Frankismoa Amasa-Villabonan. Iraganera hurbilpen bat, etorkizuna eraikitzeko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 6a, 09:57

Villabonako Udalak eta Aritza kultur elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, ‘Frankismoa Amasa-Villabonan. Iraganera hurbilpen bat, etorkizuna eraikitzeko’ erakusketa zabalduko dute martxoaren 14tik 28ra. Indar handiko erakusketa, ordu asko eskainitako lan isilaren emaitza interesgarria.

Esti Amenabarro Aritza kultur elkarteko kideak, Karlos Almortza eta Pello Aranburu taldekideekin batera, iraganeko gertaera ilun eta kasu askotan estaliak egunera ekartzeko ahalegin bizia egin du. Nora Urbizu, euskara eta kultur zinegotziak gertutik jarraitu du lana, babesa nahiz laguntza eskainiz. Ondorengo lerroetan ederki laburbildu dute erakusketaren arrazoia, “Gerra Zibilak (1936-1939) errepresio gogorra ekarri zuen Amasa-Villabonara ere. Baina errepresio horri, ahaztura gehitu behar zaio. Gerra Zibilean latzak jasan eta gero, 78 urtetan ahaztuak izan baitira gerra hura galdu zutenak. Erakusketa honek ahazturatik atera eta herri bezala aurrera egiteko arnasa eskaini nahi du. Horretarako, garrantzitsua da gertatu zena jakitea. Gure aurrekoek bizi izan zutena ezagutzeak, aurrera begirako norabidea egokiago ulertzen laguntzen baitigu”.
Iazko neguan plazaratu zuen Aritza kultur elkarteak bere lehen lana: ‘Frankismoaren aztarnak arakatzen’ liburua, hain zuzen. Liburu hura berezia izan zen Aritzako kideentzat, “perspektiba historikotik inolako interpretaziorik egiten hasi ez ginelako. Jasotako dokumentazio guztiaren artean aukeraketa egin ostean, dokumentua bera argitaratu genuen hainbat azalpenekin, bakoitzak bere ondorioak atera zitzan”. Euren bidea Euskal Memoriako kideak taldekideekin harremanetan jarri zirenean hasi zen, “Memoria historikoak testuinguru politiko honetan zuen garrantziaz jabetu ginenean. Euskal Memoriako nahiz Aranzadi elkarteko kideek Amasa-Villabonan gorputz zientifikoa izango lukeen ikerketa lanik egiteko zein aukera zegoen galdetu ziguten. Artxibotik jasotako emaitza erakutsi genuenean aurrera egiteko laguntza eskaini zigun Gipuzkoako Foru Aldundiak nahiz Villabonako Udalak”. Lehenengo liburua kronika liburua bazen, bigarren liburua (abendu aldera plazaratuko dena) azterketa historikoa izango da, gertaeren zergatiak azalduko dituena. “Amasa-Villabonan ez zen bi fronteen arteko kalez kaleko borrokarik izan, baina erresistentziarako jarrera irmoa azaldu zuten herritarrek. Gerora, historia garaikideko gertaerek iraganeko islada dutelako, oso garrantzitsua iruditzen zaigu azterketa hori egitea. Izan ere gerrak bi zati baititu: gerra bera batetik eta bizikidetza bestetik”, azaldu du Estik.
Lehen liburuaren eta bigarrenaren arteko zubi-lana eginez, bada, ‘Frankismoa Amasa-Villabonan. Iraganera hurbilpen bat, etorkizuna eraikitzeko’ erakusketa ateak irekitzear da dagoeneko.

