Kaldereroen ospakizuna larunbat honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ots. 20a, 09:52

Kaldereroen konpartsak larunbat honetan hartuko ditu Andoaingo kaleak, eta parte hartzaileak gogoz aritu dira entseguetan. Aupa Kaletxiki txarangako, Alberto Agirre eta Udal musika eskolako helduen abesbatzetako eta Izartxo aisialdi taldeko kideez gain, beste hainbat herritarrek osatuko dute kaldereroen komitiba. Joxe Mari Oiartzabal da guztien zuzendaria.

Serio demonio jardun dute aurreko egunetan, Berrozpe ikastetxeko jolastokian burutu diren entseguetan. Tradizioa, umorea eta festa giroa ahalik eta txukunen uztartu nahi dituzte, eta horretarako, aparteko ahalegina egin dute bizpahiru entseguetan elkartuz. Asteleheneko saioan parte hartu zuten Edurne Murillo, Alicia Garate eta Manex Etxeberriak kalderero jaia nola bizi duten adierazi dute.

Alicia Garate
Egia esatea nahi baduzu, berria da niretzat Andoaingo kaldereroen festa. Alberto Agirre abesbatzako kide naiz, eta beste bost bat kiderekin batera hurbildu naiz entseguetara; bertako zuzendari-orde den Jesus Mari Otamendik animatu gaitu. Bost bat abeslari bertaratu gara. Gogoko dugu abestea, herriko ekimenetan parte hartzea, eta are gehiago, iaz galdu zen herriko ohitura bat berreskuratu nahi denean. Gainera, Joxe Mari Oiartzabalek hartu du musika arloko zuzendaritza eta horrek kalitatearen ziurtagiria eransten dio konpartsari.
Niri ez zait batere kostatzen mozorrotuta kalera ateratzea. Tolosarra naiz, eta suposatzen da Inauteriak barru-barruan eraman behar ditudala... Ezkondu nintzen arte Inauteri garaian oso animatua ibiltzen nintzela ezin dut ukatu. Kaldereroetan ere hartzen nuen parte. Alde horretatik, badakit zer den zartagia eskuetan hartu eta kalean zehar ibiltzea kantari. Aldaketa bakarra abestiek eragin didatena da; gaztelaniaz ziren Tolosan, eta euskaraz hemen. Txuletarekin aterako naiz kalera, baina espero dut letrak lehenbailehen buruz ikasita edukitzea.

Edurne Murillo
Iaz pena galanta hartu nuen, parte hartzaileak falta zirela-eta kaldereroen festa polit hau ez zelako Andoaingo kaleetara eraman. Izan ere, betidanik izan naiz kalderero zalea. Sei-zazpi bat txandatan atera naiz Andoaingo kalejiran. Martxa eta poza transmititzen du kaldereroen festak. Inauterien iragarlea da, eta nire ustez, inauteriak ez lirateke izango direnak, kaldererorik gabe. Abestiak, zartagien hotsa, txarangaren musika..., denak dauka bere xarma. Baina batez ere, kalean sortzen den giroa atsegin dut gehien.
Saiatzen naiz mutil-lagunari eta adiskideei adierazten zein polita den festa hau, baina alferrik denez, bakarrik irtengo naiz aurtengoan ere. Pena ematen dit, baina ezingo dut afarira joan, lana egitea egokituko baitzait biharamunean, eta gorputzak atsedena eskatzen du.

Manex Etxeberria
Izartxo aisialdi taldeko begiraleok bereziki bultzatu nahi dugu kaldereroen erritual hau, eta horrexegatik, La Salle-Berrozpeko DBHko ikasleen artean deialdia zabaltzen ibili gara, bertan parte hartzera animatuz. Egunotan buru-belarri gabiltza Inauterietako karrozaren prestaketa lanekin (Caribeko piraten gaia darabilgu esku artean); baina bere garrantzia eman nahi diogu kaldereroen konpartsari ere. Festa polita delako, eta festa giroa zabaltzen duelako herrian, Inauterien primerako atari bilakatuz.
Lehen aldia izango da niretzat, baina entseguetako giroa ikusita, ziur naiz egunean zehar ederki gozatuko dugula. Eguerdi aldean bilduko gara Izartxo taldeko guztiak. Elkarrekin bazkaldu eta entsegu txikia egingo dugu; gero arratsaldean, Kaletxikira jaitsi eta gainerako guztiekin bat egingo dugu. Talde polita osatuko dugu Andoaingo bazterrak alaitzeko!  

Okerrak ZUZEN
Otsailaren zazpiko Aiurri astekarian, zuzenak ez ziren bi datu argitaratu ziren. Kalderero jaiei buruz bertan adierazi zenez, martxan jarri zenetik Andoaingo kalderero jaiak ez zuen etenik izan 2013ra arte; egiari zor, baina, 2003-2005 urteen artean kalderero jairik ez zela izan zehaztu beharra dago. Dena esatera, 1987an jarri zen abian kaldereroen konpartsa, eta ibilbide polita egin zuen harrezkero. Antolaketaz epe ezberdinetan Felix Martinez de Lezea, Joxe Mari Ormazabal eta Imanol Etxeberria arduratu ziren.
Bigarren okerra, kantutegiarekin du zerikusia; otsailaren zazpiko Aiurrin bat ezik gainerako abestiak gazteleraz abestu izan direla adierazi bazen ere, datu hori ere okerra da. Euskaraz abestu izan dira hasiera-hasieratik, hungarieraz abesten den kantu bakarra salbu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!