Lasaitasunerako mezua helarazi nahi izan die Urnietako alkate Mikel Pagolak herrikideei. Gaur eguerdiko agerraldian adierazpen horiek egin ditu, Urnietako EAJ-PNV alderdiko buruzagiak eta udaletxeko alderdikideak alboan zituela. Batzokian deitu duten agerraldian Udal aurrekontuak onartu ez izanaren balorazioa egin dute. Ateak zabalik izan diren bitartean negoziatzen aritu direla adierazi du Pagolak, eta bai berak eta agerraldian hitz egin duten gainerako solaskideek eureari eutsi eta oposizioko kideen jarrera kritikatu dute. Lanean jarraituko dutela iragarri dute, eta erabaki potoloetan oposizioko alderdien babesa bilatzen jarraituko dutela adierazi dute.