130 urnietarrek parte hartu zuten ekimenaren aurkezpen ekitaldian.
Gure esku dago Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika da, 2013ko ekainaren 8an hasi zena. Mugimendua anitza eta parte-hartzailea da, tokian tokiko ekimenei aterkia eskaintzen diena. Helburu nagusiena 2014ko ekainaren 8an 50.000 lagun biltzea da, Durango eta Iruñea artean dauden 123 kilometroak giza kate erraldoiarekin osatzeko. Andoainen eta Urnietan lan taldeak dagoeneko osatu dira eta Urnietak aurreko larunbatean agerraldi publikoa egin zuen.
San Juan plazan taldeko argazkia atera eta giza kateari ekin aurretik, “Gure esku bidea. Erabakitzeko eskubidearen aldeko” manifestua irakurri zuten: “Garai berriak bizi ditugu Euskal Herrian. Garai berri hauez baliatuz, elkarlanaren ildotik urrats berri eta sakonak egiteko unea dela deritzogu. Ezinbestekoa da elkarrekin aurrera egitea ziklo berri eta ilusionagarria irekitzeko, eta bide honetan herritarrak protagonista nagusi bilakatu beharko dugu.
Jarrera positibo honetatik eta norbanakoak zein kolektiboak diren eskubide zibil eta politikoekiko begirunetik abiatuz, demokratikoa eta unibertsala den eskubide batekiko atxikimenduak biltzen gaitu: Erabakitzeko eskubidearekiko atxikimendua, alegia.
Norberak etorkizunari begira proposa ditzakeen proiektuetatik haratago, uste dugu posiblea, beharrezkoa, egokia eta zilegi dela guztion arteko elkargunerako aukera eskaintzen duen eskubideaz ari baikara. Honengatik guztiagatik, honako hau aldarrikatzen dugu:
- -Herri gisa gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula.
- -Erabakia hartzea herritarroi dagokigula”.
- Hitzordu ugari deitu dituzte Urnietan, datozen asteetan.
Urnietar ordezkaritza zabalak eta anitzak bat egin zuen “Gure esku dago” ekimenarekin. Aurreko larunbatean San Juan plazan irudi horixe bera irudikatu zen. Asteak dira lan taldea martxan jarri zenetik eta dagoeneko aurkezpen publikoa egin dute. Ehundik gora lagun bildu zituzten, eta ekaina bitarte hamaika ekitaldi antolatu dituzte Urnietan bertan.
Hitzorduak Urnietan
- Otsailak 21, ostirala. 19:00. Hitzaldia. Gazta zati bat dokumentala eskainiko dute Xoxokan.
- Otsailak 28, ostirala. Gure Esku dago kanpainako furgoneta bat Urnietan bertan izango da. Atxikimendua adierazi edota bideoak ikusteko aukera.
- Martxoak 7, ostirala. Gazta zati bat dokumentala eskainiko dute Saroben.
- Martxoak 23, igandea. Atxikimendua emateko sinadura bilketa egingo dute herrian bertan.
- Udaberrian herriko kultur eta kirol taldeekin elkarlanean jaialdi bana antolatuko dute.