I. Harituz herriarteko bertsolari txapelketa: hamar herri, hamaika talde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ots. 21a, 09:21

Joan zen otsailaren 14an Alegian abiatu zen I. Harituz herriarteko bertsolari txapelketa. Tolosaldeko hamar herritako hamaika taldek hartuko dute parte apirila arte luzatuko den txapelketan, tartean Beterri-Aiztondoko seik.

Iaz sortu zen Tolosako Harituz bertsozaleen elkargunea. Euren asmo nagusia bertso eskolen arteko sarea sortu eta ekintza ezberdinak antolatuz, elkarlana bultzatzea. Tolosaldeko herri ezberdinetako 60 lagun pasatxok osatzen dute elkartea eta etorkizunera begira, gogotsu ari dira lanean. Iazko udaberrian hainbat saio antolatu zuten dagoeneko eta negu bete-betean, I. Harituz herriarteko bertsolari txapelketa jarri dute abian. Joan zen otsailaren 14an ekin zioten txapelketako kanporaketei Alegiako saioarekin (Alegia-Villabona) eta biharamunean Larraulgoarekin (Larraul-Andoain). Epaileen aburuz, Alegia eta Andoaingo taldeak izan ziren onenak eta, ondorioz, lehen saioak jokatuta, txapelketatik kanpo geratu dira Villabona eta Larraul. Giro bikaina nagusitu zen asteburuko bi saioetan. Hasiera bikaina, beraz.

Denetariko ariketak
Harituz bertsozale elkarguneko kideek jakinarazi dutenez, Tolosaldean inoiz baino bertso eskola gehiago dagoela ikusirik, bertako partaideek plazaratzeko aukera izatea da txapelketaren helburuetako bat: “Parte hartzaileetako batzuk lehenago ere plazan ibiliak dira, baina beste zenbaitek lehen aldia izango du. Horrez gain, iaz hasitako Harituz Tolosaldeko bertsozaleen elkarguneko proiektuari bultzada emango zaio, taldea sendotuz eta zale berriak erakarriz”.
Tolosaldeko hamar herrietako ordezkari gisa, hamaika talde ariko da txapelketan kantuan: Aiztondo, Amasa, Andoain, Larraul (kanpoan), Villabona (kanpoan), Zizurkil, Altzo, Anoeta, Berastegi eta Tolosako taldeak, hain zuzen ere. Talde bakoitzak hiru partaide izango ditu eta zozketaren arabera egokitutako taldearen aurka lehiatu beharko du hasieran. Epaile lana saioetako entzuleek beteko dute, “epaia publikoan nahasturik egongo diren zazpi lagunek emango dute, talde bat edo bestearen alde eginez, eta beraz, talde bakarrak egingo du aurrera”. Talde bakoitzak egin beharreko lanak, berriz, denetarikoak izango dira:  “oinak emanda, bukaera emanda, puntu erantzunak, ofizioka, puntutan, koplaka... Denera hiru aldiz kantatu beharko du parte hartzaile bakoitzak. Saioak taberna, elkarte eta gaztetxeetan egingo dira herriaren arabera”.

Saioz saio, finalera
Alegia eta Larraulgo kanporaketak burutu ostean, ostiral honetan, otsailaren 21ean, Altzoko Elordin Altzo eta Berastegiko taldeak lehiatuko dira. Hurrengo saioak martxoaren 7an Zizurkilen, martxoaren 8an Tolosan, martxoaren 14an Anoetan eta martxoaren 15ean Villabonan izango dira. Finalaurrekoak, bestalde, martxoaren 22an eta 28an jokatuko dira Berastegin eta Andoainen hurrenez hurren. Txapelketari amaiera emateko, finala apirilaren 11n izango da Anoetako gaztetxean. Finaleko bertso saioaren ondoren festa ere antolatu dute, ‘Ingo al deu’ taldearen emanaldiarekin.

Beterri-Aiztondo bailarako ordezkariak:
Altzo, Anoeta, Berastegi eta Tolosako taldeekin batera, Beterri-Aiztondo bailarako ondorengo sei talde hauek  hartu/ko dute parte Harituz elkargunearen herriarteko txapelketan:

  • Villabonako taldea
    Iñaki Otaegi, Aritz Garin eta Jon Mujika: 12 urte zituela hasi zen Aritz Villabonako bertso eskolan. Azken lau urteotan bertsotan gutxixeago ibili den arren, gogotsu zetorren txapelketara. Iñaki eta Jonek, berriz, Zizurkil Goiko bertso eskolan duela bi urte ekin zioten euren bideari. Disfrutatzeko asmoz eman zuten izena txapelketan eta ondo baino hobeto bete dute helburua: oso saio txukun eta alaia eskaini baitzuten Alegiako lehen kanporaketan, Alegiako taldearekin batera. Epaileek ez zuten lan erraza izan. Azken batean, 7 bototatik 4 jaso zituen Alegiak, 3 Villabonak. Txapelketatik kanpora geratu dira, baina gustura. Lanak ondo beteta.

