Kalitatezko osasun publikoaren aldeko manifestazioa, eskualdeko alkateen parte hartzearekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ots. 15a, 15:59

Eguerdian Tolosatik manifestazioa irten da kalitatezko osasun zerbitzu publikoa aldarrikatuz. Deitzaileak eskualdeko alkateak izan dira, eta eragile gehiagoren babesa lortu dute. Jendetza bildu da Tolosako kaleetan.

Manifestazioaren osteko manifestua:

“OSASUN ESKUBIDEA, PUBLIKOA ETA KALITATEZKOA”

manifestazio osteko irakurketa

Gaur hemen, eskualde honetan bizi garen biztanleak kezka handi baten ondorioz bildu gara. Gaur hemen gure osasuna diruaren gainetik dagoela aldarrikatzeko elkartu gara. Gaur hemen, duintasunaren eta etorkizunaren alde elkartu gara.

Sarri aipatu dugu, baina askotan esan arren, ozen ohiukatzen jarraituko dugu, entzun nahi ez gaituzten horiei argi eta ozen iritsi zatzaien gure ahotsa:

  • Euskal Herriko gainontzeko eskualdeetako zerbitzu bera nahi dugu, publikoa, kalitatezkoa, erdigunean pertsonak izango dituena diruaren gainetik. Argi adieraziko diegu, gurea ez dela aldarrikapen demagogo bat, ongizatean, bizi kalitatean oinarrituriko aldarrikapena baino. Ez gara merkantzia bat, pertsonoi, ezin zaigu prezioa jarri eta gure osasun kalitatea ezin da pertsona baten diru irabazietan oinarritu. 
  • Osasun zerbitzurik hoberena publikoa, kudeaketa publikoaz eskaintzen dena dela argi dugu. Gu guztion zergen bidez ordaindua, publikoa, unibertsala, kalitatezkoa. Inon, eta frogatu nahi izan den arren, inon ez delako frogatu osasun zerbitzuen gestio pribatua publikoa baino hobea denik, ezta merkeagoa ere. Berriz esango dugu, ozen entzun gaitzaten: inon, ez Kanadan, ezta Britania Handia ezta Australian ere kudeaketaren pribatizazioak eman arren, inon ez da frogatu, alderantziz, frogatu izan dena gestio publikodun kudeaketa dela eraginkorrena. Dela hoberena.
  • Nola da posible 1983an ekonomikoki administrazioak egun baina diru gutxiago izan arren, osasun sistema oso bat martxan jartzeko gaitasuna izatea, eta egun hau desmantelatzen joatea. Nola da posible orduan baino medio gehiagorekin zerbitzuaren kalitateak okerrera egitea.
  • Beraz, zergatik, zergatik horrenbesteko interes, zergatik ongi funtzionatzen duen zerbitzu baten aldaketa? Nola da posible kexurik ez zuen zerbitzu bat aldatu eta eskualde oso bat zutik jarri arren, Eusko Jaurlaritzak aurrera jarraitzea, beste aldera begiratzea. Gure ustez, honen atzean publikotasunaren, hau da oinarrizko eskubideen murrizketa bat dago, gutxi batzuen interes ekonomikoa denon osasun eskubidearen gainetik jartzeko arrazoia. Eta, hemen, Tolosaldean, froga bat egiten dabiltza, laborategiko arratoien moduan gaituzte, frogatzen, arrakasta badute beste esparru eta lurralde batzuetan zabaltzen joateko.
  • Batzuentzat gainera, hemen zerbitzuen ķontzertazioa da ematen dena eta ez pribatizazioa. Garden adierazi nahi diegu, garden eta ozen, gezurretan ez ibilitzeko, eta herritarrei iruzirrik ez egiteko. Kontzertazioa, Invizarekin, Asuncion klinikarekin, hitzarmena sinatu aurretik zegoen egoera zen eta ez egungoa. Kontzertazioa diogu, egungo egoeraren aurretik, anbulategietan eskaintzea ez zeuden zerbitzuak Donostiako ospitalean edota Asuncion klinikan eskaintzen zirelako. Hori da kontzertazioa, zerbitzu asistenzial publikoak eskaintzea ez dituen zerbitzuak klinika pribatu batekin kontzertatzea, kontratatzea.

