Aizan talde feminista martxan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ots. 6a, 09:36

Zizurkil eta Asteasuko neskak biltzen ditu Aizan taldeak. Lanerako gogoz ageri dira eta ateak guztiz zabalik dituzte.
Hamabost kide inguru ditu guztira Aizan taldeak. Euren helburu nagusia, “feminismoaren inguruko kontzientzia sortzea da. Feminismoaren inguruko mito asko dago oraindik ere eta garbi utzi nahi dugu gu ez goazela inoren kontra, gure eskubideen alde baizik”, azaldu dute.

Aurrena, formakuntza
Duela urtebete pasatxo hasi ziren gazte hauek feminismoaren inguruan lanean. Hala azaldu du Irene Hernandez taldekideak: “Udalekuetan izan nintzen uda hartan eta bertako begirale batek eman zidan Medeak talde feministaren berri. Feminismoaren inguruko hitzaldiak eta tailerrak eskaintzen zituela azaldu zidan. Jakin-mina sortu zitzaidan eta tailer horietara joaten hasi nintzen, Donostiara. Pixkanaka, koadrilako kide gehiago gehitzen joan ziren eta azkenean, guztiok batu egin ginen. Izugarri ikasi dugu tailer horietan. Matxismoa hobeto detektatzen ikasi dugu eta lehen normalak iruditzen zitzaizkigun egoerak, askotan mingarriak direla konturatu gara”.

Taldearen sorrera
Medeak taldeko kideek bultzatuta eta lagunduta, taldea sortzea erabaki zuten. “Gure herrian bertan zerbait egitera animatu gintuzten, eta horregatik erabaki genuen Aizan taldea sortzea. Medeak taldeko Lore eta Nagore izan dira horretan gehien lagundu digutenak eta Zizurkilgo Udalak ere babesa eman digu. Oso eskertuta gaude laguntza horregatik guztiagatik”.
Taldearen izena ezaguna egingo zaio zizurkildar bati baino gehiagori. Hala azaldu du Nadia Boujemaa taldekideak: “Hasieran beste izan bat jarri nahi izan genion taldeari, baina gero jakin genuen Legazpiko taldeak erabiltzen duela. Horregatik, atzera begiratu bat egin eta garai batean Zizurkilen lanean aritu zen talde feministaren izena berreskuratzea erabaki genuen. Epe motzean, bestalde, talde hartako kide izan zirenekin biltzekoak gara, antolatzen zituzten ekintzen berri jasotzeko”.

Bideoa
Aizan taldeak youtuben jarritako bideoak arrakasta polita lortu du: “Abenduko lehen egunetan grabatu genuen eta handik bi astetara zintzilikatu. Poz handia eman zigun bisita kopurua goruntz zihoala ikusteak. Egindako lanak harrera ona duela sentitzea gustagarria izaten da beti”, azaldu du Oihana Usabiagak. Mural baten margoketan jasotako irudiak biltzen ditu bideoak. “Laster, taldearen aurkezpeneko bideoa jarriko dugu interneten. Orain azterketatan murgilduta gabiltza eta horrek gure lana baldintzatzen du pixka bat, baina ideiak baditugu”, gaineratu du Irenek. Feminismoaren inguruan hausnartzeko tartea hartzen dute Aizan taldeko kideek eta Martxoaren 8aren atarian Zizurkilen antolatutako jardunaldietan parte hartzen ari dira. “Feminismoaren inguruko mito asko dago oraindik eta horren aurka borrokatu behar dugu. Gu ikasleak gara eta askotan gertatzen zaigu, ikaskideen artean gairen baten inguruan hizketan hasi eta irakasleak gure argumentuak puskatzea”.

Lanerako prest
Ohiturak, kultura, hezkuntza..., “Gizarte matxista batean bizi gara eta lan handia dago oraindik egiteko. Gu oso gustura ari gara eta horri eusteko asmoa dugu. Horrez gain, gaiaren inguruko interesa duen guztia gonbidatu nahi dugu taldean parte hartzera; feminismoa ez da hilik dagoen zerbait edo denborarekin ahazten den moda bat, lanerako prest gaude eta ateak zabalik ditugu. Gaiaren inguruko jakin-mina duena, etor dadila guregana”.
Bortxakeria matxistaren biktimak gogoan eduki nahi izan dituzte Aizan taldeko kideek: “Urte hasiera oso gogorra izan da alde horretatik eta guk gogoan izan nahi ditugu bortxakeria matxista jasaten duten emakume guztiak”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!