Peio Garin korrikalaria omenduko dute Larraulen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 6a, 09:40

13 urterekin hasi zen korrika Peio Garin Ibarbia zizurkildarra, 36 urtera arte luzatu zuen bere ibilbidea. Ibilbide luze bezain oparoa. 80-90eko hamarkadetan Gipuzkoako korrikalari onena izatera iritsi zen, estilo dotorekoa eta azkarra. Bere bidea gogoan, aurtengo Larraul-Ernio-Larraul lasterketan omenaldia jasoko du martxoaren 16an.

Nola gogoratzen dituzu korrikalari bidean lehen urteak?
Eskola garaian hasi nintzen korrika. Zizurkilen badugu Agerreko zirkuitu famatua, 1500 metro inguru dituena, –bizpahiru urtetan festetan egin zen lasterketa hura–. Gaztetxo ginela, Zizurkil beheko maixua etortzen zen beheko ikasle onentsuenekin eta bertan ibiltzen ginen korrika. Gainontzean, plazatik baserrira 2.300 metroko bidea dugu eta gaztetxotan, egunean lau buelta egiten genituen gora eta behera eskolara etortzeko. Pentsa, nahi gabe ere, nola zailduta egongo ginen… Eskolara joandakoan denak tantoka aritzen ginen. Gero partidua igual jolasten genuen udaletxe aurrean, lehen futbol zelaia zegoen bertan. Kirola erruz egiten zen lehen: pilotan asko eta futbolean ere bai. Hori bai, ez zegoen egun bezala begiralerik. Bakoitza bere gisara aritzen zen.
Herrian bizpahiru proba egin eta aise irabazten nituela ikusita, eskola mailan, Zumaiako lasterketan hartu nuen parte lehenengoz. Hirugarren geratu nintzen. Etxekoak, lagunak, maixuak…, ikustera joan ziren guztiak gustura geratu ziren. Handik hamabost egunera Anoetan Gipuzkoako txapelketa izan genuen eta airean irabazi nuen, kadete mailan.

Jubeniletan ere, dagoeneko erakutsi zenuen korrikalari indartsua zentozela…
Espainiako azpitxapeldun geratu nintzen jubeniletan Navarreten (Errioxa). Orduan ez nuen entrenatzailerik. Hasieran 500 bat metrora alde egin nien gainerako korrikalariei eta azken metrotan juxtu-juxtu pasa egin zidan Almeriako batek. Pena nuen. Azken aldera ito egingo nintzen. Oraindik begien aurrean daukat pasarte hura.
Jubenila nintzela (17 urte) nazioarteko lasterketa batean hartu nuen parte. Altsasun egin genuen korrika garaiko Europako onenek. Jubeniletan ondo ibiltzen nintzela ikusten zutenez, Euskadiko federaziotik juniorrekin konpetitzera bidali ninduten (18-19 urte), urtebete lehenago. Ondo ibili nintzen, 13. egin nuen. Handik selekzionatzaileek ezagutzen ninduten eta zertxobait destakatu nuen. Garai hartan Italiara ere joan nintzen beste nazioarteko froga batera.

Juniorretan, berriz, munduko kros txapelketara bi urtetan… Emaitzak ere mundialak!
Junior mailan bi urtez segidan aritu nintzen munduko txapelketetan, 1981 eta 1982an hain zuzen. Aspaldian medallarik atera gabe zegoen Espainiako taldea eta irabazi egin genuen Irlandan. Txonkatiletarainoko lokatza zen. Aurrean puntan atera nintzen eta selekzionatzaileak nora nindoan galdetzen zidan. Gerarazi egin ninduten eta segundu baten bueltan iritsi ginen helmugara taldekide guztiak. Bigarren mundiala Parisen jokatu genuen. Korrika egiteaz gain, txokoak ezagutu eta lagunak egiteko aukera polita izan zen mundialetako esperientzia.

1982an, XVIII. Behobia-Donostia lasterketa entzutetsua irabazi bakarrik ez… Marka galanta ere egin zenuen: 1h 2’ 47’’…
Erabateko ustekabea izan zen. Banekien sasoiko nengoela, baina bakarrik entrenatzen nuen eta ez nuen halakorik espero. Gaintxurizketara iristean erasoa jo eta aurrea hartu nuen. Ordura arte Varela madrildarrak zeukan marka eta aurreko urtean, Juan Mari anaia 4 segundura geratu zen,  hautsi gabe. Nik lau segunduz hautsi nuen 1982an. Azken kilometroa 3 minuturen azpitik bota nuen, 2’56’’an. Bertako jendearen berotasunarekin airean ailegatu nintzen helmugara. Eromen hartan zoratuta.
1991 urtean irabazi nuen bigarrenez Behobia-Donostia lasterketa. Mentalizatuta joan nintzen txanda hartan. Hamabost egun lehenago Hondarribiako maratoi erdia irabazi eta tankera eman nion marka egitera atera nintekeela Behobian. Bigarrenez hautsi nuen: 1h 1’ 36’’ denborarekin.

