Dendariak, herritarrak eta Udala Iberdrolarekin haserre

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ots. 24a, 17:45

Otsailaren hamazazpian, astelehena, goizaldeko 05:00ak eta 07:00ak arte argi etenaldia izan zen Etxeberrieta edota Zumea plazan. Olagain auzunean edota Kale Nagusiko hainbat tokitan berriz argindarrik gabe egon ziren goizeko 11:00k arte. Gauean ere etenaldi txikiak izan ziren.  Udalak erreklamazioak eskatzeko deia egin du, behar baino etenaldi gehiago izaten ari direlako.

Urtarrilaren 25ean 2.200 abonatu argindarrik gabe geratu zirenean, horietatik 600 ia sei orduz jarraian, Udalak kezka agertu zuen Iberdrolak argindarra banatzeko eskaintzen duen zerbitzuarekin. Kezka hori areagotu egin da astelehen honetan argi etenaldiak errepikatu direlako. Haserre ere badaude, eta zer esanik ez, dagoeneko egoerarekin nekatzen hasi diren bizilagun eta merkatariak dira.
Urtarrilaren 25eko etenaldiak argitzeko Udalak bilera eskatu zuen eta hura otsailaren 6an egin zuten. Udalak aditzera eman duenez, bilera horretan “Iberdrolako ordezkariek jarrera iheskorra erakutsi zuten, gertatutako matxurak ohikoak direla eta normaltasunaren barruan ulertu behar zirela adieraziz”. Astelehenekoa eta gero, alkateak Iberdrolari Andoainen azpiegitura aldetik dauden gabeziei irtenbidea emateko zein pauso eman behar dituzten idatziz aukezteko eskatu dio.
Bide batez, Andoaingo Udalak herritarrei, tabernariei eta merkatalguneetako jabeei erreklamazio orriak aurkeztera dei egin die. Udalak berak ere, kaltetu modura, modu ofizialean erreklamazioa aurkezteko asmoa agertu du.

Dendarien haserrea
Aiurri astekariak kalteak pairatu dituzten merkatarien iritzia jaso nahi izan du.
Amaia Estetikako jabeak lehen orduan hitzartuta zuen bezeroa etxera bidali behar izan zuen, lanerako tresneria martxan jarri ezinik.
Keinu bordatuak lantzen dituen Kale Nagusiko dendariarentzat arazo handia da argindarra joan-etorrian ibiltzea. Lan bat egiten ari dela argindarra joanez gero, makina barruan dagoen jantzia baliogabetu egiten zaio. Argindarraren tentsio aldaketekin makina zahar bat hautsi zaiolakoan, aseguruarekin hizketan ari da.
Gonzalez sastrerian haserre ziren. Urtarrilaren 25ean argindarra joan zenean ezkongai batekin probak egiten ari zela, etxera bidali behar izan zuen bezeroa.
Kukutei harategian kezka sortzen die egoerak. Neguan beharrean argindarra udan joango balitz, elikagaietan kaltea askoz handiagoa izan litekeelako.
Gaztelutxo tabernakoei urtarrilaren 25eko etenaldian garagardoa zerbitzatzeko tresneria hautsi zitzaien. Asteburu osoan kañak zerbitu ezinik izan ziren. Astelehen gauean Realaren futbol partidarekin taberna lepo zegoela berriz ere argindarra joan zen eta taberna hustu egin zen eta bezeroak beste batera joan zitzaizkion.
Txindoki tabernan goizez gosariak eskaintzen dituzte eta astelehenean ireki ezinik geratu ziren. Gaueko etenaldiak ere nabarmen kaltetu zituen. Afaltzen ari ziren hainbat mahaietan nola edo hala moldatu ziren. Baina beste batzuk afaltzera beste toki batera joan beste aukerarik ez zuten izan.

KONTSUMO BULEGOAN
Kale Nagusiko dendari asko OMIC kontsumo bulegora jo zuten erreklamazioa aurkeztera. Ez dute baztertu denen artean idatzi bateratua aurkeztea.

HAMAIKAGARREN MATXURA
Otsailaren 17an kalteak pairatu zituzten dendariak ez dira gutxi izan. Eta horiei urtarrilaren 25ekoa gehitu behar zaie. Urtarrilaren 31ko Aiurrin adierazi bezala, Zumea plazako Zeru eta Txitibar tabernetan  erruz galdu zituzten bezeroak. Bertako tresneria ere hondatu egin zen argindarra joan-etorri horretan sortutako gaintentsioagatik; zehazki, ke-erauzgailua eta bafle bat hautsi zitzaizkion Txitibarkoari.
Eroskik ere galera ugari jasan zituen, bereziki arraindegian.
Horiexek dira askoren artean kalteak pairatu dituzten dendari eta merkatariak. Dagoeneko argi etenaldiekin haserre agertu dira Udala, dendariak eta herritar asko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!