Goizeko giro euritsuaren ondorioz, Ostegun Gizen arratsaldeko jaialdia kalean beharrean Olaederra kiroldegian egitea adostu zuten antolatzaileek. Arratsaldeko 15:00etan, Olaederra ikuslez lepo beteta zegoela hasi zen lehen saioa, Fleming ikastetxeko kideek San Fleming alaia antzeztu zuten. Zezenak, korrikalariak, suziriak, festazaleak..., hantxe ibili ziren San Ferminetako osagai guztiak elkarrekin dantzan. 16:00etatik aurrera Jesusen Bihotza ikastolako kideen txanda izan zen. Hauek aitona eta amonaz jantzita etorri ziren. Amasa-Villabonako aiton-amonei dantza martxosoak gustatzen zaizkiela eta erritmo biziko dantza alaiak eskaini zituzten. Ohiko meriendarekin amaitu zuten festa.
Haur eta gaztetxoekin batera beste protagonista batzuk ere izan ziren kiroldegian, Santiago egoitzako egoiliarrak, hain zuzen. Urte batzuk gehiago izanagatik, festarako gogoari eusten diotela erakutsi zuten, mozorro eta guzti.