Harituz bertsozale elkarguneko kideek jakinarazi dutenez, Tolosaldean inoiz baino bertso eskola gehiago dagoela ikusirik, bertako partaideek plazaratzeko aukera izatea da txapelketaren helburuetako bat. "Parte hartzaileetako batzuk lehenago ere plazan ibiliak dira, baina beste zenbaitek lehen aldia izango du. Horrez gain, iaz hasitako Harituz Tolosaldeko bertsozaleen elkarguneko proiektuari bultzada emango zaio, taldea sendotuz eta zale berriak erakarriz".
Txapelketan 11 talde ariko dira, 10 herriren ordezkari: Villabona x 2, Amasa, Alegia, Andoain, Anoeta, Larraul, Tolosa, Altzo, Berastegi eta Zizurkil.
Talde bakoitzak hiru partaide izango ditu eta zozketaren arabera egokitutako taldearen aurka lehiatu beharko du hasieran. "Epaia publikoan nahasturik egongo diren zazpi lagunek emango dute, talde bat edo bestearen alde eginez, eta beraz, talde bakarrak egingo du aurrera. Ariketak, berriz, denetarikoak izango dira: oinak emanda, bukaera emanda, puntu erantzunak, ofizioka, puntutan, koplaka... Denera hiru aldiz kantatu beharko du parte hartzaile bakoitzak. Saioak taberna, elkarte eta gaztetxeetan egingo dira herriaren arabera".
Otsailean burutuko diren lehen faseko kanporaketak:
-Alegia (Ixkiña tabernan): Otsailak 14, ostirala. Alegia / Villabona.
-Larraul (ostatuan): Otsailak 15, larunbata. Larraul / Andoain.
-Altzo (Elordin): Otsailak 21, ostirala. Altzo / Berastegi.