Parte hartze proiektuaren bigarren bilera ere jendetsua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ots. 12a, 15:04

Villabonako Udala osatzen duten hiru alderdiek antolatuta (EH Bildu, EAJ-PNV, PSE-EE), parte hartzea arautuko duen ordenantza idazteko 2. bilera burutu zen atzo iluntzean Subijana etxean. 30 lagun elkartu ziren bertan, herriko eragile sozial eta kultural gehienak ordezkatuz. Villabonako Udaleko komunikabide sailak jakinarazi duenez, “Ordenantzaren mamia aztertzera jo zen zuzenean, eta taldetan banatuta ordenantza lagin bat harturik artikulu ezberdinak eztabaidatu zituzten. Horrela, Amasa-Villabonan sortuko den ordenantzak beharko lituzkeen puntuak zehaztuz. Jarraian, galdeketa izan zen hizpide; Amasa-Villabonan galdeketa esperientzia bakarra izanik, uztailean egindako galdeketatik zer ikasgai atera zuten azaldu zuten herritarrek. Azkenik, galdeketa arautzeko zortzi galderei erantzun zieten taldeka.

Ordenantzari forma emateko informazioa bildurik, aholkulariek datorren astean osatuko dute ordenantzaren zirriborroa. Otsailaren 25ean izango da azken bilera”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!