Emakumeen autonomia eta erabakitzeko eskubideen defentsan, mozio onarpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ots. 17a, 15:14

Villabonako Udalbatzak otsailaren 5ean egin zuen osoko bilkuran, emakumeen autonomiaren eta erabakitzeko eskubidearen defentsan, ondoko mozioa onartu zuen:

Estatu espainolean PP buru den Ministroen Kontseiluak "Kontzebituaren eta emakume haurdunaren eskubideen babeserako" Lege Organikoaren aurreproiektua onartu berri du, egungo osasun sexual eta erreproduktiboaren eta borondatezko haurdunaldia eteteko 2/2010 LO aldatuz. Aldaketa horrek emakumeen autonomiaren kontra egiten du bete-betean edo, bestela esanda, oinarrizko giza eskubide gisa onartutako eskubide sexual eta erreproduktiboen aurka. Hamarkadatako borrokaren bidez lortutako eskubidea zartada batez ezabatu nahi dute: emakumeek beraien bizitza sexual eta erreproduktiboaren inguruan erabakitzeko eskubidea izatea, alegia, inolako tutelarik eta jarraipenik gabe. Egin asmo duten kontrarreformak emakumeen autonomia urratu, emakumeen heldutasuna, erabakitzeko gaitasuna eta ardura ukatu egiten ditu, abortatu ahal izateko beste batzuekiko menpekotasuna ezarriz. Hala, emakumeon gorputzak Estatuak eta medikuntzak interbenitutako erreprodukzio hutsera murriztu ditu. Finean, lege egitasmo honek emakumeak gutxiesten ditu; haien borondatea eta haien bizitzarekiko kontrola haien eskuetatik kendu eta Estatuaren tutelapean ezarri. Lege honek ez du hogeita hamar urteko atzerapen bat besterik suposatuko, eta zalantzan jarriko ditu sexu eta erreprodukzio eskubideen eta emakumeen askatasunaren alorrean nazioartean lortutako konpromisoak. Lege honekiko gaitzespenak sostengu zabala izan du jendartean ere, non eragile sozial, profesional eta feministak batu diren deiadar horretara. Esanguratsua da, baita ere, kontrarreformarekin tematzen diren bitartean, prebentzioa lantzeari uko egiten diotela, haur eta gazteen hezkuntza afektibo-sexuala garatzeko baliabideak gero eta urriagoak baitira. Lege Aurreproiektu honek suposatu duen arbuio orokorraren aurrean, Villabonako Udalak honakoa adierazi nahi du:

1. Villabonako Udalak “Kontzebituaren eta emakume haurdunaren eskubideen babeserako” legearen aurreproiektua gaitzetsi eta bere tramitazioa bertan behera uztea eskatzen du.

2. Honako pleno akordioa Eusko Jaurlaritzari, Espainiar Estatuko Gobernuari eta Justizia Ministro den Alberto Ruiz Gallardoni helaraziko zaie.

3. Udal honek emakumeen autonomiarekiko eta, zehazki, ugalketarako autonomiarekiko duten eskubidearekiko konpromisoa berresten du. Haurdunaldia eteteko erabakiak emakumeen borondatea izan behar du ardatz etan baldintza nagusi.

4. Udal honek, Haurdunaldiaren Borondatezko Eteteak osasun sistema publikoaren baitan egitearen aldeko hautua egiten du, pertsonal sanitarioaren kontzientzia objezioa arautuz eta aipatutako zentro publikoetan emakumeek Haurdunaldiaren Borondatezko Eteterako duten eskubidea gauzatu ahal izateko beharrezkoak diren talde profesionalak daudela bermatuz.

5. Erreforma honi erantzun bateratu bat emateko mugimendu feminista eta emakumeen mugimenduak egindako lan itzelari errekonozimendua egiten dio, eta Udal honek bat egiten du eskubide hau babesteko mobilizazioekin.

6. Herritarrei dei egiten diegu emakumeen autonomiaren alde eta, zehazki, oinarrizko eskubide honen alde egin dezaten eta Espainiako gobernuaren kontrarreformaren aurkako mobilizazioetan parte har dezaten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!