Harreman onak gurasoen eta seme-alaben artean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 6a, 09:49

Seme-alabak nerabezaroan dauzkaten gurasoei zuzendutako tailerra emango du Clara Wolframek. Ibon Arrizabalaga eta biak Arremanitz kooperatibako hezitzaileak dira eta iaztik Andoaingo ikastetxeetan ikasleen artean harreman onen aldeko jarrerak lantzen ari dira.

Deskribatu al dezakezue gurasoei begira gidatuko duzuen tailerra?
Clara Wolfram:
Gurasoen eta beren seme-alaba nerabeen arteko harremanen inguruan jardungo dugu. Horretarako, oinarrizko bi aspektu lantzen saiatuko gara.
Batetik, arretaz entzuteari emango diogu garrantzia. Nola baloratu aurrean daukazun gazte hori, nola entzun zer nahi duen. Izan ere, maiz, gurasoa beldurrez beteta egoten da; blokeatuta geratzen da, eta aurrean daukanari ez dio entzuten eta aholkuak etengabe emate ditu. Horrexegatik, nerabeek ez dute hitz egin nahi izaten, eta zera adierazten dute: “zu niregana ez zatoz hitz egitera, zu ni kontrolatzera zatoz”.
Bestetik, gurasoek eta seme-alabek zein behar dituzten aztertu eta behar ezberdin horiek nola elkar edo susta litezkeen aztertuko dugu.
Azken batean, nahiz eta ez konpondu gerta daitezkeen gatazkak, behintzat, gurasoak seme-alabari transmititu diezaioke ateak irekita dauzkala. Gauzak patsadaz aztertzeko jarrera daukala, alegia. Baliteke egunerokotasunean ez lortzea erabat aske hitz egitea (sexualitateaz,...). Baina nerabeek sumatuko dute gurasoaren jarrera baikor hori, eta larrialdiren bat sortzen denerako jakingo dute irekita daukatela ate hori.
Ibon Arrizabalaga: Guztiok izan gara nerabe, eta ondo dakigu zein bizialdi zaila den. Kontua da ez dela batere lantzen garai hori, pentsatuz noizbait pasako dela. Hobe da aurre egitea; hobe, esaterako, gurasoak bere nerabezaroa nolako izan zen aztertzea, horri buruz bere seme-alabarekin hitz egitea...

Zer dela eta antolatu du Udalak tailer hau?
Miren Agirreurreta:
Harremonak Andoaingo hezkuntza komunitateari zuzendutako programa bat da, eta prebentzioaren arloa lantzen du. Udalak eta ikastetxeek elkarlanean burutzen dute, Arremanitz-eko hezitzaileen bidez. Baikorki baloratu genuen guztiok ere DBHko ikasleekin iaz urratutako bidea, eta batxilergora zabaldu da programa aurtengoan.
Berez, programa ikasleei ez ezik, irakasleei, gurasoei eta gizarte eragileei zuzenduta dago. Horrexegatik antolatu da gurasoei begirako tailerra, martxoaren zortziko testuinguruan.
 
Zertan gauzatzen da Harremonak egitasmoa ikastetxeetan?
C.W.:
Guk sexu hezkuntzan hezkidetzan eta tratu onen arloan jarduten dugu, eta Andoainera ze, 13 eta 16 urte bitarteko nerabezaroekin aritzen gara.
Nerabeen artean prebentzio lanaren inguruko eskarmentuak adierazten digu begirada bortizkerian eta gauza ezkorretan jarri beharrean, egokiagoa dela harreman onak nola gauza daitezkeen azpimarratzea.
I.A.: Ikuspegi integrala eman nahi izaten dugu. Jolasen, kontaktu fisikoen e.a.en bidez, dinamika zehatz bat bideratzen dugu, ez gure iritzia inposatzeko, baizik eta ikasleen gogoeta kritikoa sustatzeko. Zenbait aurreritziren inguruan (sexismoa, arrazakeria, homofobia, lesbifobia, transfobia...) hausnarketa egitera bideratzen ditugu.
Esate baterako, ez da batere erreala bizi dugun edertasunaren eredua, photoshoparen ukitu informatikotik pasatakoa. “Normalitate” hori auzitan jartzeko gogoeta kritikoa sustatu nahi izaten da, beraz.  
Nik uste berahala ulertzen dutela zein den gure asmoa. Eurek gu ikastetxeko irakasle gisa ez ikusteak, erraztu egiten du gela barruko dinamika.

TALLER BIKOITZA

Gurasoentzako tailerra: Konfiantza eta harreman onak gure seme-alaba nerabeekin.
Bideratzailea: Clara Wolfram (Arremanitz). Parekidetasun eragilea, sexologoa eta tratu on delakoan aditua.
Guraso eta nerabeen arteko harremanetan tratu ona sustatzeko lantegia, neska eta mutilekin harreman parekideak eta osasuntsuak lantzeko egokia: “Bai gurasook bai nerabeek beharrak izan baditugu, eta batzuetan badirudi behar horiek kontrajarrita daudela. Beldurrek asko baldintzatzen dituzte gure erreakzioak”.
     Martxoak 15 eta 22.
     Bastero. 10:00.
     Iraupena: 3 ordu
     Izen-ematea: Gizarte Zerbitzuetan martxoaren 7ra arte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!