Opera ikusteko aukera Basteroko zine eskaintzan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko mar. 3a, 13:01

Zinema pantailan operaz gozatzeko aukera aspaldikoa da hiriburu askotan, baita Donostian ere. Zuzeneko emanaldiak izaten dira nagusiki, munduko edozein txokotan eskaintzen duten opera pantailan ikusiz.
Donostian ikuslego fidela lortu duen esperientzia hori Basteroko zinema aretora ekartzea erabaki du Hirutek Andoaingo zinema emankizunez arduratzen den enpresak. Abiapuntu bezala bi opera eskainiko dituzte, biak ere aski ezagunak: Giacomo Pucciniren “Madama Butterfly” eta Georges Bizeten “Carmen”. Bi ordu eta erdiko iraupena duten bi opera hauek Melbournen eta Sidneyn grabaturikoak dira.

Andoainen ere, operara:


Esaldi horrekin eskuorria banatu du Udalak. Eta bertan adierazten denez, “proiekzioen kalitate bikainari esker maila goreneko interpretazioak ikusteko aukera izango da, elkarrizketak erraz jarraitu ahal izateko azpitituluekin”. Musika ona, jantzi dotoreak eta eszenografia ikusgarria. Horixe da opera.

Lehen saioa datorren astean
Martxoaren 5ean, asteazkenarekin, Madama Butterfly eskainiko dute iluntzeko 20:00etan hasita. Sarreraren prezioa 6 eurokoa da. Ikusiko den opera Australiako Arts Center of Melbournen grabatu zuten. Pucciniren obra Nagasakiko gheisa baten istorioan oinarrituta dago.
Hurrengo saioa apirilaren 2an eskaininko dute, eta hori ere aski ezaguna: Carmen. Honetan musikarien eta kantarien lanez gain, dantzarien parte hartzea nabarmendu behar da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!