Hiazinto Fernandorenari gertuko lagunen omenaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ots. 7a, 14:43

Euskalgintzan ibilbide oparoa egindakoa da Hiazinto, baina sekula ez du ametitu esker oneko ekitaldirik. Nolanahi ere, adiskide ugari egin ditu bide horretan, eta horiek esker ona agertu nahi izan diote beti; azkenean, behintzat, ekitaldi xume bat antolatzeko erabakia hartu dute. Musuak, besarkadak eta emozioak eragindako malkoak, musika eta koplekin nahastu ziren Andoaingo herenengo ekitaldian.

Ezin omenaldi hunkigarriagoa eta politagoa izan, Hiazintoren lagun eta adiskideek eskaini ziotena Martin Ugaldeko ekitaldi aretoan, astearte iluntzean. Poza eta emozioa antzeman zitekeen Hazintoren arpegian ekitaldian zehar. Orain bi urte jasandako gaixotasun batek mintzamenarik gabe utzi duen arren, eskuekin keinu eginez adierazi ahal izan zuen sarritan zenbat estimatzen zuen bere adiskideak bildu izana.     
Lazkaon apaiz gisa jardun zuenetik, makina bat egitasmotan hartu zuen parte. Bultzatzaile nagusi izan zen gehienetan. Gipuzkoako ikastolen federazioa, Lazkaoko ikastola, andereñoen formazio eskola, material didaktikoa eratzeko egitasmoa (Gordailu), udalekuak, itzulpengintza... Horietan denetan, beti nabarmendu zen bere ekintzailetasunaz eta erakartzeko zeukan ahalmena, jendea euskalgintzara erakartzekoa alegia. Urratutako bide horietan, makina bat pertsonek eduki dute Hiazinto ezagutzeko parada, eta horietako zenbait hurbildu ziren Andoaingo ekitaldira. Euskal Herri osoko jendea bildu zen.
 
Adar ugariko arbola
Aurkezpen lanak egin zituen Koro Etxeberriak omenaldiaren zergatiak aipatu zituen lehenengo eta behin: "Argi adierazi nahi dizugu, Hiazinto, lagunak lagun artean zurekin elkartzeko aukera bilatu dugula; espero dugu barkatzea egin dizugun tranpatxo hau. Ekitaldi xumea, goxoa, adiskidetasunez eta maitasunez betea egin nahi izan dugu. Ez gara izen handiko jendea, bai zurekiko esker ona eta maitasuna soberan duena. Ondo baitakigu, zu, Hiazinto, beste batzuekin batera, ezinbesteko pieza izan zarela euskalgintzan. Gizon osoa eta koherentziaz betea, hainbat egitasmoren bultzagile eta konplizea. Elkartasuna eta militantismoa praktikara nola eraman, erakutsi izan diguzu. Eredugarri izan zara apaiza, irakasle, langile edo idazle moduan".
Ekitaldian zehar, Dionisio Amondarain euskaltzaleak gogoeta ederrez hornitutako mintzaldia egin zuen, eta Hernaniko musika eskolako kideek hainbat musika pieza jo zituzten. Bertaratu ziren guztiek, koplak abesteko aukera ere eduki zuten.
 
Koro Etxeberria
Omenaldiaren antolaketako kidea

“Asko gara Hiazintori errespetua eta miresmena zor diogunak. Bera ez denez protagonismo zalea, inoiz ez genuen ikusten egokiera esker ona agertzeko berari. Azkenean, baina, aurrera egin dugu. Omenalditxoa atera zaigu, gogoz eta bihotzez egindakoa. Politagoa eta ederragoa irten zitekeen ekitaldia; propaganda handiagoa eginda jende gehiago agertuko zen, baina hauxe da irten zaiguna. Etorri den jendea pozik geratu dela, uste dut. Eta batez ere, bera ere pozik ikusi dugu, eta hori da garrantzitsuena. Emozioak gainezka egin dio zenbait unetan Hiazintori, baina ohartu da barne sentimenduz jardun dugula bere adiskideek.
Hiazinto aspaldi ezagutzeko parada eduki nuen nik; hiru bat alditan kointziditu izan dugu bizitzan zehar. Ikastoletako udalekuetan begirale izateko deitu zidanean ezagutu nuen. Ondorengo urtetan, material didaktikoa sortzeko berak martxan jarri zuen Gordailu egitasmoan jardun nuen berarekin. Azkenik, Hernaniko udalean egin genuen topo berriro; bera idazkaria zen eta ni zinegotzia”.
 
Modesta eta Jazinta Aranburu
Hiazintoren lagunak

Jazinta: “Gure anaia, Pello Joxe, Ezkio-Itsasoko Alegi auzoan apaiza zegoen eta gu berarekin bizi ginen. Halako batean, Lazkaora destinatu zuten. Hiazinto Lazkaoko apaiza zen, eta bere etxean jarri ginen bizitzen. Makina bat otordu egin genituen berarekin, eta harreman handia eduki genuen. Hemen, gaur, omenaldian bera goraipatuz adierazi diren guzti-guztiak egia berdaderoak dira! Gu testigu gara gizonak zenbat ahalegin eta indar eskaini zizkion ikastolei, euskarari, eta euskal kulturari”.
Modesta: “Andoainen bizi naiz, eta tarteka zahar etxera joa­ten naiz bisita egitera Hiazintori. Oso pertsona maitagarria izan da beti, eta horrela segitzen du orain ere”.
 
Maixabel Aldasoro
Lazkaoko ikastolako lehen andereñoa

“1963an Hiazintok sortu zuen Goierriko lehen ikastola, Lazkaon bertan. Herrian berak zuzentzen zuen euskal antzerki taldeko kidea nintzen, 16 urterekin, eta behin, esan zidan: Maixabel, ikastola irekitzera goaz, eta etorri gurekin. Nik, harrituta, zera erantzun nion: Nola joango naiz andereño bezala, ez badaukat titulurik!. Izan ere, hamaika urterekin eskola utzi behar izan bainuen, eta geroztik jostuna nintzen ogibidez. Ez da eskolarik behar, kantatzen badakizu, eta umeekin esku ona daukazu! erantzun zidan. Horrela joan zen ereiten ikastola Lazkaon.
Hiazintok trebezia eduki du jendea euskal kausara erakartzeko orduan. Bazeukan abilidade hori, seminarioan ikasitako dialektika erabiliz, hemendik eta handik eramanda, jendea konbentzitzeko.
Iraultzaile puru-purua izan da Hiazinto. Beste mundu bat egingarria dela pentsatu izan du, eta pentsamendu horri eutsi dio beti. Euskal Herrian pertsona gutxi ezagutzen ditut Hiazintok adina merezi dutenak omena, euskararen eta euskal kulturaren alde egin duten lanagatik.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!