Otsailaren 21ean, aurreko ostirala, Goenkale ETB1eko telesaileko aktore eta profesional talde bat Urnietan izan zen denboraldiko azken kapituluetako hainbat sekuentzia grabatzen. Grabazioaren tarte batean telesaileko zuzendaria eta bi aktore elkarrizketatu zituen Aiurrik.
Olatz Beobide
Hotelean zaudete grabaketa egiten. Zer da konta daitekeena?
Olatz Beobide. Denboraldiaren amaiera aldera kokatzen da hotelean grabatzen ari garena, trama ia-ia amaitzen ari denean. Orduan tramaren nondik norakoa ez dut kontatuko, polizia ikerketa baten ondorioz hona etorri direla besterik ezin esan dezaket. Kandido (Martxelo Rubio) eta Nekane (Itziar Ituño) ikerketa lanetan daudela sekuentzia ezberdinak grabatzen ari gara.
Kandido eta Nekane gela baten barruan zeudela grabatu dituzue. Kanpotik ikusita hala ere, grabazioan pertsona askok parte hartzen dute eta tramankulu ugari ikus daitezke inguruan...
O.B. Halaxe da. Denbora asko pasako dugu gero minutu batean txukun-txukun ateratzeko. Plano orokorrak, zehatzak hartzen ditugu. Eta jende asko aritzen da lanean, bai. Ikusi duzuen bezalaxe argiztapenean, teknikan, janzkera eta itxuran, audioan, errealizazioan, muntaian parte hartuko duten laguntzaileak,...
Detaile asko kontuan hartu behar dela, alegia...
O.B. Bai, halaxe da. Askoren lana da, denek ondo egindakoaren fruitu da ondoren telebistan ikusten dena.
Gustura al zaudete esperientziarekin?
O.G. Oso gustura. Oso ondo hartu gaituzte hotelean, tokia atsegina da. Miragarria da guretzat horrelako toki batean grabatzeko aukera izatea. Esango nuke, bestalde, aktore askok lotura afektiboa badugula Urnietarekin. Saroben antzezlan asko prestatu eta aurre estreinaldi asko egin dira.
Itziar Ituño
Martxelo Rubio
Goenkaleko grabazioa Urnietara iritsi da. Zuen pertsonaia deskribatuko al zenukete?
Itziar Ituño. Ertzainak gara, Martxelo komisario ordea da eta ni degradatua izan naiz. Trama grabatzen ari garen une honetan dena hankaz gora dago.
Martxelo Rubio. Komisarioa ikertzen ari gara, beraz pentsa nola dagoen trama. Bukaera poliziakoa da erabat.
Ikusleek ordubeteko saioa ikusten dute, baina atzetik lan handia dago.
I.I. Nire kasuan lan gutxi dut hemen.
M.R. Normalean Miramonen grabatzen dira kapituluak, eta handik kanpo egiten den grabazio prozesua luzeago egiten da. Gehiago lantzen da, zine grabazio baten antza gehiago izaten dute grabazio horiek. Grabazioa gehiago zaintzen da, lan gehiago egin behar bada ere.
Ni pertsonalki oso gustura aritzen naiz estudiotik kanpoko grabaketetan.
Gustura al zaudete Urnietan?
M.R. Oso gustura, bai. Polita da, sorpresa hartu dugu hotelarekin.
I.I. Urnieta ezagutzen genuen, ia aktore gehienak Sarobetik pasa garelako.