Emakumearen aldeko ekitaldi ederra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 12a, 19:40

Aniztasuna, alaitasuna eta esker ona batu ziren “martxoak 8, zortzi emakume” izeneko ekitaldi jendetsuan, Andoaingo kaleetan barrena. Poza eta hunkimena, bi sentimenduak nabari zitzaizkien herriko elkarte eta herritarrek aurten izendatu dituzten emakumeei. Ez da gutxigorako, langileak eta eskuzabalak izateagatik jaso baitituzte herritarren miresmen eta txaloak.

Argazkiak | Bideoa

Kronika:

Olinda Monteiro izan zen lehena lekukoa hartzen Basteroko plazan. “Emakume dotorea da eta sekula galtzen ez duen irribarrea darama ezpainetan” adierazi zuten bera aipatuz. 1976an Cabo Verdetik heldu eta arrotza zuen herri batean bi alaba aurrera ateratzeaz gain, Andoainen familia handitu egin zaiola azpimarratu zuten, “etxeko zaintzan aritzen da, eta bere etxekoak bihurtu ditu bere aiton-amona guztiak”.
Arantzazu Mujika eta Ariane Kamio bikoteak eta Olaia bien haurrak, hartu zuten Olindaren eskutik lekukoa, Eskola Kalean. Familia eredu berri eta aske baten eredutzat hartu dute hirukotea. “Naturaltasunez sortu dute euren familia eta hala bizi dute egonerokoan”. Gogoratu zuten, besteak beste, aniztasuna ez dela “soilik errespetatu beharreko balioa, aberasten gaituena baizik”.
Maria Luisa Gabirondo segalaria zeukaten zain hirurek ere, Txistokiko pasealekuan. Herrian batez ere tabernari bezala ezagutu arren, nazioarteko txapelketatan goi mailan ibili den segalaria dela azpimarratu zuten. Berak egunotan gogora ekarri duen bezala, “segalari emakumeak estimatuagoak dira Euskal Herritik kanpo bertan baino”.
Toñi Abello Stop Kaleratzeak elkarteko kideak bereganatu zuen guztien arreta ondoren, Gabirondori lekukoa kiroldegiko parean hartu eta gero. Ahaleginak eta bi egiten ditu lanbidez postaria den emakume honek, etxe desjabetzeen biktimei laguntzeko.
Zubiaurre etxearen parean, mostradore atzean lan franko egin izan duten emakumeentzako tartea gorde zen. Bertan elkartu ziren Ana Iribarren, gozo-dendan eta Mertxe Saldias arrandegian jardundako emakumeak; Ernaitza liburudendako Mari Kruz eta Ines Lekuona ahizpak ere izendatuta egon arren, ezin izan zuten agertu osasun arrazoiak zirela medio. Guztiak ahotan hartuta, zera azpimarratu zuten: “Legatzak, liburuak, arkatzak nahiz gozokiak saltzen dituzten horiek topaleku, bilgune eta konfesionario bihurtu” izan direla Andoaingo herritarrentzat, emakume horien gozotasunari esker.     
Ana Fernandez Andoaingo anbulategiko emagina izan zen kalejira jendetsuaren esker ona jaso zuena, dendarien ondoren. Emagin gisa egindako lana goraipatu zuten: “30 urte inguru anbulategiko bere kontsultan, negar eta barre asko egin izan da, eta bihotzean gelditu zaizkio gurasoek eta euren haur jaio berriek bizitako istorio pertsonal guztiak”.   
Orain gutxi harategia utzita erretiroa hartu duen Maria Luisa Etxeberria izan zen zazpigarren omendua; Basteroko plazaren parean hartu zuen lekukoa. Bere harategian txuletak eta sahieskiez gain, “barre algarak saltzen ere jakin izan duen” emakumetzat jo zuten. Ez zuten ahaztu Euskalduna mendigoizale taldeko bultzatzaile nekagaitza izan dela urtetan, “gizonezkoen esparruan aritu da etsi gabe”.
Azkenik, nekazaritza euren bizimodu izatea aukeratu duten emakumeak goraipatu nahi izan zituzten. Ia 60 urtez San Martingo plazan generoa saltzen aritu den Anttoni Aierbek eta Aspilla baserriko Amaia Arsuaga gazteak hartu zuten protagonismoa. Azken honen ahizpa Nerea ere izendatua zuten, baina ezin izan zuen azaldu. Albiste ezin pozgarriagoa heldu zitzaien kale-jirako partaideei orduantxe bertan: “Nereak haurra eduki berri du ospitalean!”.
Goikoplazan amaitu zen kalejira, adin guztietako parte hartzaileez osatua eta Gora Kale Txiki txaranga atzetik zuela giroa ederki berotuz. Bertan, ekitalditxoa egin zen, eta besteak beste, Aita Larramendi Ikastola, La Salle-Berrozpe eta Ondarretako ikasleek eta Lorratzak taldeko kideak abestiak eskaini zizkieten ikus-entzuleei.
Horrelaxe eman zitzaion akabera “martxoak 8, zortzi emakume” ekitaldiari. Azken urteetan Andoainen sortu den ekimenik diztiratsu eta eta hunkigarriena, askoren ustez.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!