Marka gehiago ere bai: 5000 metro eta 10000 metro 14h 14’ 9’’ eta 29h 28’ 67’’. Biak 1989an.
Krosean fuerte ibiltzen ginenez, gutxitan joaten ginen pistara. Donostiako Anoeta belodromoko pista polita zen eta bertan egin nuen 5000 metroko marka. 10000 metroak, berriz, Montjuic inauguratu zutenean, Espainiako txapelketaren baitan. Oraindik gogoan dut nola gaueko 22:30etan 30 gradu egiten zituen. Abuztua zen. Aurrez, Segovian Diego Garcia eta biok kontzentrazioan egon ginen hamabost egunez. Hark laugarren eta nik seigarren egin genuen. Diegorekin batera proba askotan hartu nuen parte, maratoi erdiak… Espainia mailan 20 kilometroko sei probarekin zirkuitua antolatzen zuten. Proba bakoitzeko puntuaketa hartzen zen kontuan. Hirugarren geratu nintzen. Valentzian egin nuen markarik onena, kilometroa 3’ 2’’an. Ordurako marokoarrak ere hasiak ziren eta ez zen giro izaten haiei segika!
Maratoi bakarra korritu nuen, Madrilen 1993 urtean 2h 20’ 12’’ denborarekin. Madril altueran dagoenez eta ibilbidea aldapatsua denez, hemen 2h 15’ko denboraren baliokidea zela esaten zidan zenbaitek.

Krossa, pista, lasterketa…, denetarik landu duzu. Baina zein arlo izan duzu gogokoen?
Bi anaiok asteburuetan mendian entrenatzen genuenez, oso ondo ibiltzen ginen krosean. Euskadiko txapelketa batean aurrena eta bigarren geratu ginen Juan Mari eta biok. Orduan oso maila onean geunden biok eta elkarrenganako norgehiagoka hantxe izan genuen. Sprintean bukatu genuen, 12 kilometro. Orduan Diego Garcia eta bizkaitarrak ziren faborito. Baina artasoroetan zeharka egin behar zen korrika eta anaia eta biok txonkatila aldeak oso eginda genituen. Gainerako korrikalariek pott egin zuten bezala, guk aurrera egin genuen. Juan Marik irabazi zuen. Bigarren ailegatu nintzen ni.

Eskuratutako txapel guztien artean, ba al duzu estimu berezirik diozunik?
Kanpora joandakoan hemen baino interes gehiago izaten zen beti. Bat aipatzearren, Asturiasen Pielagos izeneko 20 km-ko lasterketa. Bartzelonako maratoian parte hartzeko asmotan brasildar bat etorri zen bertara. Ni orduan oso ondo nengoen eta juxtu-juxtu irabazi zidan. Bigarren geratu nintzen, 10 segundura. Oso lasterketa azkarra izan zen hura ere. Gero, Bartzelonako maratoia ere irabazi egin zuen. Hark astean ia 300 kilometro entrenatzen zuen, gu gutxiago ibiltzen ginen: egunean 15-20 kilometro. Gaztetxotan bai, orduan gehiago entrenatzen genuen eskolarako joan-etorrietan. Hura izan zen gure hankak zailtzeko prestaketa.
Hemengo lasterketen artean, Lasarteko krosak fama handia zuen. Euskal Herrian hobetontxoen ibiltzen ginenez, jendeak amorru gehiagorekin animatzen zuela gogoratzen naiz. Inguruko herrietatik jende asko joaten zen eta huraxe izaten zen urteko probarik bereziena. Lasartekoarekin batera, Elgoibarkoa ere berezia izaten zen. Generalean lehen euskalduna izaten ginenez, gustagarria izaten zen beti.

36 urte zenituela atletismoa uztea erabaki zenuen. Nolatan?
Gasteizko maratoi erdia irabazita utzi nion korrika lehiatzeari. Euskadiko txapelketa zen. Aurrera begira bi aukera nituen: dena utzi eta erabat korrikako munduan sartu edota erdizka ibili. Ez nuen halakorik nahi. Euskadi eta Espainia mailan oso maila onean ibili nintzen eta nahikoa zen hori niretzat, oso gazterik hasi bainintzen. Orain bezalako laguntzarik ere ez zen orduan, baina bekaren bat eman izan balidate ere ez dakit kanpora joango ote nintzen. Beste era batera bizi ginen orduan.

Ez al zaitu geroztik korrikarekiko harrak erakarri?
Jendeak jarraitzeko esaten zidan, baina nik nahikoa egin nuela erabaki nuen. Mailari eusteko izugarri entrenatu beharra neukan eta ez zuen merezi. Oraindik sarritan kotxea Iturriotzen utzi eta Ernioko buelta egiten dut korrika txikian; baina disfrutatuz, sufritu gabe. Gainerakoan, baserriko lanetan aritzen naiz. Kirol masaje terapeutiko titulua ere atera nuen eta Plaza-Etxeberrin kamilla jarrita daukagu. Tarteka masajea ematen aritzen naiz bertan.

