Ixarre, ofizio eta afizio ugariko amasar petoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ots. 6a, 09:31

Bizitoki duen Amasako Izagirre baserritik datorkio Iñaki Etxezarretari Ixarre ezizena. Inork gutxik ezagutzen du Iñaki bezala. Abeltzaintzaz nahiz bere zaletasunez hitz egin du, luze-zabalean.

Behizain gisa aritzen zara lanean. Kontaiguzu zure aziendaren berri…
Larre behiak ditut, haragitakoak. Uda partean, maiatzetik urri azkenera arte mendi publikoan edukitzen ditut. Orain hamabi urte Udalak eta Foru Aldundiak lan asko egin zuten sail horiek egokitzen eta bertan biltzen gara inguruko baserritar guztiak. Hamabi bazkidek osatzen dugun elkartea ere badugu: Amasamendi abeltzain elkartea. Guztira, 70 bat behi, 35 bat behor  eta 100 bat ardi elkartzen dira Amasamendiko terrenoetan.
Orain artean 25 behi inguru ibili ditut. Gutxitzen hasteko asmoa dut aurrerantzean, hurrengo urtean jubilatzekotan bainaiz. Ia egunero egiten diet mendira buelta, non eta nola dabiltzan ikustera.

Handitzen doazen bezala, txekorrak hiltegira eramaten al dituzu?
Normalean, txekorrak sei bat hilabete betetzen dituenean gizendegitara saltzen ditugu gehienok. Egia esan, egun ez du merezi etxean txekorrak gizentzeak, ez baita errentagarria. Kapritxoz onentxoren bat edo beste uzten da aurrerako, baina gainontzean gehienok saldu egiten ditugu.

Zer nolako lana da behizainarena?
Behiak mendian ditugunok ez dugu lan zaila; uda partean, bereziki, lan gutxi ematen digute. Esnetarako behiekin aritzen direnek lan lotuagoa dute, egun osoan zehar haien inguruan egon behar izaten baitute.
Abeltzaina oso egoera zailean bizi da: Besteak beste, Europatik bideratu diren diru-laguntzak urtetik urtera murrizten ari dira eta gastuak, berriz, lehen baino altuagoak dira baserrian. Dudarik gabe, oso-oso etorkizun beltza dauka.
Azken 35 urtean prezio berdintsuan saltzen da haragia. Pentsua, bestalde, 100 bider behintzat aise igoko zen.
Amasa mailan eta beste herri askotan ikusten da gazteek ez diotela martxa horri  heldu nahi. Gabiltzanak aurrera goaz adinean eta gazterik ez da gerturatzen. Proposamenen bat luzatu izan diot  inoiz gazteren bati, baina ez da inor animatzen.

Baserriarekin lotutako ohitura bati fidel eusten omen diozu. Astelehenero Tolosako azokara, hutsik egin gabe…
Milagroz izango da huts egiten dudan txandaren bat, baina ahal dudala, astelehenero joaten naiz; obligazio modukoa da niretzat. Baserrian paper asko egin behar izaten da eta astelehena aprobetxatzen dugu Tolosako nekazarien bulegora joan eta lan horiek egiteko. Harrigarria dago gauza, gaur ofizina behar da etxean paper kontuak ondo eramateko. Oso kontrolatuta dago dena, txekorra jaio eta hiru egunerako izena eman behar da. Gero Foru Aldunditik bakoitzari bere zenbakiarekin belarritakoa jartzen diote… Alde guztietatik paperak egin behar dira eta ondo eginak eduki behar dira, bestela isunak handik eta hemendik. Paper kontuekin bukatutakoan bazkaltzera joaten gara astelehenero. Guk bazkaltzen dugun tabernan eskualdeko 30-40 baserritar behintzat biltzen gara eta gure abenturak kontatzen aritzen gara: ‘Zenbatean saldu dek txekorra?’, ‘Zenbatean erosi behia?’… Antzeko gaiak izaten ditugu eta hori beti halaxe izan da, baita duela 40 urte ere.

Amasan ekimen ezberdinak antolatzen dituzu. Besteak beste, San Isidro eguna urtero. Zertan da usadio hori?

1982an hasi nintzen San Isidro eguneko ekintzak antolatzen. Ohitura hori ere erabat galdu egin da azken urteotan. Laurogei pertsonatik gora biltzen ginen lehen Arantzabin bazkaltzera. Musika banda, udaletxeko kideak –aguazil eta guzti– etortzen ziren orduan bazkaltzera. Egun handia eta sakratua izaten zen. Inguruko tailerrek jai egiten zuten egun horretan. Orain hogei lagun biltzen gara, juxtu-juxtu. Usadioa ez galtzeagatik mantentzen da, baina, nire iritziz, jende gehiagok animatu beharko luke.
Gainontzean, euria egiten ez duenetan behintzat, herri kirolak izaten dira. Bertsolari eta trikitilariak urtero. Ohitura horri behintzat eusten zaio.

