Urtebeteko bide oparoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ots. 20a, 17:10

Joan zen urteko otsailean jarri zuten martxan “Ez gara Palestinaz ari” ikuskizuna. Andoainen ekin zioten bere bideari eta bertan amaitzea da lau taldekideen gogoa.

Aitor Atxega gitarrarekin, Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsolariak, eta Imanol Kamio pianoa eta akordeoiarekin, horiexek osatzen dute “Ez gara Palestinaz ari” ikuskizuna. Pozik ageri da Aitor, jasotako erantzunarekin: “Oso aho zapore ona utzi digu. Imanol Kamiok eta biok urte asko daramagu eszenatokietan, baina oso gutxitan gertatu izan zaigu emanaldia amaitu eta jendea guregana etortzea. Esker on ikaragarria sentitu dugu”, azaldu du larrauldarrak.
Andoaingo Bastero Kulturgunean egin zuten ikuskizunaren estreinaldi handia. “Izugarri mimatu gintuzten bertan. Oso jarrera ona erakutsi ziguten bertako langile eta arduradunek eta lehen emanaldi hark oso aho zapore gozoa utzi zigun. Geroztik, bide luzea egin du ikuskizunak”.

Gipuzkoa osoan
Gipuzkoan emanaldi asko eskaini du laukoteak. “Bederatzi hilabetetan hogeita hamar emanaldi eskaini dugu guztira; horietako asko Gipuzkoan. Krisi garai honetan kopuru horretara iristea pozik egoteko modukoa da, zalantzarik gabe. Gainera, oso baldintza onetan aritu gara beti; bai baliabide teknikoei zein alderdi ekonomikoari dagokionez, baita ikusleen aldetik ere”. Aurrera begira, Bizkaian saio ezberdinak eskaintzeko amoa dute taldekideek: “Zenbait saio eskaini dugu han dagoeneko, eta orokorrean, harrera ona jaso dugu. Ikuskizuna hitanoz eta gipuzkeraz egiten dugu, eta bagenuen zalantzaren bat horrekin, baina jendeak berotasunez hartu gaitu”.

Herrian ere bai
Ahoz aho zabaldu da ikuskizunaren berri: “Batetik bestera ibili gara, eta eskualdeari dagokionez, emanaldiaz gozatzeko aukera bat baino gehiago izan da. Asteasun aritu ginen, baita Larraulen bertan ere. Adunako kultur astean parte hartzeko gonbita ere luzatu ziguten, baina beste saio bat hitzartuta genuen dagoeneko eta ezin izan genuen joan. Harrera polita jaso genuen Asteasun nahiz Larraulen. Larraulen, espero baino jende gehiago etorri zen eta soinu arazoak izan bagenituen ere, jendea gustura gelditu zen”.

Sentimenduak taula gainean
Arrakastaren gakoaz hausnarketa egin dute taldekideek: “Kontatzen diren gauzak jendeari iritsi egiten zaizkio. Barruko gauzak kontatzen dira, gizontasunaren ingurukoak, gizon-emakumeen arteko istorioak... Gainera bi gizonezko aritzen dira kontalari lanak egiten eta horrek ere badu bere garrantzia. Jendeari asko iritsi zaio zabaldu nahi genuen mezua”.
Aitorrek azaldu duenez, bi pertsonak bizi duten barne-iraulketa; jarrera terapeutikoa taularatzen dute: “Pertsona gisa aldatzeko pasa behar izan dituztenak azaltzen dituzte bi pertsona horiek. Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariak, lehen pertsonan bizi izandakoa kantatzen aritzen dira eta hori asko antzematen da, iritsi egiten da. Estreinaldiaren aurretik, bagenuen gure zalantzatxoa, ez ote zen gainditutako gai bat. Argi ikusi dugu ezetz”.
Ikuskizun mamitsua da ‘Ez gara Palestinaz ari’: “Bertso jarriak dira ikuskizuneko oinarri, eta oso bertso mamitsuak, gainera. Ez da erraza mami hori guztia barneratzea, baina ikusleek oso ongi ulertzen dute ikuskizunaren espiritua”.

Andoain
Andoain herriak indar handia du taldekideentzat: “Bertan jaio zen ikuskizuna eta askotan aipatu izan dugu gure artean, polita litzatekeela azken emanaldia Basteron bertan eskaintzea. Oraindik ez dugu horretarako datarik jarri, baina ideia hori badabilkigu buruan”.
Etorkizunari begira, bigarren ikuskizun bat prestatzeko lanetan hasi berriak dira lau taldekideak: “Dagoeneko egin dugu lehen bilera, lehen ideiak bota eta ikuskizunari forma ematen hasteko. Oraindik ez dakigu zein bide egingo duen, baina gogotsu gaude”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!