Torturaren inguruko jardunaldien balorazioa egin du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ots. 18a, 11:56

Pasa den astean "Torturaren egia; itzaletik argira" izenburupean egindako jardunaldien balorazioa egin berri du Zizurkilgo Udalak ohar baten bidez.

Irakurri oharra: 

Zizurkilgo Udalak bere poza azaldu nahi du “Torturaren Egia: Itzaletik Argira” jardunaldiek emandakoagatik. Hasieran jarritako helburuak bete ez ezik, gainditu direla iruditzen zaigu. Hitzaurrean aipatzen zen bezala, iragan hurbileko biolentziari begiratzeko orduan, ezkutuen dagoen errealitatea da tortura, eta honenbestez, errealitate hori azaleratzea zen helburu nagusia.

 

Bide horretan azpimarratzen dugu hiru solasaldiek izandako mamia. Hiruretan, jendearen erantzuna bikaina izan da, eta baita igandeko ekitaldi nagusian ere. Alderdikerietatik haratago, biktimetan oinarritutako jardunaldiak izan dira, torturaren dimentsioa erakutsi dutenak, inpunitatea salatu, familien mina azaleratu eta behingoz aitortza eta erreparazioa eskatu torturatutako milaka herritarrentzat, bereziki Joxe Arregi bezala, torturaz hil zituzten guztientzat.

 

Helburuak gainditu ditugula esaten dugunean ordea, zera nabarmendu nahi dugu. Aste honen testuinguruan, zizurkildar bat baino gehiago lehen aldiz ausartu dela bere garaian torturatua izan zela kontatzera. Gaur egun jasota dauden tortura kasuak asko izanik ere, uste baino sakonagoa eta zabalagoa da torturaren orbana, eta horrek egin beharreko lana hasi besterik ez dela egin erakusten digu.

 

Aste honekin batera egokitu den Eusko Legebiltzarreko ebazpena lanabes egokia izan liteke. Txalotu egiten dugu legebiltzarrak torturatuen inguruko txostena egiteko erabakia hartu izana. Iruditzen zaigu bide luze baten hasiera dela, aitortzatik hasi eta erreparaziora iristeko. Mota honetako ekitaldi gehiago beharko dira zalantzarik gabe.

 

Aurrera begira, aurretik esan genuen bezala, Zizurkilgo Udalarentzat gertuko biolentziari erreparatzeko orduan lehen urratsa izan da hau. Orain alderdi politikoekin eta memoriaren inguruan lan egiten duten herriko eragileekin bat, herrian izan ditugun beste biolentziak aztertzeko lanean hasiko gara, etorkizuneko elkarbizitza sendoa helburu hartuta.

 

Amaitzeko, Udaletik eskerrak eman nahi dizkiegu hizlariei, ekitaldian parte hartu zutenei, jarraipena egin duten komunikabideei eta laguntzaile izan diren guztiei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!