Kaldereroak Andoaingo kaleetara itzuliko dira, iazko etena eta gero

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ots. 6a, 18:41

Iaz galdu zen hogeita sei  urteko tradizioa berreskuratuko dute aurten, kaldereroen jaia biziberrituz.

Kronika, entseguak:

Begi urdin bat, Gabiltza, Hungariar kaldereroak lanean edota Konpartsa kalejira abestuz Kaldereroen jaia biziberrituta itzuliko da Andoainera. Iaz jaiak etena ezagutu zuen, 1987tik abiatu zen ohitura ezustean geraraziz. Etenak kezka sortu zuen jaia bizi duten eragileen artean eta 2014rako jaia berreskuratzeari ekin zioten. Esan eta egin. Parte hartzea sustatu nahi dute, ezer baino  lehen, “kalera ateratzeko, arropa zaharrak gainean jantzita, zartagia astintzeko eta abesteko gogoa edukitzea besterik ez da behar”.
Berrikuntzen artean, gainera, erreginen papera nabarmendu behar da. Jon Beloki eta Jon Eskudero herriko bertsolari eta abeslariek antzeztuko dituzte kaldereroetan oinarrizkoak diren erreginen paperak.
Kaldereroetan musika ezinbestekoa da. Jaia girotzen aritzeko konpromisoa Aupa Kaletxiki txarangak, Alberto Agirre eta Udal musika eskolako helduen abesbatzek eta Udal musika eskolako perkusio taldeak adierazi dute. Entseguetarako eta irteerarako hitzorduak finkatu dituztenez, ezer gutxi falta da jaia osatzeko. Falta den hori herritarrek ipini beharko dute: parte hartzea.
Iazko etena eta gero, jaiak jarraipena izango duela dirudi. Urtetan Andoaingo kaldereroen ekimenaz arduratu zen Imanol Etxeberria kaletxikitarra triste agertu zen 2013ko urtarrilean; antolakuntzan laguntza falta sumatu zuelako kaldererorik ez zela izango iragarri zuen. Ardurak uzten zituela adieraztearekin batera, jaia beste inork antolatzeko gonbitea luzatu zuen. Zorionez, jarraipena izango du.

Datozen hitzorduak

  • Entseguak: Berrozpeko jolastokia. 19:00. Otsailak 17 eta 19.
  • Irteera: 17:00. Otsailak 22, larunbata.
Urtetan Andoaingo kaldereroen ekimenaz arduratu zen Imanol Etxeberria triste agertu zen iazko urtarrilean Aiurriri eskaini zion elkarrizketan; antolakuntzan laguntza falta sumatu zuelako inguruan, zioen penaz. Berak ardurak uzten zituela adieraztearekin batera gonbidapena zabaldu zuen, ea inork azaltzen zuen gogorik antolakuntzari heltzeko.
Egiaz, iluna gertatu zen iazkoa, Andoainen 1987tik hasita hutsik gabe agertu ziren kaldereroentzat. Euren hutsuneak zer pentsatua eta atsekabea eragin zien batzuren batzuei, hala ere. Eta horrela, Jexus Mari Ibañezek Aupa Kaletxiki txarangako kideei proposatu die kaldereroen ohitura berpiztea. Txarangako kide den Joxe Ramon Berrondok adierazi duenez, “Txupi-k bota zigun erronka taldeko gainerako musikariei, eta berehala jarri ginen lanean, geuk ere ikusten genuelako herri ohitura bat ezin zela galdu”.
Ordura arteko kaldereroen ideiari berriro heldu eta indarberritzea izan zen bultzatzaile horiek hartu zuten lehen erabakia. “Herri partaidetza eta euskara bultzatzea, bi alderdi horiek indartu behar zirela ikusi genuen batez ere. Lehenengo pausoa, kaldereroen errepertorioko piezak moldatu dituen Joxe Mari Oiartzabalengana jotzea izan da. Berak erabateko prestutasuna agertu digu, eta gainera, testuak euskaraz eman dizkigu”. Izan ere, orain arte erabili den kantutegia gaztelaniazkoa izan da, abesti bat kenduta. “Asko jaitsi da euskararen kale erabilera Andoainen azken kale inkestak dioenez; kezkagarria da datua hori, eta ekimen honek bultzada txikia izan dezake, egoera hori iraultzen joan dadin”.
Honakoak dira aurten kaleratuko dituzten kantutegiko abestiak: Begi urdin bat, Gabiltza, Hungariar kaldereroak lanean, Hungariar kaldereroen koroa, Hungariar kanta eta Konpartsa kalejira. Hurrengo urteetan, kantutegi hori abesti berriekin aberastea da bultzatzaileen asmoa.
 
