Martxoaren 8an, emakumeak plazara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 6a, 09:29

Emakumeen arteko afariak eginez hasi ziren Zizurkilen martxoaren 8a ospatzen. Kultur irteerak egiten dituzte azken urte luzeetan.
Hogei urte pasatxo da Zizurkilen martxoaren 8a ospatzeko kultur irteerak antolatzen hasi zirela. Irteera horietako gehienetan izan dira Arantxa Galdos eta Isabel Uranga zizurkildarrak, lan kontuak medio, beranduxeago hasi zen joaten Joxepi Galdos.

(Hemen Nerea Uralde andoaindarrari, Maxux Alvarez billabonatarrari eta Isabel Dumall asteasuarrari elkarrizketa)

 Arantxak eman ditu azalpenak: “Emakume afariak eginez hasi ginen martxoaren 8a ospatzen. Duela hogei bat urte, irteerak antolatzen hasi ziren. Kultur irteerak izaten dira, oso interesgarriak. Museoak, kobazuloak, gazteluak..., beste modu batera ziurrenik ezagutuko ez genituzkeen tokiak bisitatzeko aukera izan dugu”.
Bilboko Guggenheim museoa bisitatuko dute aurten: “1999 urtean ere izan ginen. Oso interesgarria izan zen irteera hura eta aurtengoa ere halaxe izango dela espero dugu. Bilbon bertan bazkaldu, eta arratsaldean gure kaxara ibiltzeko tartea izango dugu”, azaldu du Arantxa Galdosek. “Alhondigara joateko gomendioa egin digute. Oso interesgarria omen da eta aukera izanez gero, haraxe joateko aprobetxatuko dugu arratsaldea gure koadrilakook”, gaineratu du Isabelek.

Aitzindarietakoak
Zizurkilek Nazioarteko Emakumeen Egunarekin izan duen lotura berezia azpimarratu nahi izan du Joxepik: “Hemen inguruan, Zizurkil izan zen ospakizunak antolatzen hasi zen lehen herria. Urte mordoa daramate horretan eta poztekoa da”.
Egun ederra pasatzen dutela azaldu du Isabel Urangak: “Autobus osoa betetzen dugu eta urte batzuetan, Zizurkil Goiko emakumeak ere joan izan dira beste autobus bat osatuta. Oso gustura ibiltzen gara. Azken urteotan musika ere izan dugu, dantza pixka bat egiteko. Lagunartean joaten gara eta ederki pasatzen dugu. Urteren batean, afaltzera ere geratu izan gara irteeratik itzuli ondoren”.

Aldarrikapena
Martxoaren 8a ospatzera joaten dira emakume zizurkildarrak: “Larunbatarekin egiten dugu beti irteera eta aurten, martxoaren 8arekin egokitzen da. Irteeratik itzulitakoan, plazan bilduko gara, aldarrikapena egiteko”.

Parte-hartzaileak
Isabel, Arantxa eta Joxepi ez dira geldirik egotekoak. “Oso gustuko dugu herrian antolatzen diren kultur ekitaldietan parte hartzea. Pena ematen du hitzaldi, antzezlan edo bestelakoak antolatu eta jende gutxi joaten dela ikusteak. Gu, ahal dugunetan, parte hartzen saiatzen gara. Gainerantzean, asko gustatzen zaigu jubilatuen elkarteek antolatutako irteera eta bidaietara joatea”, nabarmendu du hirukoteak.

_______________
NEREA URALDE
Artista. Andoain

“Artelanak egiten dituen emakume asko dago Andoainen eta, iaz arte, ez genuen elkarren berririk”

Ume-umetan murgildu zen Nerea Uralde andoaindarra arte munduan. Berak diseinatu du Andoaingo martxoaren 8ko ospakizunak iragartzen dituen kartela eta emakume artisten erakusketan ere hartuko du parte.

Noiz eta nola eman zenituen lehen pausoak arte munduan?
Txiki-txikitandik gustatu izan zait marraztea. Unibertsitateko ikasketak arlo horretara bideratu, eta Arte Ederrak ikasi nituen. Diseinu grafikoa aukeratu nuen espezialitate gisa eta master bat ere egin nuen. Nire lanbidea ere arlo horretara bideratuta dago; diseinatzaile eta maketatzaile gisa aritzen naiz. Nire denbora librean ere saiatzen naiz nire gustuko gauzak egiteko tarteak hartzen, bai diseinu lanak egiteko, margotzeko edota argazkiak egiteko.

Oso ohikoa da kartel lehiaketatan zure izena ikustea...
Bai, gustatzen zait parte hartzea. Lehiaketetara aurkezteak beste lan batzuk ikusteko aukera ere ematen dizu eta hori oso aberasgarria da. Andoainen antolatzen direnetan parte hartzeko ohitura dut eta horrez gain, Hernaniko Sanjuanetako lehiaketara ere aurkezten naiz.

