Chelo Gibaja eta Pili Quevedo dira familia ezberdinek osaturiko konpartsari ahotsa jarri diotenak. Chelok aitarengandik jaso zuen inauterizaletasuna, eta hura oso gogoan du data gerturatu ahala. Chelo eta Pili biak ere iazko esperientziarekin pozarren daude. Konpartsarekin eta karrozarekin bat baino gehiago zur eta lur uztearekin batera, koreografia eta karroza onenaren sariak eskuratu baitzituzten. Urtez urte handitzen doan konpartsa da, geroz eta familia gehiagok egiten baitu bat beraiekin. 2011n talde txikia osatu zuten, Hawaiiko giroa Urnietara ekarriz. 2012an beldurrezko konpartsarako taldea handitu egin zen. 2013an dagoeneko 60 lagun bildu zituzten martzianoz mozorrotzeko. Aurtengo edizioan 70 lagun izango dira. Urte batetik bestera handitzen doan konpartsa da. Haiek kopuruan handitzen doazen heinean, jaia bera gorpuztuz doa Urnietan. Bosko Anitz taldeari aitortzen diote aitzindaritza lana, Poxta Zahar taldearen parte hartzeak azken urteetan inauteria belaunaldi berriengana zabaldu duen bezalaxe. Azken urteetan jaiak izan duen garapena ikusita, martxoaren batean egun osoan zehar mozorroak izango dira herriguneko protagonista nagusiak. Urnieta dagoeneko inauteri herria dela esan daiteke, beraz.
Ohi duten bezala, izenik ez duen baina dagoeneko denen gogoan dagoen familia talde handiak larunbat goizean Gaztelo parean argazkia atera eta San Juan plazarako bidean abiatuko dira. Dantza saio batzuk egin ondoren elkarte batean elkarrekin bazkaldu eta arratsaldean kalejiran parte hartuko dute. Kalejiraren azken geltokia Egur tabernan izango dute. Konpartsako kide izateaz gain, karroza eta taberna gai beraren inguruan girotzen dituzte. Inauterizaleek ondotxo dakite Egur tabernak azken urteotan itxura ikusgarria hartu duela Inauterietan.
Zein izango da aurtengo mozorroa? Chelok eta Pilik sorpresa izatea nahi dute, beraz, aukeratutako gaia sekretuan gorde nahi dute. Ikusgarria izango dela, hori seguru. Aurtengoan karroza apaintzeko eskulan handia behar izaten ari direla, horixe bakarrik esatera ausartu dira. Herrikideek hilabeteetako lana egun horretan ikusiko dute. Iazko azaroan hasi ziren ideiak lantzen, eta segidan jantziak prestatu edo erosi eta karroza prestatzeari ekin zioten. Urtarriletik hona Urnietako pilotalekuan entseatzen aritu dira, igande arratsaldetan.
Autofinantziatzen den ekimena da, partaideen arteko elkarlanean oinarritzen dena. Denek egiten dute lan, prestaketa lanetan edota egunean bertan. Gauzak bati eta besteari eskatzen trebeak direla aitortu dute. Horrez gain Urnieta herriarekiko kontzientzia handia dute; eguneko bazkaria eta arratsaldeko merienda On Bizi elkarteko merkatalguneetan erosten dute.
Dagoeneko haiekiko ikusmina badagoela nabaritzen ari dira, jendea kalean galdezka hasi zaielako. Seinale ona da hori, gauzak ondo egiteaz gain herritarren gogoan direlako. Martxoaren 1a arte zain egon beharko.