"Martxoak 8 emakume" kalejirako hainbat protagonista

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 10a, 10:03

Hirugarren urtez jarraian, martxoaren 8an festa giroko kalejira egin zuten urte luzez emakumeek itzalpean egindako lana balioan jartzeko. “Pausoz pauso” izenez ezagutzen den kalejiran nabarmendu zituzten emakume horietako batzuk Aiurri astekarian elkarrizketatu ditugu:

Mari Kruz eta Ines Lekuona dendariak

Mari Kruz eta Ines Lekuona ahizpak liburu artean ezagutu dituzte andoaindar gehienek. Saltzaileak izateaz gain, beti izan dira solaskide gozoak, harrera ona eginez liburu-dendara sartu den edonori.

Abaltzizketan jaio ziren biak; 1932an Mari Kruz, bi urte geroago Ines. Aita (Antonio) bertakoa zuten; ama (Josefa Antonia), berriz, andoaindarra; Goiburu auzoko Oxtape baserriko alaba hain zuzen. Inesek dioenez “Aitak Tolosako Udalaren zentralean egin zuen lan, eta amak taberna zeukan Abaltzizketan bertan”.
Haurtzaro eta gaztaroa bertan egin bazuten ere, maiz egoten ziren Oxtapen. “Baserrian ez zegoen umerik, eta oso ondo hartzen gintuzten”. Batez ere astegunetan etortzen ziren Andoainera, Donostiarako bidea hartzen zuen esnezalearekin batera.
Azkenean, Andoainen jarri ziren bizitzen biak. Mari Kruz, Pako Plazaolarekin ezkondu zen. Oso gaztetan geratu zen alargun, hala ere. “Kamiolaria zen, jatorra, saiatua lanean. Istripua izan zuen, ez zen erabat sendatu eta handik urte batzuetara hil zen; Garikoitz semeak bost urte zituen orduan”.
Gizonaren ideia izan zen Ernaitza liburu-denda irekitzea, 1976an. “Berak susmatzen zuen gazte hilko zela, eta beti edukitzen zuen kezka gure etorkizunarekin. Bi ahizpen artean aterako duzue aurrera liburu-denda, adierazten zuen”.  Ernaitza izenak, badu bere zergatia, Inesek adierazi duen bezala: “Abaltzizketatik Nafarrorantz, Enirio bidean zegoen azken Bentaren izena zen Ernaitza; gure aitaren arreba bat bertan bizi zen”.

Liburu-dendan, makina bat ordu
1976az geroztik jende mordoa ezagutu izana da lanbidea eramangarri egiten duen arrazoietako bat, Mari Kruzen iritziz. “Gurasoak, eta horien seme-alabak pasatzen dira gure dendatik; bilobek ere laster ikasten dute gurerako bidea. Zenbat zahartu garen pentsa arazten dizu horrek batetik, baina bestetik, pozgarria dela iruditzen zaizu, bezero fidelak izan ditugula beti esan nahi baitu horrek”. “Eskerrak jende ona topatu izan dugun beti, horri esker egin dugu aurrera!” gaineratu du Inesek, ondotik.
Liburu-denda jendearen topaleku izaten dela ere ez da ahaztu behar. “Kontuak aditzen ditugu eta kontuak esaten”, dio Inesek. “Konfesionarioa bihurtzen da maiz”, gaineratu du Mari Kruzek.
Unerik txarrenak zein izan diren galdetuta, bi egoera aipatu dituzte batez ere: uholdeez gain, lapurretak. “Ikusi izan dugu bakarren bat aldizkari bat larruzko txamarrean sartzen, edo iheska ateratzea dendatik: horiei aurre egitea, oso gogorra egin zaigu. Nik behin, horrelako trantzea eduki eta komunera joan behar izan nuen negar egitera”.
Aspaldi jubilatu ziren biak, baina dendatik erretiratu gabe segitzen dute, Garikoitzi ordu bakar batzuetan laguntzeko lain, “oso gauza ona da zrbaitetara dedikatzea, burua lanean edukitzea. Etxean sartuta panpin baten moduan egongo ginateke”.
Martxoaren zortziko ekitaldirako biak izendatu izanak asko poztu diela aitortu dute. Hala ere, penatuta daude ezingo dutelako azaldu kalean burutuko den ekitaldira. “Arnasa hartzeko arazoak dauzkat eta zailtasunak edukitzen ditut etxetik dendara hurbiltzeko ere” dio Inesek. Mari Kruzek ere erorikoa izan zuen orain gutxi, eta segurantzarik gabe ibiltzen da oinez. Oztopoak oztopo, antolatzaileei esker ona adierazi nahi diete: “benetan eskerrak eman nahi dizkiegu, gurekin gogoratu direlako”. 

