Torturaren aurkako gunea Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ots. 6a, 09:51

Otsailaren 13an hogeita hamaika urte beteko dira Joxe Arregi zizurkildarra torturaz hil zutela. Gertakari latz hura gogoan, torturaren aurkako gunea jarriko dute herriko plazan.

Mikel Arrastoa herritarrak oroimenean ditu egun haietako bizipen latzak: “Egun haietako gertakizunak ulertzeko, garrantzitsua da testuingurua ezagutzea. Hilabete hasieran Lemoizko ingeniaria bahitu eta hil egin zuen ETAk. Jarraian Joxe Arregi atxilotu zuten Madrilen eta otsailaren 13an hilda agertu zen. Handik hamar egunera, Tejeroren estatu kolpea etorri zen. Oso hilabete zaila izan zen, oso nahasia”.

Lehen bizipenak
Joxe Arregiren heriotzaren inguruan izandako bizipenak azaldu ditu Mikelek: “Inaxi Otaegi zen herriko alkatea. Bagenekien Joxe atxilotuta zegoela eta herrian mugimendua sortu zen bere egoeraz informazioa zabaltzeko. Otsailaren 13an jakinarazi ziguten Joxe hil egin zela eta heriotzaren arrazoi gisa neumonia aipatzen zuten. Ekitaldi ezberdinak antolatzen hasi ginen. Gorpua N-1 errepidetik ekarriko zutela pentsatu genuen eta Pancorbora joan ginen herritar talde bat. Handik aurrera eta Zizurkilera bitarte, herri askotan ekitaldiak prestatu zituzten gorpuaren pasaeran, omenalditxo bat egin eta familiari elkartasuna adierazteko. Gorpua, ordea, beste bide batetik eraman zuten Zizurkilera. Herrira itzuli eta ekitaldi ezberdinak antolatzen hasi ginen”.

Egun latzak
Joxe Arregik berak erabilitako hitzak errepikatuz, egun haiek oso latzak izan zirela aipatu du Mikelek behin baino gehiagotan: “Udaleko batzar orokorra egin genuen, plazan. Plaza jendez gainezka zegoen eta tentsio handiko momentuak bizitu genituen. Familiari eskatu genion gorpua elizara eraman aurretik plazan eduki ahal izatea, eta halaxe egin genuen. Giroa berotu egin zen, ez genekielako kutxa haren barruan zer zegoen. Kutxa irekitzeko erabakia hartu, eta halaxe egin zuten plazan bildutakoek. Joxeren aurpegia ikusi genuen, baina inor ez zen ausartu prezintoa haustera. Meza amaituta, Joxeren gorpua hartu eta herritarren artean igo genuen hilerrira. Oso momentu gogorrak izan ziren. Gorpua lurperatu egin zen, baina gauean, lurpetik atera eta ikusteko aukera izan zen. Gordin-gordin ikusten zen torturaren aurpegia. Guztiz moretuta zegoen, erreta, etab. Momentu hartan ez genekien estatu bat horretaraino irits zitekeenik”, azaldu du Mikelek.

Omenaldiak
1983ko maiatzean, Joxe Arregiren omenezko harri bat jarri zuten herrian: “Omenaldia egin nahi genion Joxeri, baina ezustean, guardia zibilek hartu zuten plaza. Ni nintzen orduan Zizurkilgo alkate eta bakarrik geratu nintzen, haiekin. Joxeren omenezko harri bat zegoen plazan eta txiki-txiki eginda utzi zuten. Borraz eta aizkoraz jo zuten, txikitu arte. Izugarrizko amorruz etorri ziren”.

Gune berria
Zizurkilgo plaza horretan bertan jarriko dute torturaren inguruko gunea: “Koldobika Jauregiren eskultura bat jarriko da tortura jasan duten guztien omenez. Torturaren aurkako sentimendua erakutsiko du gune horrek eta otsailaren 16an, igandearekin egingo da inaugurazio ekitaldia. Aurretik, hitzaldi eta ekitaldi interesgarriak izango dira, torturaren errealitatea eta Joxe Arregiren kasua azaleratzeko. Garrantzitsua da historia ondo ezagutzea, horrelakorik berriro gerta ez dadin”.

Torturaren egia: itzaletik argira
Zizurkilgo Udalak, Egiari Zor fundazioarekin batera, ekitaldi sorta antolatu du torturaren biktima guztiak gogoan hartuta. Udalak jakinarazi duenez, bide baten hasiera izan nahi du aurtengo ekimenak, bizirik dauden zauriak ixtea helburu duen bidean pauso bat.

  • Otsailak 11, asteartea.
    Joxe Arregi kasua gogoratuz”, mahai-ingurua.
    Hizlariak: Iñaki Egaña (Euskal Memoria fundazioko lehendakaria), Pako Etxeberria (antropologoa), Maribi Arregi (Joxe Arregiren arreba)
    19:30, Atxulondo kultur etxea.

  • Otsailak 12, asteazkena
    120 horas, tortura kontra Euskal Herria”, Ricard Salom-en dokumentalaren emanaldia. Ondoren, solasaldia torturaren aurkako taldeko Lorea Bilbao eta Egiari Zor taldeko Idoia Muruagaren eskutik.
    19:30, Atxulondo kultur etxea.

  • Otsailak 14, ostirala
    Harkaitz Cano (idazlea) eta Pili Zabala (Joxi Zabalaren arreba). “Twist” eleberria idazteko Lasa eta Zabalaren kasura gerturatu zen Harkaitz Cano. Prozesu horren inguruan arituko da idazlea. Literatur lan hori familiak nola jaso zuen azalduko du Pili Zabalak.
    19:30, Atxulondo kultur etxea.

  • Otsailak 16, igandea
    Torturaren egia: itzaletik argira”, ekitaldi nagusia.
    Torturatu guztien omenezko gunea inauguratuko dute. 13:00, plaza.

  • Otsailaren 10etik 16ra
    Mikel Egibar, torturatua izan zen zizurkildarrak, gaiari buruz egindako margolanen erakusketa ikusgai izango da Atxulondo kultur etxe
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!