Joan zen urtarrilean, atez ateko zabor bilketa sistema baloratzeko prozesua abian jarri zuen Udalak, sei hilabeteren ostean herritarrek duten iritzia jakin nahian. Horretarako, urtarrilean zehar etxez etxe galdetegia banatu zitzaien herritar eta erabiltzaileei. Udaleko kideek herritarren parte hartze zabalagatik esker ona adierazi dute, “200 ekarpen baino gehiago jaso dira buzoien bidez, eta ia 100 elkarrizketa egin dira sortzaile handiekin eta herritarrekin euren balorazioa ezagutzeko. Ekarpen horiek guztiak aztertu ostean bilera irekiak egingo dira, sistema hobetzeko ekimen zehatzak bideratzeko. Jakinaraziko da bileren berri. Mila esker zuen ekarpena egin duzuen guztiei!”.