 

Anita Iribarren dendaria

Ana Mari Iribarren Anita ezizenez ezagutu dute herrikideek, 1979an gozotegia irekitzea erabaki zuenetik. Gozoek eragindako pozaren banatzaile izan da, negozioa alabaren esku utzi duen arte.
 

Ezustean harrapatu du martxoaren zortziko ekitaldirako bera izendatuetako bat izatea, “nire mundu txiki honetatik ez naiz atera sekula, eta ez dakit nirekin gogoratzeko zer baloratu ote duten, zer nolako merezimenduak egin ote ditudan. Eskerrak emango ditut larunbateko kalejira horretan parte hartuz. Ez dut uste urduri jarriko naizenik”.
Beharbada bere lau seme-alabek argiago dituzte aipamen publikoa egin izanaren arrazoiak. Halaxe gogoratu digu Jaione Bitoria alabak: “guk ondo dakigu gure amak zenbat lan egin duen bere bizitza osoan. Iruditzen zaigu bera nabarmendu dutenean, belaunaldi oso baten ordezkari gisa hartu nahi izan dutela; alegia, dena sakrifikatu dutenak familiaren mesedetan, bateragarri eginez etxeko eta dendako zereginak”.
Ana Mari, Irurtzun baino lehen dagoen Imotz bailarako Oskotz herrian jaio zen 1936an, “sortu eta berehala piztu zen gerra” ironiaz gogoratzen du berak. Baserritarrak zituen gurasoak, eta Maitonea izeneko familiaren baserrira joan ziren bizitzera Martin Bitoria bere senarra eta biak 1959an ezkondu eta gero. “Bi urte eskas egin genituen bertan. Nonalahi ere, paraje haietan gu bezalako gazteek ez zeukaten bizimodua ateratzeko biderik, eta kanpora atera behar izan genuen beste askoren antzera”.
Bikotea 1961ean Andoainera etorri zen, Martinek bertan lana egiteko modua topatu zuenean. Herriko etxeetan jarri ziren bizitzen, eta Ana Marik bertan eduki zituen hiru seme eta alaba bakarra. 1979an erabaki zuen gozotegia irekitzea, Rikardo Arregi kalean lokala erosita. Ez zen konformatu bere belaunaldiko ama gehienen patura makurtzera, etxeko lanak eta seme-alaben zaintzara. “Sei kideko familia aurrera ateratzeko beharrak bultzatu ninduen abentura honetan sartzera; ez nolanahiko abentura”.
Lehebiziko sei urteak izan zirela latzenak, aitortu du Anitak. “Seme batek –Juan Fermin– laguntzen zidan dendan, baina egundokoa izan zen eguneroko martxa. Momentu bakar batean aulkian esertzeko denborarik hartu gabe ibiltzen nintzen. Eguerdiko bazkaritan ere, potajeko bi koilarakada ahoan hartuta ibiltzen nintzen zeregin bat edo beste eskutan hartuta. Niretzat berdinak ziren aste egunak eta asteburuak!”.
Dedikazio horren adierazgarri da gozotegiak hasieratik jarrita daukan araua: urtean zehar, bakar-bakarrik abuztuaren 15eko arratsaldean jaisten da pertsiana. Horrela izan da amarekin, eta horrela jarraitzen du alabarekin.

Bezeroak, bere lagunak
Bizimodu mugatu horrek bizitza sozialari lotutako atsekabea eragin dio, batik bat: “Kafea hartzeko adiskiderik ezin izan dut egin Andoainen bizi naizenetik”. Kontsolamendu bakarra geratzen zaio, hala ere: “belaunaldi ezberdineko bezeroak ezagutu ditut, eta horiekin makina bat gairen inguruan berriketa egiteko aukera eduki dut, helduekin bezala haurrekin”.
Orain hiru bat urte hartu zuen erretiroa eta orain patsadan bizi da Ana Mari, aspaldiko partez. “Erlojuarekin borrokan ibili beharrik ez! Hori da aldaketarik nabarmenena gaur egun. Bazkaldu ostean sofan eserita egotea  zer den, oraintxe ari naiz deskubritzen!”.    

