eskainiko duzue martxoaren amaierako Villabonako emanaldian?
N.:
Batetik, nire karrera amaierako errezitaleko hainbat obra aukeratu eta bion artean emanaldirako moldatu ditugu. Bestetik, gustuko ditugun hainbat kantu ere aukeratu dugu. Lehen zatian abesti ezberdinak eskainiko ditugu: alemanieraz, italiarrez, frantsesez eta euskaraz. Bigarren zatian, berriz, hiru opera aria eta beste hiru zarzuela romanza.
A.: Entzuteko kantu errazak dira. Entzulearentzat ezagunak izango dira asko, ezezagunak beste batzuk, baina politak den-denak. Gogotsu gaude, nahiz eta herrian bertan aritzeak errespetua ematen duen beti. 2006ko emanaldian gustura aritu ginen herrian, baina urteotako esperientziak lagunduta, martxoko saioan errazago arituko garela uste dut.

Zer nolako osasun du egun musika lirikoak?
N.:
Azken urteotan, krisiaren eraginez okertzen ari da egoera. Lehen abesbatzen bidez, esaterako, sustatzen zen zertxobait, baina azken urteotan apenas antolatzen den musika lirikoaren emanaldirik. Hori hiriburuak kontuan hartuta; herri txikiagoetan musika lirikoa batere lantzen ez dela esan baitaiteke.
Eta entzuleak, zein jarrera erakusten du musika lirikoarekiko?
N.: Emanaldietara etortzen dena gustura ateratzen da. Hala ere, adinak zeresan handia du; jende gazte askok ez du musika lirikoa ezagutzen, gazteen artean ez baita alderdi hori batere bultzatzen. Musikari ez zaio beharko lukeen lekua ematen hezkuntzan.
A.: Ikastetxeetan, oro har, ez da musika irakurtzen erakusten. Ikastetxeetatik kanpora ikasi behar izaten da ikasgai hori gehienetan.  

Ana Iparragirre
piano-jotzailea

“Musikari nahiz kantariek aurrera egiteko, beti ikasten eta formatzen jarraitu behar dugu”

Zortzi urte zituela, teklatu txiki bat oparitu zioten Anari gurasoek, geroztik gogoz eutsi zion pianoa jotzen ikasteari. “Belarri ona nuen eta txikitan ikasitako kantuak nire kabuz jotzen saiatzen nintzen teklatu txiki haren laguntzaz”, adierazi du. 11 urte zituela, Tolosan hasi zen solfeoa nahiz pianoa jotzen ikasten, Mertxe Zeberiorekin. “Tolosan bertan, Myriam Telleria eta Borja Robiños piano-jotzaileek eskainitako emanaldia ikusi nuenean, argi ikusi nuen bide horri jarraitu nahi niola”. Mertxerekin amaitu eta gero, Tolosako kontserbatorioan jarraitu zuen eta han maila ertaina amaituta, Donostiako kontserbatoriora jo zuen pianoko goi maila ikastera. “10 urte pasatxo behar dira pianoko karrera eskuratzeko. Lan luzea eta lotua da, egunero ikasi eta praktikatu behar baita”. Pianoko ikasketak amaituta, Amasa-Villabonako Loatzo musika eskolan hasi zen lanean 1998an, gaztetxoei pianoa jotzen erakusten. Gerora hamaika ordezkapen egin du han eta hemen. “Villabonan, Errenterian, Donostian edota Hernanin aritu naiz, besteak beste. Azken aldian Urnietan ari naiz lanean, urnietar gaztetxoekin. Gustuko lana dut, adinaren nahiz ikasgaiaren arabera moldatu behar baitira saioak. Erakusteaz gain, beraz, niri ere ikasten jarraitzeko aukera ematen dit nire lanak”. Irakasle lanarekin batera, hainbat kantariren piano laguntzaile izan da Ana, emanaldi ezberdinetan, “Nerea Barriola noski, eta beste hainbat kantari lagundu izan dut: Helena Orcoyen, Marife Nogales edota Haizea Muñoz, besteren artean”. Bestalde, hainbat abesbatzarekin ere jotzen du pianoa, “Amasa-Villabonako Eresargi abesbatzan hasi nintzen, helduen nahiz gaztetxoen taldeetan. Gerora, Tolosako Hodei-truk, Hodeiertz, Tolosako orfeoia, Laskurain abesbatza edota Donostiako Lirika Itsaso taldeekin ere aritu naiz lanean. Egun, Villabonako helduen Eresargi abesbatzarekin jarraitzen dut”.  
Musikari nahiz kantariek aurrera egiteko, beti ikasten eta formatzen jarraitu behar dutela uste du Anak. Hori dela eta irakasle on baten bila aritu zen eta Bilbora joaten da egun, Ruben Fernandezengana, “oso kantari famatuen piano jotzailea da Ruben: Ainhoa Arteta edota Maria Bayorena, besteak beste. Musika-tresnak baino, pianoarekin kantariak laguntzea gustatzen zait niri gehien. Ondorioz, nire lana ondo bideratzeko, norbaitek entzutea komenigarria dela uste dut eta Ruben lan horretan ere aritzen denez, beragana joaten naiz eskolak hartzera. Izan ere, asko ezagutzen ditu obra lirikoak eta niretzat oso lagungarriak dira bere iritziak”.

