Marta Elvira ETBko kazetaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ots. 7a, 14:45

Marta Elvira Andoainen bizi den Gasteizko kazetaria da. “Euskal Herria zuzenean” saioan jarduten du egunero, ETB1n. Albistea non hara joan behar izaten du, kamera lagun duela. Egunean bi erreportaje egiten ditu. Euskal Herriko makina bat jende eta bazter ezagutu ditu era horretan. Andoainen bertan albiste bat jorratzea egokitu zitzaion, lehengo astean.

Gasteiztarra izanda, zertan erakarri zintuen Andoainek?
Marta Elvira: Nire bikotea den Aitor Argentinan ezagutu nuen. Aitor Andoainen bertan bizi zen, eta ni Iruñean nintzen orduan. Euskara ikasten ari nintzen, eta trebatzeko hona etortzeak on egingo zidala pentsatu nuen. Ikusiko dugu zer egin, ikusiko dugu zer egin… eta konturatzerako, Andoainen geratu! Zazpi urte daramatzat bertan, jada. Maddi alaba ere bertan jaioa dugu.  

Eta zer iruditzen zaizu Andoain bezalako herri bat?
M.V.: Oso gustura nago Andoainen. Herri polita eta erosoa da bizitzeko. Denetik dago, eta oso ondo komunikatua dago; Donostia hortxe daukazu, eta Gasteiz ere ez da horren urrun geratzen. Klima ere hangoa baino epelagoa da! Leitzaran bailara hor bertan edukitzeak, gainera, balio erantsia ematen dio Andoaini.
Bizitzan garrantzitsua da zauden tokira moldatzen jakitea, eta horretan ez daukat arazorik. Ni primeran integratu naiz herrian. Gustura asko ibiltzen naiz Aitorren kuadrilarekin Kale Nagusian edo Zumea inguruan, kafe bat hartuz!

Zein ibilbide egin duzu kazetari gisa orain arte?
M.V.: Nafarroako Opuseko unibertsitatean ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen, eta Iruñean bertan, Canal 6 telebistan sei bat urte egin nituen. Elkarrizketak egin, saioak aurkeztu, prentsaurrekoak grabatu…, denetik egin behar izaten genuen bertan, langile gutxi baikinen! Halako batean, dena haizea hartzera bidali eta Lazkaora abiatu nintzen, euskara barnetegira. Sei hilabete egin nituen bertan.
Marokon oporretan nintzela, Urko Aristik (ETBko eguraldiko kazetaria) hots egin zidan Bi errepidean saioan parte hartzeko gonbidatuz. Horrela, gidoilari gisa jardun nuen bi urtez, Urko Aristi bera eta Alex Sardui aurkezle zirela. Saioa Lopez lehendakariaren etorrerarekin batera kendu zuten, eta orduan, ETB2 Euskadi Directo eta Equipo ED saioetan hasi nintzen, casting-an parte hartu eta gero.
Une honetan, antzeko formatua daukan Euskal Herria Zuzenean nabil ETB1n, iazko irailaz geroztik.

Denetariko erreportajeak egiten dituzu…
M.V.: Gatazkak, jaiak, istripuak… denetik egokitzen zait lantzea; montajea ere neuk egiten dut. Oso pozik nago zeregin horrekin, Euskal Herria eta euskal herritarrak gertu-gertutik ezagutzeko aukera ematen didalako, gogoko dudan lanbidea garatuz. Egunean bi erreportaje egiten ditut. Bizpahiru minutukoak izaten dira, baina igual goiz oso bat pasatzen dut albistea dagoen toki horretan. Jakina, jendeari ikusmina sortzen zaio telebista azaldu delako bere inguruan, eta den-dena kontatu nahi izaten dizu askotan. Denbora askoan grabatu arren, albistea sintetizatzen saiatuko naizela azaltzen behar izaten diet. Ez da samurra egoera hori, erantzukizuna baitaukazu borondate osoz hartu zaituen jende horrekin.  
 
Zer moduzkoak gara euskaldunak kamera aurrean?
M.V.: Nik beti esaten dut Sevillako kaleetan, esaterako, minutu batean egiten duzun lan horrek, hemen ez dakit zenbat denbora eskatzen dizula. Gainera ETB1eko langileek zailagoa daukagu lana, sarri ez baita erraza  euskal hiztunik kalean topatzea. Aparte, beste zenbait faktore hartu behar da kontuan: eguraldia, gaia… Esate batera, jarrera irekiagoa izaten du jendeak gastronomiarekin lotutako egoeratan, edo eta eguraldi ona egiten duenean.
Nolanahi ere, nahiko ondo moldatu naiz orain arte.

Telebistan minutu batez aterata famatu egin daitekeela bat, esan ohi da…
M.V.: Telebistak indar handia dauka guztion bizitzan, hori ezin da ukatu. Konturatuta nago, batzuetan, bizpahiru minutuko erreportaje bat egoera bat aldatzeko baliagarri dela. Guri ezagunak egiten zaizkigun bi egoera kontatuko dizkizut. Lehenengoan, arazoren bat daukan auzo batera hurbiltzen zara, eta han, herritarrek adierazten dizute udalak ez diela inoiz kasurik egin. Bada, udaleko ordezkariekin harremanetan jartzen zara beren bertsioa eman dezaten; igual ez dute nahiko kamera aurrean ez hitz egin, baina hartaz gero, ohartzen zara erreportajeak balio izan duela gauzak konpontzen hasteko. Bigarren kasuan, gaixotasun arraro bat daukan haur baten familia da protagonista; diru bilketan ari dira haurrari laguntzeko. Erreportajea emititu, eta hor hasten da deika ikusle ugari, lagundu nahi duela esanez!
Horrelakoetan, poza eta satisfazio handia sentitzen dut. Telebistak, orduan, inoiz ez bezala hartzen du zerbitzu publikoaren zentzua.

Andoainera zenbat alditan hurbildu zara?
M.V.:  Txertota jatetxeko sukaldean izan nintzen orain ez dela asko. Kaleko ikur frankisten gaiak ekarri ninduen berriro, lehengo astean. Azken saio horretan, harrituta geratu nintzen pixka bat; Karrika eta Goikoplazan ibili nintzen eta uste baino euskaldun gutxiago topatu nituen. Agian izango da Andoain euskaldunagoa zela iruditzen zitzaidalako. Izan ere, nire mutil-lagunaren ingurua, dela bere familia, dela bera lagunak… denak euskaldunak dira!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!