Axerien puska biltzea suspertuz doa Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ots. 21a, 10:06

Joan zen asteburuan II. Puska biltzea egin zen Sorabilla auzoan, baserriz baserri. Egun borobila izan zen parte hartzaileentzat. Jon Iraola eta Joxan Irazuk azaldu dute neguko festa horren berri.

Inauterietako antzinako ohituretako bat da puska biltzea. Zertan datza?
Jon:
Puska biltze izena bera idatzi zaharretan agertzen da. Egun, hala ere, Santa Ageda inguruan Santa eskea aipatzen da gehiago. Azken batean, molde berekoak dira eskea, puska biltzea edota kuestazioa… Gure kasuan, baserriz baserri joan ohi gara; bertan dantza saio txikia eskaini eta, trukean, baserritarrak otordutxoa ematen digu gehienetan. Esker kopla batzuk abestu ondoren hurrengo baserrira abiatzen da taldea. Baserrira ailegatu baino 30 bat metro lehenago suziria bota ohi dugu, gerturatzen ari garela jakinarazteko.

Puska biltzearena antzinako ohitura da Andoainen. Zer diote antzinako idatziek?
Jon:
Alde batetik, badaude Axeri-dantza Inauterietan dantzatzen zela esaten duten idatzi batzuk. Gaiari lotuta ikusi dugun lehen idatzia Aita Larramendik jasotakoa da. Orain 35 urte Andoainen Axeri-dantza berreskuratu zenean, Andoaingo Lizar-makil dantza taldea aritu zen lanean eta baita Eusko Ikaskuntzako Xabier Emilio Dueñas ere. Azken honek Dantzaria aldizkarirako idatzi zuen artikuluan, Axeri-dantzaren inguruan egiten ziren erreferentziak bildu zituen eta jasotako lehen erreferentzia Aita Larramendirena da.
Guri dagokigunez, neguko festen baitan, Axeri-dantza Inauterietara ekarri nahi genuen; urtean zehar, Sanjuanetan soilik ez kaleratzeko. Sanjuanetan bezala, plazan modu solemne edo serioan egin beharrean, aurrez bazegoen ohiturari neguko festen moldea ematea bururatu zitzaigun.
Joxan: Antzina ere, Inauteri garaian Euskal Herriko beste herrialdeetan –oraindik Nafarroan oso bizirik dagoen bezala–, antzeko joko eta ohiturak egiten ziren. Axerien puska biltzea eskualde inguruan gauzatzen zen: Andoainen, Adunan, Hernanin…
Jon: Ez daukagu errefentzia deskriptiborik, baina badakigu Axeri-dantza Inauterietan egiten zela. Oier Araolaza dantzari eta dantza adituarekin harreman zuzena dugu eta bere diskurtsoari jarraiki, Halloween gaua Euskal Herrian ere ospatzen zela ondorioztatzen dugu. Izan ere, bidean kalabaza eta arbiak jarrita, etxez etxea ezustekoak ematen joatea baita ohitura honen abiapuntua ere.

Andoain mailan hain ezaguna den Axeri-dantzaren etorrera neguko festetatik eratorria dela esango al zenukete?
Joxan:
Auskalo. Ezin zehazki jakin, baina Lizar-makil dantza taldeak ohitura hura berreskuratu zuenean, San Juan egunean txertatzea iruditu zitzaien egokiena. Lizar-makilekoek hala bildu bazuten ere, ohituraren hastapenak agian ez du Sanjuanekin lotura zuzenik, herriko patroiaren egunean dantzatu arren. Axeri-dantza ez da dantza artistiko bat, joko ezberdinek osatzen dute eta joko horiek festa edo Inauteri giroan plazaratzen ziren. Tradizio luzeko ohitura da Axeri-dantzako jokoak egitearena, ez guri bururatu zaigun zerbait. Hori bai, ez dakigu zehazki garai batean nola egiten zituzten.
Jon: Tradizioz tradizio antzeko ohituren desberdintasunak erreparatzen ditugu, baina berdintasunei begiratuko bagenie, Euskal Herriko nahiz Europa mailako baserri giroko antzeko ohiturek oinarri bera dutela ikusiko genuke. Dudarik gabe, neguko festen baitan herriz herri ohitura ezberdinak landuagatik, oinarrian molde bertsuak dituzte denek.