Nerea Barriola
sopranoa

“Musika zaletasuna ez ezik, lanbidea ere badela ohartu beharko luke jende askok oraindik ere”

Sei urte zituela hasi zen Nerea solfeoa eta pianoa jotzen ikasten Isabel Izquierdorekin. Ana Iparragirrerekin jarraitu zuen gero Villabonan, Loatzo musika eskolan. Nereak, ordea, argi zuen txikitatik pianoa baino abestea gustatzen zitzaiola berari, “umea nintzela, heldutan zer izan nahi nuen galdetzen zidatenean, abeslaria erantzuten nuen nik”. Pianoa utzi eta solfeoa ikasten jarraitu zuen Anarekin. Gerora Donostiako kontserbatorioan erdi mailako ikasketak egin zituen, “Inmaculada Martinezekin amaitu nituen erdi mailako ikasketak eta berak prestatu ninduen goi mailako froga egin eta Iruñeako kontserbatorioan sartzeko. Han lau urtez aritu naiz Paloma Perez Iñigorekin ikasten. Azken urtea dut aurtengoa, Mari Karmen Arbizurekin”.
Eresargi abesbatzako gaztetxoen taldean ekin zion Nereak abesteari, baina Donostiako kontserbatorioan hasi aurretik, Marife Nogales kantariarekin ere aritu zen, “hark kantu lirikorako dohainak nituela esaten zidan eta ondo formatuko nintzen lekuren batean hastea erabaki nuen”. Kantuari lotzea erabaki zaila izan zela azaldu du Nereak, “asko kosta zitzaidan musika ikasketak aukeratzea, izan ere beste hainbat ikasketa ere gustuko bainuen eta ondo moldatzen bainintzen gainera”. Era berean, norberaren zaletasuna lan bihurtzea gogorra dela uste du kantariak, “askok ez baitu egiten duzuna behar bezala baloratzen. Lan handia eta izugarrizko saiakera egitea egokitzen zaigun arren, askorentzat denbora-pasa ibiltzen gara. Musika zaletasuna ez ezik, lanbidea ere badela ohartu beharko luke jende askok oraindik ere”.
Besteak beste, abesbatza semi-profesionaletan edota abeslari profesionalaren ordezko lekuan abestu du dagoeneko Nereak, “opera ezberdinetatik ere deitu izan zidaten lehen. Batean eta bestean lan ezberdinak egiten izan nituen, baina orain ez dago horretarako aukera handirik. Azken boladan lan gutxi izan dut. Ezkontzetan abesteko ere gero eta gutxiago deitzen gaituzte, hiletetatik gehiago… Hilaren 22an despedida batean abestuko dut estrainekoz, Anaren laguntzarekin”, adierazi du. Egoera zaila izanagatik, egun ere abeslari izatea da bere ametsa, “oso zaila da abeslari izatea, kanpora joan ezean bederen. Baina kanpoan kantuan ibiltzeko giro hori zertxobait ezagutzea egokitu zitzaidan eta ez ninduen guztiz bete, lanari lotuta soilik bizitzen baitzara. Ni herriak asko betetzen nau eta musikarekiko interesa duten gaztetxoei eskolak eman eta kontzertuak eskainiz bertan bizitzea gustatuko litzaidake”.

Udalari eskerrak
Ana eta Nereak eskerrak eman nahi dizkiote Villabonako Udalari, Kultur Etxean entseatzeko lekua uzteagatik. “Gure eguneroko arazoa da entseatzeko lekua topatzea. Biok batera etxean entseatzea zaila da eta zer esanik ez bizilagunei begira. Eskertzekoa da, beraz, Udalak Kultur Etxean uzten digun gela eskura izatea. Ostiraletan entseatzen dugu normalean; emanaldien aurretik maizago, noski”, azaldu dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!