Gipuzkoak eman duen korrikalari onenetako bat izan zara. Klase handiko korrikalariaren fama duzu…

Selekzionatzaileak tipoz eta nire moduan korri gutxik egiten zutela esaten omen zuen. Garai hartan, Segoviako Llorentek ere oso dotore egiten zuen korrika. Dudarik gabe, selekzionatzaileak konfiantza osoa jarri zuen beti nigan. Gripe baten eraginez, mundialetara joan aurreko kanporaketan emaitza ona lortu ez nuen arren, 2. mundialerako ere aukeratu egin ninduen. Babes horrek konfiantza ematen zuen, noski.
Hernandez Galan, entrenatzaile ona izan genuen azken aldera. Korrika ibiltzen zen bera ere. Gure entrenatzaile zela Behobia-Donostia lasterketa irabazi zuen. Lasarten, harekin entrenatzen aritu ginen bozpasei urtetan lortu genituen garaipenik handienak senior mailan. Talde handia elkartzen ginen: Gaspar Esnaola, Maria Luisa Irizar, Talavera… Hobeto aritzen ginen bata bestearen anparoan.

Sei anai-arrebetatik lau aritu zarete korrika, oso marka onak lortuz gainera. Ezbairik gabe, kasta onekoak zarete…
Lau anaiok ibili izan gara korrika. Jesus anaiak, lehian baino gehiago lasterketa herrikoietan hartu zuen parte. Migel anaia zaharrena korrikalari ona izan zen, hura jarraitu nahian ibiltzen ginen. Lasarteko krosean bigarren egin zuen jubenil mailan. Indar handia zuen hanketan. Bere kirako korrikalariek hura famatzen zuten. Juan Mari, berriz, geroxeago hasi zen, 16 urterekin. Lasarteko krosean hartu zuen parte lehenengoz eta ederki ibiltzen zen hura ere. Ni hanka puntetan arinxeagoa nintzenez, asfaltoan, pistan eta krosean ere ondo moldatzen nintzen. Emaitza onak lortu genituen behintzat eta gustura!
Ez da harritzekoa anaia guztiak korrikalariak izatea, gure etxean ez baitzen beste elkarrizketarik izaten. Asko bizitu dugu kirola. Jexux anaia sostengu handia izan da beti. Gidari lanetan ere askotan ibiltzen zen batetik bestera.

Martxoaren 16an izango den Larraul-Ernio-Larraul lasterketaren harira omenaldia jasoko duzu. Gustura jasoko zenuen deia…
Pozik hartzen dira horrelako deiak. Aurreko urteetan Koldo Irazu, Joxe Migel Irazu eta Joxe Migel Maiz omendu zituzten. Laugarena izango naiz. Indartzen ari da Larraulgo lasterketa urtez urte. Iazko edizioan uste baino jende gehiago bildu zen eta oso maila onekoa, gainera. Azken urteotan izugarrizko indarra hartu dute mendiko lasterketek.

Klub ugariko kide
Korrikalari ibilbidearen lehen urteak Zizurkilgo Danena klubean egin zituen Peiok. Danenako kide zelarik irabazi zuen lehen Behobia-Donostia lasterketa. “Danenako lehendakari zen Patxi Alkortak izugarri lagundu zidan. Oso pertsona garrantzitsua izan zen nire bizitzan”. Gerora Urumea, Real Sociedad (pistan), Laister eta Urola klubetako kide ere izan zen zizurkildar korrikalaria.

Urte luzeko markak
Proposamenak jaso arren, apustuak ez zuen Peio erakarri. Hala ere marka aipagarri ugari egin zuen bere ibilbidean zehar.
  • Zizurkil herriko bira. 5 kilometroko bidea: 14’ 56’’.
  •  Beratik Lizuniagako igoera. “25 urtez mantendu nuen marka eta urte hartan omenaldia eskaini zidaten. 26. urtean marokiar batek hobetu zuen”.
  • 17 kilometro pasatxoko Ataungo lasterketa. “Duela 22 urte jarri nuen marka eta beste inork hautsi gabe 25 urtera iritsiko ote naizen zain nago”.

IV. Larraul-Ernio-Larraul lasterketa, martxoaren 16an
Martxoaren 16an, igandearekin, izango da Larraulgo plazatik abiatu, Ernio mendira igo eta Larraulgo plazan amaituko den lasterketa, urtez urte indarra hartzen ari dena.
Aurreko urteetan bezala, goizeko 10:30etan ekingo zaio laugarren edizioari eta 15,5 kilometroko bidea egin beharko dute korrikalariek, 840 metroko desnibela igoz. Ohi denez, sariak, masajeak nahiz hamaiketakoa eskainiko dira lasterketaren ondoren. Izen-ematea: www.cdutseta.es helbide elektronikoan.

Peioren korrikalari garaiko argazki gehiago hemen ikusgai
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!