36ko Gerraren ondorioak ikusgai
Atal ezberdinak bilduko ditu erakusketak, denak 36ko Gerrak zuzenean eragindako ondorioen ingurukoak. Guztira, 26 panel jarriko dituzte ikusgai, gai ugari jorratuz: Frankismo garaiko etxegabetzeak (lapurretak, janari kentzeak…), Frankismoak emakumea nola modu bikoitzean zigortu zuen (ile-mozteak, atxiloketak…), Gerraren miseriak (herritar zibilen aurkako bonbardaketa indiskriminatuak, armamentu pisutsua gerra egiteko, herri mailako oinarrizko ekonomiaren gaineko kontrol osoa, errazionamendu liburuxka…), Francoren kartzelak; billabonatarrak infernuan, Mugarik gabeko errepresioa 40 urtez, Erbesterazko bide latza: izugarrikeriatik ihes egiteko erromesaldia, Menderatze ideologikoa: doktrinatzea… Aipatu atal horiekin batera aipamen berezia egin diegun beste hauek:

  • Villabonako herritarrak gerraren krudelkeriaren aurrean: haien parte hartzea. Aritza kultur elkarteko kidek jakinarazi dutenez, hauxe izan da Gerra Zibila aztertzeko garaian gairik zailena. “Abertzale zein errepublikazaleen aldean zenbat herritarrek parte hartu zuten zehaztea, hain zuzen ere. Gure eskuetan dugun informazioaren arabera, berrogeita hamarren bat herritar, armak eskuan, Francoren aurka altxatu zela esan genezake”.
  • Villabonako Udalaren erabateko lerratzea Francoren erregimenarekin. Panel horretan azaldu dutenez, Udala herritarrengandik gertuen dagoen tokiko administrazioa da. “Udalaren zeregina bere herritarrei bizi kalitatea eta ongizatea bermatzea da, horretarako baliabideen kudeaketa egokia eginez. Garai hartan kontrakoa gertatu zen. Herritar denak izan ziren modu batera edo bestera biktimak: umezurtzak, goserik zeudenak, gaixoak, mota zein kondizio guztietako pertsonak, herritarrak”.
  • Gerra Zibilaren ondorioak: Hildakoak. “Amasa-Villabonan 50 pertsona hil ziren. 28 pertsona, alde abertzale zein errepublikarrean (14 fusilatuta). 22 pertsona, Francoren alde.
    Hildakoen artean, bakoitzak du bere pasarte iluna, gogorra. Kasu bat aipatzearren, Valeriano Saizarrena ekarriko dugu orri honetara. “EAJ alderdiko militante esanguratsua. Amasa-Villabonako Udalean hainbat ardura bete zituen. Gerra lehertu aurretik alkate eta zinegotzi izan zen. 1936ko urriaren 9an hil zuten, Orioko gainean, Villabonatik Bilbora bidean ihesi zihoala, bere alaba eta suhiarekin. Atxilotu eta tiroz hil ondoren, Zarautzen lurperatu zuten”.
  • Hamar bat herritarrek kontzentrazio eremuen izugarrikeria pairatu zuten. Kale Nagusian jaio zen Adolfo Lozano Olazabal herritarra Gusen-eko kontzentrazio eremuan hil zen (Austria). Beste zortzi herritarrek behintzat kontzentrazio eremuak ezagutu zituzten. Adolfo izan zen, ordea, bizirik atera ez zen bakarra.
  • Belkoain, herri  harresia:  Belkoain mendia Andoain eta Aduna artean kokatu arren, Amasa-Villabonako lanean aipamena egitea erabaki dute, “Belkoainen jarritako kainoien arduraduna Aquilino Ortega Alday billabonatar anarkista zelako”.
  • Bonbardaketa indiskriminatuak: biktimak. “1936ko abuztuaren 13an, Italiako hegazkin batek botatako bonba baten eraginez, Villabonako lau haur hil ziren Donostiako Hotel Londres-en inguruan, 10 eta 30 hilabeteko Aniceto eta Josecho Santamaria Leturiondo anaiak eta 13 eta 15 urteko Manuela eta Eulalia Zuriarrain ahizpak. Villabonan, XX. mendeko histoarian izandako gertakizun larrienetakoa dela esan genezake”.
  • Zubimusu: zubi bat baino askoz gehiago. Zubi sinbolikoa, dudarik gabe. “Francoren aldekoei Villabonarako sarrera oztopatzeko, abuztuaren 13an, Zubimusu zubia lehergailuen bitartez lehertzea erabaki zuten. Villabonan errepublikarrek burutu zuten ekintza militarrik esanguratsuena izan zen”.


