“Osasun eskubidea, publikoa eta kalitatezkoa” aldarrikatzeko manifestazioa deitu dute Tolosan, eskualdeko alkate guztien sinadurarekin. Ekimena Andoaingo udaletxean aurkeztu zuten.
2011tik hona osasun publikoari dagokion zerbitzuetan aldaketak izan dira eta hori dela eta talka sortu da Udal ordezkarien eta Jaurlaritzaren artean. Udal agintariak osasun arloko espezialdidadeak anbulatorioetara berriro eramatea eskatzen ari dira, baita orain arte bezala eskualdean erreferentziazko bi ospitale izaten jarraitzea, hots, Asuncion Klinika Tolosan eta Donostia Ospitala Donostian. Udalen ekimenak herritar askoren babesa jaso du, asko eta asko kezkaz bizi baitute egoera berria. Deitzaileen artean aurki daitezke Beterri-Aiztondoko sei alkateak eta Tolosaldeko beste hogeita bost gehiago. Ana Carrere Andoaingo alkate bozeramaile zela, zera adierazi zuen agerraldian: “Eusko Jaurlaritzako Osasun saila Tolosaldeko herritar guztien ahotsa gutxiesten ari dela uste dugu. Gure herritarron osasun arreta kalitatezkoa izango bada, zerbitzu publiko bat ezinbestekoa dela sinesten dugu eta berau lortzeko bidean jarraituko dugu. Gure herritarren osasuna ez delako negozioa eta instituzioen lana kalitatezko zerbitzuak bermatzea delako”.