Etniak gaia proposatu dute antolatzaileek aurtengo kalejirarako. Hiru aste barru inauteri giroan murgilduko da Urnieta, eta dagoeneko herritar talde bat prestaketa lanetan buru-belarri dabil. Ostiral honetarako bilera deitu dute, martxoaren 1eko egunari begira xehetasun guztiak lotu asmoz.
Urnietan inauteria azken urteetan indarra hartzen ari da. Aurtengorako aurreratu daitekeenez, martxoaren 1erako egun osoko ospakizuna antolatu dute: 12:00etan poteoa, 14:30etan herri bazkaria eta showa, 17:00etan kalejira Bosko Anitz txarangarekin eta iluntzean kontzertua kamioi mugikorrean. Jaia ziurtatuta dago.