 

Anttoni Aierbe 

Kasta gogorrekoa dela aitortzen du Anttonik, ez zaio arrazoirik falta: ia 60 urtez etxean barazkiak landu eta San Martingo merkatura egunero joateaz batera, sei seme-alabeko familia atera du aurrera.

Aierbe etxean jaio zen 1930ean, eta 84 urte beteko ditu apirilean. “Gurasoak Biktor Aierbe eta Maria Berakoetxea ziren; aita bertakoa, eta ama, berriz, Lakatxe baserriko alaba. Hiru senide izan ginen: Patxi, Maria eta hirurok. Egun Plazaola kalea den inguru horretan lur sail zabala zeukan familiak, eta barazkira dedikatzen zen; ama, San Martingo merkatura joaten zen egunero generoa saltzera”.
Ikasle garaiko oso oroitzapen onak dauzka, “Moja Jesuitinekin ikasi nuen, Argentina jauregian zeukaten ikastetxean. Nahiko ondo moldatu nintzen mojekin, batez ere matematiketan eta kristau ikasbidean nabarmentzen nintzen”. Behin hamalau urte beteta eskola kontuak utzi eta nekazaritzari lotutako lanbideari heldu zion, etxeko martxari jarraipena emanez.
Kasik 60 urtez, igandea ez gainerako egunetan joan zen Donostiara, azelgak, azenarioak, porruak edota borrajak saskietan hartuta. “Goizeko 06:00etarako hartzen nuen tranbia. Goiz partea Donostian salmentan pasa eta 14:30etan itzultzen nintzen etxera. Arratsaldean, baratzeko generoaren garbiketa egokitzen zen, hurrengo egunerako dena prest edukitzeko”.
Eguneroko joan-etorri horrek makina bat pasadizo eragin zion Anttoniri. “Tranbiak ezkutatu zirenean, TSST bus linean jarraitu nuen. Generoa, lehenbizi erremolkean edo atzeko plataforman eramaten nuen. Gidariekin baneukan konfiantza, eta zamalanetan laguntzen zidaten; gainera, bidaia horretan beti topatzen nintzen esertzeko lekua gordetzen zidaten bi gizonekin”.
Tolosan ezagutu zuen Antonio Landa errezildarra; harekin Aierbe etxera ezkondu eta sei seme-alaba eduki zituzten. Familia ugaria aurrera eraman beharra eta eguneroko nekazariaren zeregina, bi arloak bateragarri egiteko gaitasuna eduki du Anttonik betidanik. “Ederki kostata!” dio berak. “Umeak oraindik lo zeudela abiatzen nintzen etxetik; zaharrenak senarrak bidaltzen zituen eskolara; txikienak, berriz, Joxepainaxi Urangak hartzen zituen bere etxean zaintzeko.
Gauez denak oheratu, eta etxeko lanei ekiten nien. Goizeko 02:00etan oheratu bai maiz! Erabat errendituta hurrengo goizean, zenbat alditan ez ote nuen lo kuluxka egin tranbian nindoala!”.

Segitzeko prest!
2003an hartu zuen erretiroa, 73 urterekin. “Gustura jarraituko nukeen, baina merkatua itxi egin zuten, eraikuntza goitik behera berritzeko asmoz. Berriz ere helduko nioke bizimodu hari; gogoa soberan daukat, fakultateak dira falta zaizkit akaso!”.
Gogo hori nondik irteten zaion galdetuz gero, segituan erantzuten du irribarrea ezin ezkutaturik: “ni pozik bizi nintzen zikulusaltsa hartan. San Martingo merkatua bigarren eskola izan da niretzat, bezeroekin makina bat berriketa egiteko parada eduki baitut. Donostiako familia aberatsen neskame ugari ezagutu izan dut, eta horiekin, esate baterako, sukaldean jakiak modu askotara nola prestatu ikasi dut”.
Egundoko ilusioa egin dio emakume izendatuetako bat izatea, martxoaren zortziko ekitaldien inguruan. “Seme txikienak lehengoan esan zidan Andoainen baten batek merezi bazuen, horixe ni nintzela. Emakume mordoa dago nirearen antzeko bizipenak konta ditzakeena, baina tira! Testigua Goikoplazarako bidean eramateko esan didate, eta ahal dudana egingo dut. Nire belaunak errazago moldatzen dira aldapan gora!”.