Iaz erabaki zenuten Inauteriekin lotuta, Andoainen puska biltzea berreskuratzea. Zein izan zen abiapuntua?
Joxan:
Herrian Axeri-dantzako taldea izateak asko erraztu zuen abiapuntua, bai baikenekien taldekideak parte hartzeko prest egongo zirela. Taldekideak batu eta forma eman genion lehenik ideiari, bai jantzi nola burutuko genukeen ibilbideari dagokionez. Andoain hedaduraz oso zabala denez eta egun berean herri guztia zeharkatzea ezinezkoa denez, puska biltzea urtez urte auzoka banatuta egitea erabaki genuen. Ibilbidea txistulari eta trikitilariekin lagunduta egin ohi dugu, kalejiran.
Jon: Andoainek lau auzo gune ditu eta ziklo olinpiko moduan, auzo bakoitzera lau urtez behin etortzea bururatu zitzaigun. Iaz Leizotz zeharkatu genuen, Sorabilla aurten. Goiburu eta Buruntza geratzen zaizkigu, zikloa errepikatzen hasi aurretik.

Zer nolako harrera izan du puska biltzeak herritarren artean?
Joxan:
Oso ona, primerakoa. Aurretik, aste batzuk lehenago, puska biltzeko ibilbidea egin ohi dugu eta baserri nahiz etxeetan jai giroan nola etorriko garen jakinarazten diegu. Herritarrek oso harrera beroa egiten digute.
Jon: Iaz gure artean egin genuen autokritika, puska biltzeak baserrietan soilik zuela presentzia eta ez herrian zehar. Hori zuzendu nahian, baserriko ibilbidea egin ostean, herriko kaleetan barrena ere ibili gara aurten, arratsaldez. Dudarik gabe, garrantzitsua iruditzen baitzaigu Inauteri zirikatzailea herrian ere ezagutaraztea.
Joxan: Kultur ekintza guztiak Andoaingo kaskoan egiten dira eta ohitura honi esker kaskotik ateratzeko aukera izaten da. Herriko txoko ezkutuak ezagutzen ari gara puska biltzeari esker.
Herritik kanpo ibiltzeak, parte hartzaileak gure artean bateratu egiten gaitu: oso polita iruditzen zait niri hori. Mozorrotuta eta jende gutxiren artean ibiltzeak askatasun handia ematen du eta oso gustura ibiltzen gara.
Jon: Iaz 25 lagun elkartu ginen; 35 aurten. Iazkoak fruitu onak eman zituela agerikoa da, beraz. Bi urtetan mugimendu polita sortu da eta aurrerantzean ere, parte hartzaile kopuruak gorantz egingo duela uste dugu.

Azalduko al duzue puska biltzeko janzkeraren berri?
Joxan:
Blusa gorriarekin jantzita eta aurpegia zapiekin estalita ibili ohi gara. Buruan txapela. Zirikatzaile lanetan aritzeko, maskuriak, erratzak, sardeak edota makilak hartzen ditugu.
Jon: San Juan eguneko Axeri-dantzako jantzia hartzen dugu oinarri, Inauterietarako hainbat aldaketa eginez. Maoizko galtzak, abarkak eta blusa gorriak janzten ditugu. Axeri dantzariak axeri mozorrotuak garenez, blusari axeri edo ardi larruak jartzen dizkiogu gainetik, baita kolorezko oihalak ere. Oinarrizko jantziez gain, norberak bere erara egokitzen du mozorroa.
Joxan: Baserri giroko Inauteriaren ezaugarri nagusia zirikatzea da. Horregatik aurpegia tapatzeko ohitura.
Jon: Tradiziozko Inauterietan bi talde izaten dira, oro har: onak eta gaiztoak. Guk gaizto papera hartu dugu gehiago. Inauteri guztien ezaugarrietako bat anonimotasuna da eta erritual horren baitan, jendea zirikatzea.

Hiru asteburuko Inauteriak
Andoainen gero eta indar handiagoa hartzen ari da Inauteria. Iaz huts egin bazuten ere, aurten otsailaren 22an indartuta kaleratuko da Kaldereroen konpartsa. Hurrengo astean, Ostegun Gizen eguneko haur eta gaztetxoen kalejiraz gain, urtez urte indarra hartuz joan den mozorro eta karroza desfilea izango da martxoaren 1ean. Bi hitzordu horiez gain, ordea, aurretik Axeri puska biltzeak bere sustraiak finkatu ditu dagoeneko. “Puska biltzea, Inauterietako ohiko desfilea baino bi aste lehenago egitea erabaki genuen ohitura gisa”, azaldu dute Joxan eta Jon elkarrizketatuek. Inauterien baitan, festa giroa suspertuz doa Andoainen.

BIDEOAK (Ibai Lasarte):
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!