Emarock argazki-erakusketa ikusgai dago Lekaion

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 12a, 19:41

Larunbat honetan Lekaion argazki-erakusketa antolatu duen Emarock kolektiboak izen bereko dokumentala eskainiko du, musika munduan murgilduta dauden dozenaka emakumeren parte hartzearekin. Dokumentala eta gero, Hesian taldeko Zuriñe eta Fran kantariek emanaldi akustikoa eskainiko dute. Feminismoa eta rock musika larunbat honetan Urnietan.

Igande gauean Emarock kolektiboak gonbitea zabaldu zuen lau haizeetara, Facebook bidez: “Hurrengo larunbatean, martxoak 15, Urnietan ikusi nahi zaituztegu. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera Saroben Emarock dokumentalaren emanaldia ikusi eta Zuriñe eta Fran Hesian taldeko kideen kontzertu akustikoaz disfrutatzeko aukera izango duzue. Dohainik eta publiko guztientzat irekita. Ez galdu! Bitartean, Lekaio kultur etxean jarrita daukagun erakusketarekin disfrutatu, ia bertan agertzen diren emakume musikarietatik zenbat ezagutzen dituzuen”.
Emarock kolektibo bat bada ere, haren arima Saioa “Gauilunak” gazte bizkaitarra da. Aspaldi hasi zen zuzeneko emanaldien argazkiak ateratzen Euskal Herri osoan zehar eta dagoeneko ia musikari gehienek ezagutzen dutela esan daiteke. Denborarekin argazki galeria oparoa osatu du, eta horien guztien artean lagin bat hilabete honetan Urnietan ikusgai izango da.
Bizpahiru urte atzera, argazki erakusketa baten prestaketan ari zela, emakumeen argazki soilez osatutako erakusketa osatzeko adina material bazuela ohartu zen. Hainbat lagunen laguntzarekin hasierako ideia hori gorpuztuz joan zen Emarock izeneko proiektua bilakatu arte. Euren webgunean horrela definitzen dute beren burua: “Emarock proiektu bat da, Euskal Herrian batez ere, musikan aritzen diren emakumei protagonismo eta espazio bat ematea helburu duena. Hala nola, emakumeak musikaren esparru hori jorratzera, eszenatoki baten gainean bada askoz hobe”.
Eta ez bakarrik kantari lanetan aritzeko. Emarock egitasmoa lantzera eraman zuen egileak aitortzen duenez, “argazkiak begiratu eta bertan agertzen ziren denak abeslariak zirela konturatu eta hor hasi zitzaizkidan lehenengo galderak: Ez al dago emakume gitarrajolerik Euskal Herrian? Eta bateriajolerik? Eta soilik neskez osatutako talderik? Edo akaso ez diet nik argazkirik atera?”. Galderak taldera eraman eta hor abiatu zen Emarock, Euskal Herri osoko musikazaleen laguntzarekin.
Argazkietara hainbat eta hainbat emakume ekarri dituzte, horietako batzuk aski ezagunak. Hala nola, Zea Mays taldeko Aiora Renteria, Anari Alberdi edota Kokein eta Hesian taldeko kantari Zaloa Urain eta Zuriñe Hidalgo. Beste batzuk, aldiz, musikagintzan ibilbidea egiten hasi dira: Lore Nekane (Belako), Idoia Arraiza (Gaur ez), Miren Narbaiza (Napoka Iria). Denek dute tokia Emarock argazki erakusketan.

Argazkietatik
dokumentalera
Taldean beti ere lanak aurrera ateratzeko kemena biderkatzen delako edo, irudiekin konformatu ez eta ikus-entzunezkoa lantzera ausartu ziren. Izen bereko dokumentala ekoiztu zuten, hura ere Urnietan ikusi ahal izango dena. Amatasunaz, agertoki gaineko jarreraz, emakume izateak eragin ditzakeen zailtasunez, emakume musikariari eskatzen zaion irudiaz, sentimenduez, kontserbatoriotik oholtza gainerako jauziaz... hainbat gairi buruz hitz egiten dute Emarock dokumentalean agertzen diren emakumeek. Horra, askoren artean hainbat pasarte:

Ixiar Oreja, Maixa eta Ixiar:
"Ez gaude ohituta emakumeak hain iniziatiba handia izatera. Gizonezkoen artean, gaztetxotan, nahiko natural ikusten dugu oilar puntu hori izatea, baina emakumeengan ez da hain ohikoa".

Miren Narbaiza, Napoka Iria:
"Mutil batek egin ahal badu, guk ere bai. Kontua da betikoa, emakumea bere liberazio prozesu horretan, oraindik ez dela liberatu. Umea zaindu, lana egin eta gero kontzertua eskainiko du. Beste sakrifizio bat da, baina nahi badu, egingo du".

Naroa Gaintza, Amaiur:
"Gure lana da bideak zabaltzea, gu hemen egon gara, kantatu izan dugu, jarrera bat izan dugu, eta espero dugu hurrengo belaunaldietarako erreferente bat izatea. Berak egin badu, nik ere egin dezaket. Horrela zabaltzen da bidea, eta espero dut gero eta parekatuago, eta neska gehiago egotea".

Amaia Zubiria:
“Oholtzaren gainean garai batean baino emakume gehiago ikusten da, eta horrek asko pozten nau. Estilo aniztasun handia dago gainera, rockean ari dira, folkean, klasikoan... nortasun handiko emakumeak ari dira musikagintzan. Eta entzule oso heterogeneoa dago”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!