Umetan bezalaxe, berriz ere txistua lagun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ots. 6a, 09:52

Haurtzaroan Larramendi ikastolan txistua jotzen ikasi zuten taldeko kideetako bi dira Joxe Mari Lopez eta Mari Karmen Gantzarain. Hainbat taldekide berriz elkartuta, iraganean ikasitakoari eutsi eta etorkizunerako asmo berriak lantzen ari dira, txistua lagun.

Larramendi ikastolako ikasle zinetela ikasi zenuten txistua jotzen. Nola gogoratzen duzue garai hura?
Joxe Mari:
Eskolaz kanpoko ekintza bezala jarri zuen martxan Larramendi ikastolak txistu tailerra, euskara eta euskal kultura sustatu nahian. Entseguetarako Agustin de Leiza kaleko egoitzan elkartzen ginen, astean bi arratsaldetan 18:00etatik 19:00etara. Jesus Mari Otamendi, Jose Antonio Zalakain eta Jose Luis Etxeberria genituen irakasle. Zazpi urterekin hasi eta hamar urtera arte aritu nintzen bertan. Gero, La Salle ikasetxera igarota, berriz ere txistua jotzeari ekin nion hamasei urte bete arte. La Sallen bi gelatan erakusten zen txistua jotzen. Gazteenekin Jexux Mari Onaindia aritzen zen irakasle, zaharragoekin neroni.
Mari Karmen: Etxekoek behartuta hasi nintzela gogoratzen dut, baina oso gustura ibili nintzen gerora. Hamahiru urtera arte jo nuen txistua ikastolako taldean. Hasi ginenean ez ginen ume asko, baina urteen poderioz gero eta gehiago bildu ginen. Guztira 75 gaztetxok hartu genuen parte.

Entseguak lehenengo, saioak etorri ziren gero… Aipatuko al zenukete umetako emanaldiren bat?
J.M.:
Igande goizen batean herrian bertan txistua joz kalejira egin bagenuen ere, ikastolako jaialdietan hartzen genuen parte batez ere. Noski, baita Sanjuanetan edota egun berezietan ere. Besteak beste, gogoan dut ikastolak antolatuta gaztetxotan Berastegin eskaini genuen saioa. Plastikozko txistuekin ikasten genuen hasieran eta haiekin atera ginen plazara ere.

Garaiko zein bitxikeria aipatuko zenukete?
J.M.:
Umetan txistuak ezpatak ziren guretzat eta entseguak bukatu orduko txistuarekin bihurrikeriak egiten hasten ginen. Zenbat txistu hautsi ote genuen…
M.K.: Taldea berriz elkartu eta entseatzen hasi ginenean, Jesus Mari Otamendik txistua jotzen hasterako muturra zertxobait bustitzeko esan zigun. Bat-batean ume garaietara joan zitzaidan oroitzapena. Orduan txistuaren muturra iturri azpian sartzeko esaten baitzigun, txistuaren doinua asko hobetzen zelako.

Berriki, Larramendi ikastolaren 50. urteurrenaren aitzakian bildu da berriz taldea eta aurrera begira martxan hasi gainera. Azalduko al duzue zer nolakoa izan den taldearen berpizkundea?
J.M.:
Ikastolaren urteurrenari lotuta hainbat ekitaldi ezberdin antolatu zen eta ekitaldi nagusiari begira, garai hartan txistua jotzen ikasi genuenoi ere parte hartzea proposatu ziguten. Jesus Mari Otamendirekin bildu eta orduko ikasleen zerrendaren bidez parte hartzaileekin harremanetan jarri ondoren, ikastolaren urteurren ekitaldirako 18 lagun biltzea lortu genuen. Ume txistulariak izenarekin aurkeztu gintuzten jaialdian eta ikusle askok umeak ikustea espero zuen. Sorpresa izan zen askorentzat kalejira joaz gu sartzea.
M.K.: Poz handia ematen dit taldekideak zenbaterainoko gogo eta ilusioarekin gauden ikusteak. Zapata berriak jantzitako umeak bezain pozik gabiltza. Kantuak atera egiten zaizkigula eta hain gaizki jotzen ez dugula ikusteak are eta gehiago animatzen gaitu aurrera jarraitzera, gainera. Izan ere, 40 urte pasa eta gero ez nuen uste berriz ere txistua jotzen hasiko nintzenik. Hasieran, ‘gogoratuko ote naiz?’ galdetzen nion nire buruari. Bada, bai: Txistua hartu eta notak etorri egiten dira, ez da ahanzten nonbait. Hori bai, behatzetako arintasuna galdu egiten denez, praktikatu egin behar da berreskuratzeko.