Dagoeneko urte batzuk daramatzazu diseinuaren munduan lanean. Aldaketa handiak sumatu al dituzu?
Bai, zalantzarik gabe. Garai batean oso gutxi erabiltzen genuen ordenagailua. Eskuz egiten zen lanik handiena eta hizkiak gehitzeko bakarrik erabiltzen genuen informatika. Orain guztiz bestaldera gertatzen zaigu. Era guztietako programak sortu dira eta oso lan gutxi egiten da eskuz.

Nolakoa da zure sortze prozesua?
Trenez joaten naiz lanera eta tartetxo hori aprobetxatzen dut ideiei forma ematen joateko. Koadernotxo bat alboan izaten dut beti eta sortzen zaizkidan ideiak bertan apuntatzen ditut. Ondoren, etxean ematen diet forma trenean sortutako ideia horiei. Batzuetan irudi bat izaten da abiapuntua, bestetan, ideia edo kontzeptu bat. Beti saiatzen naiz zerbait berritzailea egiten, baina ez da erraza. 

Zeuk egina da aurtengo martxoaren 8ko kartela. Nondik sortu zitzaizun ideia?
Arra eta emearean ikurrak hartu nituen abiapuntu. Bi irudiak lotu eta betaurrekoak sortu nituen lehendabizi. Horixe izan zen abiapuntua. Esaldi bat gehitu nion ondoren. Lau kartel ezberdin egin nituen ardatz bera hartuta. Izan ere, egin nuen lehendabiziko kartelean gizonezko bat ageri zen betaurreko horiek jantzita, baina ez zitzaidan ondo iruditzen gizonezkoa bakarrik irudikatzea eta kartel sorta egitea erabaki nuen. Nire proposamena gustatu egin zitzaien, eta oso gustura nago.

Basteroko emakume artisten erakusketan ere parte hartuko duzu. Zein artelan jarri duzu bertan?
Blues musika irudikatzen duen margolana eraman dut. Iaz hasi ginen erakusketa hori antolatzen eta oso aberasgarria da. Artelan ezberdinak egiten dituen emakume asko dago Andoainen eta, iaz arte, ez genuen elkarren berririk. Orain arte, gai librean antolatu izan dugu erakusketa baina datorren urtetik aurrera, gai zehatz baten inguruan egingo dugu lan denok. Martxoaren 7tik apirilaren 26ra egongo da ikusgai gure erakusketa.

________________
MAXUS ALVAREZ
Hutsunea Betez, Amasa-Villabona
“Taldea desagertu arren, nik bizitza guztian zehar jarraituko dut emakumeen eskubideen alde lanean”

Orain sei urte sortu zen Hutsunea Betez emakume taldea Amasa-Villabonan. Geroztik, emakumeen inguruan hamaika ekintza antolatu dute, Maxux Alvarez lehendakariaren gidaritzapean.

Urte luzeko lanaren ondoren, zein lorpen nabarmenduko zenuke bereziki?
Dudarik gabe, taldeak bete duen hutsunerik handiena emakumea ikusaraztea izan da. Laguntza eta babesa aurkitu du hala behar zuen emakumeak taldean, entzuten jakin baitugu.
Kontuan izan behar da laguntza handia behar duela oraindik ere emakumeak, hainbat arlotan baztertuta baitago. Beharrezkoa da erakundeak arazo horretaz jabetzea eta baita haien babes eta laguntza eskaintzea ere. Villabonako Udala, esaterako, arlo horretan lanean hasia da eta oso garrantzitsua da hori etorkizunera begira.

Epe laburrean taldearen ibilbidea etetea erabaki duzue…
Bai. Sei urte eta gero, gure bideari amaiera emango diogu hurrengo urtean. Hutsunea Betez bertan behera geratuko da baina, garrantzitsuena lortu dugu: emakume taldea osatuta geratzen baita etorkizunean edozein ekintza antolatu nahi bada.Taldea desagertu arren, nik bizitza guztian zehar jarraituko dut emakumeen eskubideen alde lanean.

Egindako lanaren zein irakurketa egiten duzu?
Oso gustura nago egindako lanarekin, jarritako helburuak bete egin ditugulako. Niretzat pertsonalki, gogorra izan da batzuetan; antzeko elkarte baten arduradun izatea oso lan pisua baita. Baina oso esperientzia baikorra, aberasgarria.
Zuzendaritza taldean bertan, 35 urtetik 73ra bitarteko lau emakume elkartu gara. Adinean alde handia izanagatik, primeran moldatu gara. Oso harreman estua sortu da gure artean. Asko ikasi dugu.
Senarrari eskerrak eman nahi dizkiot urte hauetan guztietan eskainitako babesagatik. Beti nire ondoan eta laguntzeko prest azaldu da.