  • Larraulgo taldea
    Jexux Mari Irazu,Maddi Etxeberria eta Estitxu Eizagirre: Ondo ezagunak dira Jexux Mari Irazu eta Estitxu Eizagirre bertso munduan. Batak zein besteak urte luzeko esperientzia, plaza nahiz txapelketa biltzen du bere baitan. Maddi Etxeberria 16 urteko gazteak bide laburragoa egina du oraindik, baina Larraulgo kanporaketan maila ona erakutsi zuen beste bi taldekideekin batera. Indartsu ekin zioten saioari, baina Andoaingo taldea ere ez zen motz geratu. Giro bikaina, festa giroa nagusitu zen Larraulgo saioan ere. Azken epaia: Andoain aurrera, Larraul kalera.

  • Amasako taldea
    Beñat Iguaran, Oihana Iguaran eta Jokin Etxeberria: Duela hamar bat urte hasi zen Beñat Villabonako bertso eskolan, geroztik Villabona, Lasarte nahiz Asteasuko taldeetan jarraitu du kantuan. Pare bat urte geroago hasi zen Oihana lehengusua, Villabonako bertso eskolan aurrena, Asteasukoan gero. Jokinek, berriz, elkartean hasi eta elkartean jarraitzen du lagunartean kantuan. Azken hau sega txapelketetan ibilia da, baina oraingoan estreinatuko da bertso txapelketan. Beñat eta Oihana aurrez ere ibiliak dira. Esaterako, Oihanak Plazatik Gaztetxera txapelketako txapela jantzi zuen iaz Unai Mendizabalekin batera. Beñatek lehen posturik lortu ez badu ere, maila ona erakutsi du behin baino gehiagotan. Harituz-en txapelketari begira, euren asmoa “ondo pasatzea eta Villabonari egurra ematea da”, azaldu dute. Izan ere, martxoaren 15ean Aiztondo taldearen aurka lehiatuko baitira Villabonan.
  • Zizurkilgo taldea
    Jon Ormazabal, Unai Mendizabal eta Joseba Otaegi: Umetan bertso eskolan ibilitakoak dira Joseba nahiz Jon, baita eskolarteko txapelketetan jardundakoak ere. Tarte batean bertsolaritza baztertuta izanagatik, gogotsu datoz Harituz herriarteko bertsolari txapelketara. Unai, bestalde, 12 urte zituela hasi zen Asteasuko bertso eskolan. Geroztik Andoaingo taldean ibilitakoa eta egun bertso eskola ibiltariko kide da. Txapelketa ugaritan hartu du parte. Iaz Plazatik Gaztetxera txapelketako irabazle izan zen. “Ilusioa egiten dit txapelketan beste bi taldekideekin batera parte hartzeak. Ondo pasatzera gatoz”, aitortu du Unaik. Martxoaren 7an Alegiako taldea izango dute arerio Zizurkilen.

  • Aiztondo taldea
    Ander Goikoetxea, Zigor Leunda eta Haritz Mujika: Haritz 8 urterekin hasi zen bertsotan Asteasuko bertso eskolan. Geroztik Andoain, Tolosa nahiz Larraulgo taldeetan kantuan ibilitakoa da eta baita bertso eskola ibiltarian ere. Eskolarteko txapelketan dozena erdi urtean behintzat hartu du parte. Zigor bertso epaile gisa ezagunagoa izanagatik, ondo moldatzen da kantuan ere. Ander, berriz, lagunartean elkartean gustura aritzen da bertsotan. Euren asmoei buruz galdetuta, “kantuan nahiz beste taldekideen saioak entzuten ondo pasa nahi dugu. Festa pixka bat jarri eta bertsolari berriei aukera ematea da txapelketaren helburu nagusia”, erantzun du Haritzek. Martxoaren 15ean amasarrekin batera abestuko dute Villabonan.

  • Andoaingo taldea
    Aritz eta Jon Eskudero eta Ion Beloki: Jon Eskudero nahiz Beloki 15 urte zituztela hasi ziren bertsotan, euren kasara. Duela hiru urte euren ekimenez sortu zuten Andoaingo bertso eskola eta orduan gehitu zitzaien Aritz ere. Egun ere Andoaingo bertso eskolan jarraitzen dute, Ion Belokik duelarik taldearen ardura. Bertsotan oso aktiboak ez direla aipatu dute, tarteka herri mailako ekintzatan hartzen dutela parte. Lehen kanporaketaren aurretik, “ondo pasa nahi dugu. Aurkari gogorrak ditugu eta hortik aurrera ahal duguna egingo dugu”, azaldu zuten. Larrauldarrak kanpoan utzita, tolosarren aurka lehiatuko dira martxoaren 6 edo 8an (zehazteke) Tolosan bertan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!