Artxibategiz artxibategi
Aritza kultur elkarteak bide ezberdinak jorratu ditu erakusketako panelak osatzeko. Lehenik eta behin, Villabonako Udaleko artxiboko datuak izan dituzte abiapuntu. Haatik, ate gehiago ere jo dute, “herriko artxibategitik ez ezik, Sabino Arana, Oñati edota Bergarako artxibategietatik ere jaso ditugu datuak. Era berean, Ferrolgo artxiboko dokumentazioa ere eskuratu dugu. Horrekin guztiarekin batera, herritarren laguntza handia jaso dugu”. Gerraren ondorio zuzenak jasan zituzten 30 herritarren senitartekoak elkarrizketatu dituzte, “haien esanak artxibategietako datuak egiaztatzeko erabili ditugu. Eta noski, frogatu ahal zitezkeen datuak soilik argitaratu ditugu, zalantzazkoak alde batera utziz”, azaldu du Esti Amenabarrok. Era berean, penaz geratu direla gaineratu du, “gerraren ondorioak jasan zituztenen hurrengo belaunaldiko kideak elkarrizketatu baititugu, ez belaunaldi naturalekoak”, adierazi du. Besteren artean, Aranzadi zientzia elkarteko kide Pako Etxeberriaren laguntza nabarmendu du Amenabarrok lan hau egiterakoan.
Bigarren liburua bidean datorren honetan, Aritza kultur elkartea 36ko Gerra garaia argituz egiten ari den bilketa lanaren helburu nagusia, “informazioa herritarren artean zabaltzea” dela jakinarazi du Nora Urbizu zinegotziak. “Material didaktikoa izatea nahiko genuke, ikasleei begira unitate didaktiko gisa erabiltzea oso interesgarria litzateke”.

Gerran fusilatuak, Amasako hilerrian
Aritza kultur elkarteak, Aranzadi zientzia elkartearekin batera, beste ikerketa lan bat abiatu zuen 2013ko uztailean, Amasako hilerrian lurperatuta dauden hainbat gorpuzkin 36ko Gerran fusilatutako pertsonenak zirela ziurtatzeko. Berriki kaleratu dira ikerketaren emaitzak, ustea egiaztatuz. “Buruhezurrak aztertu ondorenean, 36ko Gerran tiroz hildako pertsonen gorpuzkinak direla ondorioztatu du Aranzadik. Amasako hilerrian, Joxe Agustin Garmendiaren izena soilik agertzen zen panteoian, gerra garaiko lau gorpuzkin aurkitu dira. Ez zegoen ofizialki inon onartuta gorputz horiek bertan zeudela. Martxoaren 29an, modu ofizialean, dokumentuak eta gorpuzkinak itzuliko zaizkie senitartekoei”, jakinarazi du Norak.

Irekiera eta aitortza instituzionala
Erakusketaren irekiera martxoaren 14an izango da, 19:00etan, Gureako erakusgelan. Bertan, Frankismoaren ondorioz sufritu zuten herritarrei aitortza instituzionala egingo zaie. Herritar horiez gain, besteak beste, Udal ordezkariak, Aritza kultur elkarteko kideak eta Foru Aldundiko Diputatu Nagusi Martin Garitano nahiz Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendari Marina Bidasoro izango dira bertan.
Martxoaren 29ra arte luzatuko da erakusketa. Aste egunez 17:00-20:00 eta larunbatetan 11:00-13:00 ordutegiarekin.

Udalak, herri omenaldia
36ko Gerraren ondorioak orainera ekarriz eginiko bidearen amaiera gisa, lehen pertsonan gerra sufritu zutenei aitortzarik egin ez zitzaienez, haien senitartekoei zuzenduta, herri omenaldia egiteko asmoa du Villabonako Udalak etorkizun hurbilean. “Eginiko bidea herri omenaldiarekin amaitu behar dugula argi ikusten dugu, baina aurrez beste hainbat lan dago egiteko: besteak beste, 36ko Gerrari aipamena egiten dioten intsignia frankista guztiak herriko kaleetatik kentzea”, azaldu du Norak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!