Urteurreneko ekitaldiaz geroztik ez zarete geratu. Zein asmotan zabiltzate aurrera begira?
J.M.:
Ekitaldian garai bateko kantuak jo genituen. Egun ohiko euskal kantuez gain (Agur Jaunak, Pello Joxepe, Ikusi mendizaleak…), kantu berriak ikasten ari gara. Astelehenero Olagaingo egoitzan biltzen gara eta Ostegun Gizen egunean herriko kaleetan egingo dugun kalejirarako kantu berriak ikasten ari gara.
M.K.: Inauterietako kalejiran, Andoaingo txistulari bandarekin batera parte hartzeko asmoa dugu. Haiek guk jotzeko konplexuegiak diren kantuak jotzen dituztenean, abestu edo dantzatu egingo dugu guk. Dagoeneko hasi gara batera entseguak egiten.
J.M.: Inauteriak eta gero, aurrera jarraitzeko asmotan gara: Santakrutzak, Sanjuanak… Udaberri aldera pintxo-pote iluntzeak alaitzeko asmoa ere badugu.
M:K.: Pintxo-pote iluntze batean proba egina dugu dagoeneko. Argia joan eta ilunpetan ibili baginen ere, oso harrera beroa izan genuen. Antzeko ekimenek bizitasuna ematen diote herriari eta Andoainek badu horren beharrik.
J.M.: Etorkizun urrunagoari begira jarrita, inguruko herrietako txistulari taldeekin trukeak egitea gustatuko litzaiguke. Baina poliki-poliki, datorren bezala egin nahi dugu bidea, batere behartu gabe.

Kuadrilatxoa bildu zareten arren, taldera oraindik eta jende gehiago erakarri nahian zabiltzate…
J.M.:
18 lagun biltzen gara egun, baina nik uste jende gehiago animatuko dela oraindik. Oso giro polita sortu da eta ederki pasatzen dugu. Eta noski, zenbat eta jende gehiago elkartu orduan eta hobeto; modu horretan errazago girotuko baititugu herriko kaleak. Dudarik gabe, seinale ona litzateke. Hori bai, zalantzan daudenei taldera lehenbailehen gerturatzeko eskatzen diegu, bentaja handia hartuko baitiegu bestela.
M.K.: Etxean entseatuta joaten gara astelehenetan Olagainera, piezak arintasunez jo ahal izateko. Pixkanaka ari gara, baina aurrera goaz. Etorkizunera begira, herriko beste taldeekin harremanak sortu eta haiekin elkarlanean aritzea ere bada gure asmoa.

Azken boladan Andoainen txistua nahiko indartsu dagoela esango al zenukete?
J.M.:
Zertxobait indartzen hasi bada ere kosta egingo zaio, oso itzalita egon baita azken urteotan. Txistulari bandako partaide gehienak aurrera doaz adinean eta momentuz atzetik ez da segida handirik ikusten. Dantza taldeko txistulariak ere helduak dira... Txistulari gazteen falta nabaria da.
M.K.: Azken urteotan asko aldatu dira ohiturak. Beste era bateko musika-tresnak ikasten dituzte gehiago egungo gazteek. Egia da orain artean agian txistua ikasteko aukera gehiegirik ere ez dutela izan. Ea aurrerantzean animatzen diren...

Txistua ondo jotzeko zein ezaugarri aipatuko zenituzkete?
J.M.:
Abesti motaren araberakoa da txistuaren zailtasuna: nota, bemol edota sostenidoen araberakoa.
M.K.: Txistua ondo jotzeko arintasun handia behar da behatzetan, horixe txistuaren ezaugarri nagusia. Berriz txistua jotzen hasi garenean, aurkikuntza berezia egin dugu. Izan ere, lehengo eta egungo txistuen doinuak aldatu egin direla jabetu baikara. Gu fa sostenidoarekin moldatzen ginen lehen, baina soinu hura fa notara egokitu dute egun. Lehengo soinua berezia zenez, gainerako txaranga eta abesbatzetara hobeto egokitzeagatik egin dute aldaketa hori. Guk txistuek berdin jarraituko zutela uste bagenuen ere, oraingoak modernoagoak direla konturatu gara.

Mantentzen al duzue umetako txistua?
J.M.:
Dudarik gabe. Berriz elkartu garenean, goitik behera berritu nuen umetako txistua: egurra, anillak… Orain Olentzerok txistu berria ekarri dit eta harekin ari naiz. Txistu zaharra bezala, berria ere busti egiten dut jotzen hasi aurretik. Modu horretan errazago egiten dute irrist notek.
M.K.: Erlikia modura gordeta daukat txistu zaharra. Ondo jotzen du oraindik, soinu polita egiten du. Txistu zaharrei doinua ateratzeko indar gehiago egin behar dela nabaritu dut. Txistu berriekin haize gutxiago behar da, arinago jotzen dira.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!