 

Olinda Monteiro

Cabo Verdetik Andoainera etorri zen  1976an. Esker oneko azaldu da beti herrikideekin, lehen egunetik erakutsi izan dioten begiruneagatik. Larunbatekoagatik, berriz, pozez ezin kabiturik dabil. 

Nire alaba Rosi birus batek hilzorian utzi zuenean, harrigarria izan zen nola erantzun zigun Andoaingo jendeak: deiak, bisitak… Gure familia izugarri maite zuela sentitu nuen orduan, eta orain, larunbateko ekitaldiko protagonistatako bat izatera gonbidatu nautela eta, berritu egin zait sentimendu hura”.
Diskrezioa izan da bere ezaugarrietako bat betidanik, eta ez dago oso eroso larunbateko ekitaldiari begira: “ez dut gogoko inoren arreta nireganatzea. Gainera, jakitun naiz Andoainen emakume mordoa dagoela izendapena nik bezainbat merezi duena. Niri egokitu zait oraingoan, eta ezin dut ezkutatu zein pozik nagoen”.
Gogoratu behar da berak bakarrik bi alabak aurrera ateratzen egin duen ahaleginagatik nabarmendu nahi izan dutela emakumearen egunaren harira.
Egia esateko, bizitzaren joan-etorriak ez dizkio gauzak erraztu Olinda Monteirori. Cabo Verden jaio arren, Sao Tome eta Printzen igaro zuen bere haurtzaro eta gaztaro gehiena, gurasoekin batera. Txiripa hutsak ekarri zuen Andoainera. “Nire senarra elektrizista zen orduan, eta bere lantokiak Donostiara bidali zuten. Inguruko herrietara begira jarri, eta Andoainen topatu genuen itxurazko bizitokia! Hori 1976an izan zen. Harrezkero, erabat andoaindar sentitu gara Rosi eta Isabel nire bi alabak eta hirurok. Hemen egin ditudan lagunak, ahizpatzat dauzkat denak”.

PERTSONA helduen zaintzaile
Andoainen, batik bat, Olindaren gizatasunaz eta samurtasunaz gozatzeko aukera  jende helduak dauka. Etxean ezinduta bizi diren adin nagusikoak zaintzen ditu. “Une honetan, hamar-hamaika persona zainduko ditut. Ohetik altxatzen eta janzten laguntzen diet, bazkaria prestatzen… Premiazko laguntza behar dute, baina aldi berean, hizketan egiteko ondoan edukiko duten pertsona bat behar izaten dute. Nongoa naizen, zein den nire kultura galdetzen didate, eta kontu zaharrak ere kontatzen dizkidate (gerra, haurtzaroa…). Nire lanbidea da, baina aldi berean, gogoko dut entzutea”.
Adineko jendeari errespetua erakustea bere jaioterriko kulturaren printzipioetako bat dela zehaztu du Olindak. “Han sakratutzat hartzen da jende heldua; miresmena zor zaie eta euren hitza aintzat hartzen da”. Horixe da, agian, hango eta hemengo kulturen arteko ezberdintasunik nabarmenetakoa. “Hemen, maiz ohartzen naiz seme-alabak eta bilobek ez dituztela etxeko zaharrak behar hainbat maitatzen eta estimatzen. Bi alabak errespetu horretan hezi nituen, baina orain ohartuta nago, eta pixka bat penatuta, gure jatorrikotik baino nire biloba mendebaldeko heziketatik gehiago ari dela jasotzen”. 
Pazientzia edukitzea eta maitasuna transmititzea dira bere lanbideak eskatzen dituen doainik preziatuenak: “Olinda, zu etortzen zarenean bakea sartzen da etxe honetan, esaten
didate askok. Nik ere izaten ditut kezkak, haserreak, umore txarra… Nolanahi ere, niretzat gordetzen saiatzen naiz”.
Nahi eta nahiez, harreman estua sortzen da euren artean. “Kariñoa hartzen diezu azkenean. Ez zara iritsiko familiar zuzen batek sentitzen duen horretara, baina berez sortzen den harreman afektiboari ezin diozu muzin egin”.
Olindari maizegi egokitu izan zaio heriotza gertutik bizitzea. “Ikastaroren bat egin izan dugu, eta hor esaten zaigu garrantzitsua dela psikologikoki prestatzea. Teoria ondo dago, baina egun samin hori iristen denean, une txarrak igarotzen dira”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!