Herritarren partaidetza
Kaldereroak jai herrikoia eta parte hartzailea izatea da bultzatzaileek euren buruari jarri dioten bigarrengo erronka, euskara bultzatzeaz gain. “Argi ikusi dugu kaldereroen ohitura jendetsua izan behar duela, irekia edonorentzat. Alde horretatik, herriko gizabanakoei eta herriko elkarte guztiei luzatzen diegu gonbidapena, parte har dezaten. Kalera ateratzeko, arropa zaharrak gainean jantzita zartagia eta eztarria astintzeko gogoa edukitzea besterik ez da behar”.
Aupa Kaletxiki txarangaz gain, ekimenarekin bat egin dute Alberto Agirre eta Udal musika eskolako helduen abesbatzek eta baita Udal musika eskolako perkusio taldeak ere. Udal musika eskolako abesbatzan kantari den Arantxa Alkainek, festara zergatik batu diren azaldu du: “abesbatzako partaide guztiok Andoain kultura mailan bizi-bizirik ikusi nahi dugu, eta antzeko jaiek horretan laguntzen dutela iruditzen zaigu. Gainera, abestu egin behar denez kalez kale, nola esango genion, bada, ezetz halako proposamen erakargarri bati? Euskarari eman nahi zaion protagonismoa ere kontun hartu dugu”.
Bi abesbatzeko kantariak kaldereroetan parte hartzekoak direla eta horrek jendeari atzera eginarazi ote diezaiokeen galdetuta, izaera herrikoia azpimarratu nahi izan dute bultzatzaileek. “Letrak eta doinuak errazak dira ikasteko, eta arren, ez dadila kezkatu jendea horregatik. Bi entsegu nahikoak izan daitezke edonorentzat, kalderero duin baten azalean sartzeko”.
Bestalde, ohartu dira abestien tonuak nahiko goitik jo izan direla azken urtetan, eta hori zuzentzen saiatu dira. Joxe Mari Oiartzabalen laguntza eduki dute horretarako ere: “Ez, ez da komeni aurreneko abestiarekin jada jendea erretzea eta ahotsik gabe geratzea; horrexegatik, abestiak edozein eztarrik abesteko moduan egokitu ditut. Azken batean, abesbatzeko abeslariek eta herriko gainerako herritarrek, denek goza dezaten lortu behar dugu; hori izan behar du mugitzen gaituen filosofia”.

Bi erregin ezagun
Jon Beloki eta Jon Eskudero herriko bertsolari eta abeslariek antzeztuko dituzte kaldereroetan oinarrizkoa diren erreginen paperak. Karrozan joaten dira, jaiaren izar gisa, eta komitiba Goikoplazara iristean, udaletxeko balkoitik umorez betetako hitzaldia egitea da usadioa. Joxe Ramon Berrondok, Beloki eta Eskuderoren parte hartzea azpimarratu nahi izan du: “ardura hori betetzeko proposatu genien, eta eskertu egin behar zaie buru-belarri gureganatu direlako ekimenera. Euskaraz egingo dute gehiena, baina gaztelania ere sartuko dute pixka bat, plazan biltzen diren zenbait entzuleri begira. Ziur gaude gauzak kontatzeko daukan grazia berezi horrekin arituko dela bikotea. Bertsoak eta ziria sartzeko besteei falta zaigun gaitasun horrekin, alegia!”.
 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!