“Zure bazkaria ez da hondakin bat” bideo lehiaketan saritu dute Aita Larramendi ikastola

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ots. 12a, 15:08

Epaimahaiak DBH mailan Andoaingo Aita Larramendi ikastolaren lana saritu du. Sare sozialetan, gainera, bideoak boto gehien jaso ditu.

Bideoa | Albistea:


Gaur arratsaldean sariak banatuko dituzte Bilbon. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Hondakinen Prebentzioaren Astearen haritik antolatutako lehiaketa da honako hau, 12-18 urte arteko ikasleei zuzendua, eta gaztetxoek elikagaiak hondakin ez bihurtzeko proposamenak bideoan jasotzea zuen helburu. Guztira, bost sari banatuko dira gaur, eta denak Gipuzkoako ikastetxeetako gazteek jasoko dituzte.

Epaimahaiak hiru proiektu saritu ditu: Lanbide Heziketa kategorian, Easo Politeknikoko ikasleak izan dira irabazle; DBH kategorian, Andoaingo Aita Larramendi ikastolakoak, eta Batxilergoan, Arrasate Institutukoak. Hiru sariok Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ingurumeneko zuzendariek banatuko dituzte.

Sare sozialetan boto gehien jasotako bideoari emandako sariak, bestalde, Andoaingo Aita Larramendiko eta Oñatiko Zuazola Larrañaga ikastetxeko ikasleek jasoko dituzte. Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko zuzendariak emango ditu bi sari hauek.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendari Ainhoa Iraolak sarietako bat emango du, eta poza agertu du sarituak Gipuzkoako ikastetxeak direlako. “Argi dago kontzientziazioa zabaltzen ari dela Gipuzkoan; gero eta garbiago dugu ezin dugula xahutu eta baliabideak aprobetxatu behar ditugula, baita jana bera ere. Ikastetxeetan ere lan polita egiten ari dira hondakinen alorrean, sentsibilizazioa eta jardunbide egokiak ikasleen artean zabaltzen. Joera horren erakusle dira sariak”.

Iraolak sentsibilizazioaren garrantzia nabarmendu du, “batez ere, ikasleen kasuan, haiek osatuko dute-eta etorkizuneko jendartea. Ikasleek ohitura egokiak ikasi eta praktikara eramaten badituzte, aurrerapauso handia emango dugu geroari begira”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!