Azpimarratuko al zenuke sei urteotan antolatutako ekintzaren bat?
Taldekideon artean eginiko antzerkia, dudarik gabe. Oso esperientzia polita izan zen. Egia esan, hamaika ekintza antolatu dugu, tartean, ikastaro sakon ugari. Barre eta negar ugari egin dugu saio horietan. Halako ekintzatan energia berezia sortzen da emakumeon artean. Era berean, zaletasunak partekatzeko taldeak sortu dira, baita ekintza ezberdinak egiten dituzten emakume alargunen koadrila ere, besteak beste.
Herri mailan ez ezik, beste herri batzuetako emakume taldeak ezagutzeko aukera izan dugu.

Donostiako Emakume Etxean zuzen-zuzenean hartzen duzu parte. Besteak beste, bertako perkusio bandan…

Sorgin bandan danbor txikia jotzen dut. Astean behin elkartzen gara entseatzeko eta hainbat emanaldi eskaintzen dugu urtean zehar. Niretzat opari modukoa izan da Emakume Etxeko ekintzetan parte hartzen hastea. Xarma berezia du etxe hark. Txoko gomendagarria.

Zergatik iruditzen zaizu garrantzitsua martxoaren 8a?
Egun hori eta, bereziki, azaroaren 25a ospatzen jarraitzea nahitaezkoa iruditzen zait oraindik orain. Izan ere, emakumeari lotuta, egun ere gizarte patriarkatuaren ondorioak agerikoak dira. Gezurra badirudi ere, oraindik emakume asko eta askok jasaten du biolentzia bere etxean, nahiz eta horietatik askok isilpean gordetzen duen bere egoera. Tratu txarren gaia barru-barruraino iristen zait eta martxoaren 8an baino oraindik eta garrantzitsuagoa iruditzen zait azaroaren 25ean kalera ateratzea.


_______________
ISABEL DUMALL
Asteasuko emakume taldea
“Azken urteotan kirola egiten duten emakumeen kopuruak gora egin du nabarmen: bai kiroldegian nola bidegorrian”

Isabel Dumall Asteasuko emakume taldeko kideak, kirola egitearen garrantziaz hitz egin eta martxoaren 8aren bueltan antolatu dituzten ekintzen berri azaldu du.

Emakumeari kirola egitearen garrantzia gogorarazi nahi diozue aurtengoan…
Halaxe da, bai. Arrazoi ezberdinengatik bultzatu nahi dugu emakumea kirola egitera: Lehenengo eta behin, osasunagatik, noski. Bestetik, gizarteratzeko duen garrantziagatik eta baita gizonekiko berdintasuna lortzeko ere.
Egia da egun nahiko onartuta dagoela emakumeek gizonaren pare egiten dutela kirola. Edozein alorretan gainera: bakarka, taldeka, lehian, herri mailan… Lilatoia bezalako ekimenek asko lagundu dute normaltasun hori lortzen, positiboak iruditzen zaizkit.

Zer esango zenuke Asteasun kirola lantzen duen emakumearen batez bestekoaren inguruan?
Azken urteotan kopuruak gora egin du nabarmen: kiroldegira emakume asko etortzen da, bai ikastaroetara, bai gimnasiora. Mugimendu handia dago. Emakumeek gero eta gehiago praktikatzen dute kirola. Dudarik gabe, gorakada horretan asko lagundu du kiroldegia nahiz bidegorria herrian bertan edukitzeak. Kiroldegiko eskaintzez gain, bidegorrian oinez nahiz bizikletaz ibiltzen da emakume asko eta asko.

Kiroldegi mailan zein eskaintza duzue?
Denetarik pixka bat. Ikastaroei lotuta, hirugarren adinekoen gimnasia (emakumeak), spinning (gizon nahiz emakume), mantenuko gimnasia (emakumeak), aerobik (emakumeak), pilates (gizon nahiz emakume). Gimnasiora, berriz, emakume nahiz gizonak etortzen dira; gazteak eta helduak.
Kiroldegiko ekintzekin batera, Foru Aldundiaren bide beretik, Eskola Kirola ekimena ere bultzatzen dugu bertatik. Neska nahiz mutil gaztetxoentzat kirol aukera berdinak bideratzen ditugu, denen parte hartzea sustatuz.

Martxoaren 8ari lotutako ekimenak indarra hartzen ari dira herrian urtez urte. Zein irakurketa egiten duzu?
Aurten hasi naiz ni taldean, baina aspaldiko urteotan emaitza onekin lanean ari dira taldekideak. Arrakasta handia du bazkari nahiz ondorengo festak eta herritar ugarik hartzen du parte. Asteasuko Udalak ere babesa eskaintzen digu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!