Egun, egoera ez da hori. Egun, anbulategiak itxi nahi dizkigute, egun espezialitateak lapurtu dizkigute, zerbitzu hori Asuncioneko klinikari oparituaz. Ez azalpen, ez arrazoi, ez ezer. Horregatik diogu, zerbitzu publikoak, kendu eta hauek ospitale pribatu batek eskaintzea ez da kontzertazioa, pribatizazioa baizik.

  • Eta honi lotuta ere, bada beste gai garrantzitsu bat, eta prozesu guzti honen iluntasuna da. Alkateoi bizkar eman zaigu lehen momentutik, informazioa eskatua izan arren, behin eta berriz ixiltasuna izan dugu erantzun, behin eta berriz luzatu eta luzatu egin dizkigute bilera eskaerak. Ez ote gara inor? Eskualde batetako, EHko herri gehien dituen eskualdeko 30 alkateek testu eta deialdi, idatzi zein mozio bateratuak egiteak ez al du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarentzat nahikoa garrantzi? 
  • Lasai egoteko erantzuten zaigu, zerbitzuen gaineko jarraipena egiten duela Osasun Sailak adierazi. Baino, horren gaineko txostenik ez, horren inguruko azterketarik ez. Nola egongo gara lasai, gure osasunaren ardura duen enpresaren sareak, ogasun publikoari bizkar ematen badio, nola egongo gara lasai, irabaziak maximalizatzeko, handitzeko sare bat antolatua duela ikusita. Nola egongo gara lasai, hori guztia ikusita.
  • Gaur hemen gauden 30 alkateok argi eta garbi dugu, eta Osasun sailari berriro eskatuko diegu, eskua luzatuz, egoera honi irtenbidea bilatu asmoz, denaren gainetik gu guztion osasuna jarriz, ondorengoa:
  • Eseri gaitezen, eseri eta azter dezagun egungo egoera, itzul gaitezen 2011ko azaroa aurreko egoerara eta bete ditzagun berriz ere anbulategiak. Bete ditzagun hutsak gelditu diren espezialitate kontsultak, oraindik garaiz gaude eta.
  • Aztertu ditzagun denon artean, eskualdeko osasun zerbitzuen katalogoan, zein ardura duen nork eta bideratu ditzagun akordioak. Bermatu dezagun eskualdeko 65.000 pertsonok kalitatezko, osasun zerbitzu erabat publikoa jasoko dugula. Erabili ditzagun urtero Osasun Sailak bideratzen dituen 20 milioi euroak eskualdeko ospitale publikoa finantzatzeko eta ez negozio pribatu bat sustatzeko.
  • Hemen gauden alkateak, hitz egin eta akordioetarako prest agertzen gara, berriz ere, Eusko Jaurlaritzaren mezuak  dioen moduan, "pertsona helburu" dugulako.

 

Baina aldi berean diogu, eskaera honi muzin egiten jarraituz gero, gu ez garela ixilduko, argi dugulako, beste toki batzuetan borroka hau irabazi den bezala, guk ere, guztion artean irabaziko dugula. Etorkizuneko zerbitzuak nolakoak izango diren dugulako jokoan, etorkizuna gaurdanik idazten delako eta, gu, eskualde hontan, Tolosaldean bizi garen gizon emakume, gazte zein zahar erdigunean egon nahi dugulako. Gure osasuna dirutan kontatzerik ez dagoelako, jarrai dezagun argi, ozen, kementsu eta alai oihukatzen. Osasun eskubidea, publikoa eta kalitatezkoa!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!