Uxo Toki elkarteko lehendakari izan zara oraintxe arte. Berrikuntza ugari eginez amaitu duzue legealdia. Gustura?
Joan zen urtarrilaren 25a arte, Uxo-Toki elkarteko lehendakari gisa aritu naiz bi urteotan. Oso talde ona egokitu da eta gustura aritu gara lanean. Egin beharra ikusten zenez, zuzendaritza batzordearen lana bukatzerako, hainbat berrikuntza egin dugu elkartean: Zakarrontziak eta erretzeko parrillak sukaldetik kanpora atera ditugu, atzeko gelara. Sukaldean, berriz, lehen parrilla zegoen lekuan armairuak jarri ditugu eta konposta egiteko ontzia ere bai. Lehen biltegia zena, berriz, jantoki bezala zabaldu dugu. Beste bi mahai berri jartzeko aukera eman digu horrek, 15 lagunentzako lekua. Berrikuntza lanekin hasita, elkartea intsonorizatzeko ere aprobetxatu dugu. Lan horiek guztiak gauzatzeko bilera mordoa egin dugu. Ni baino gehiago Hilario Galarraga aritu da lanak bideratzen.

Elkartera maiz gerturatzeko ohitura al duzu?
Ni izango naiz elkartera gehien etortzen denetako bat. Astelehen eta ostegunero koadrila banarekin biltzen naiz elkartean afaltzeko eta asteburuetan ere hemen izaten naiz. Sukaldean pixka bat moldatuz gero, merkeago jaten da elkartean eta zer ahoratzen den jakinda, gainera. Lagunartean giro onean biltzen gara hemen. Sukaldea gogoko dut: garai bateko janariekin ondo moldatzen naiz (gisatuak, arraina…). Baina oraingo plater handi eta janari gutxiko ohitura hori ez zait batere gustatzen.

Zer erantzungo zenuke nongoa zaren galdetuta?
Amasarra naiz, topera. Batzuetan gure eztabaidak izaten ditugu mugekin. Dokumentuetan ikusitakoaren arabera, garai batean Leitzaran ibaiak egiten zuen muga eta Andoaingo Goiburu bailara nahiz Santa Krutz ermita ere Amasarenak ziren, ez orain urte asko. Egun Villabonakoa dela esaten den Legarreta auzoko baserri guztiak Amasako kofradiaren baitan zeuden eta terrenoak Amasamendin. Batzuek ‘nola izango dituk ba Amasa?’, galdetzen dute. Ba bai, ‘halaxe dituk’. Hortxe daude dokumentuak ikusi nahi dituenarentzat.

Arraunlari, itzain nahiz harrijasotzaile
19 urte zituela arraunean hasi eta zazpi urtez aritu zen Ixarre batelean jo eta fuego, “garai hartan korrika ibiltzen ginen eta etxera etorri zitzaizkigun arraunean hasteko proposatzera. Baiezkoa eman eta Irurako beste bi lagunekin batera hasi ginen Pello Zendoia eta biok arraunean, Joxe Joakin Ugarte patroi bezala”. Aurrena Tolosako Guadalupe papertegiko batelean hasi baziren, gero Veleta eta Olarrain taldeetan ibili ziren batetik bestera, “orain futbolistak ibiltzen diren bezala”. Arraunean oso gustura ibiliagatik, garai gogorra izan zela azaldu du, “goizeko 06:00etarako abiatzen ginen Mikel Igartzatik gora Alustiza aldera korrika. Eguraldi on nahiz txarra egin, oso aldapa gogorra igotzen genuen korrika egunero. Jaitsitakoan Zeberio etxean gosaldu eta 08:00etarako lanera. Orduan garraiolari ibiltzen nintzen Donostiatik Tolosara Biyak Bat kamioiekin paketeria garraiatzen”. Hiru arraun taldeetan guztira 11 bandera eskuratu zituzten, “ia txapelketa guztiak irabazten genituen. Gipuzkoa nahiz Euskadi mailakoa bi aldiz. Espainiakoan, ordea, bigarren geratu ginen”.
Oso txikitatik herri kirol zale amorratua izan da Ixarre. Ikustea ez ezik, parte hartzea ere gustatu izan zaio. Besteak beste, idi-dematan edota harrijasotzaile lanetan ibilia da, “Villabonan idi-dematarako zaletasun handia zegoen. Orain 40 urte, hiru apustu jokatu nituen eta hiruak irabazi, gainera. Gerora, urte askoan antolatu nituen idi-demak Santiotan”, azaldu du. Amasako Pasus baserriko idiak entrenatzen zituen egunero eta haiekin ateratzen zen plazara. Oraindik ere idi-demak ikustea gustatzen zaio eta plazarik garrantzitsuenak Aia eta Azkoitia direla aipatu du, apustuzalea dela aitortuz, “apustuak saltsa jartzen du, emozioa. Batzuetan arriskatu egin behar izaten da, mundu honetan ez dago ezertxo ere bestela”. Apusturen baten inguruan xelebrekeriarik ba ote duen galdetuta, “neronekin handiena” erantzun du. “Apustu fuertea eginda geneukala, harria jasotzera joan nintzen behin. Prestatzaileekin oso gustura aritu nintzen, baina bukaeran beste bat sartu zitzaigun tartean. Nik jakin gabean, zer edo zer eman zidan eta plaza ateratakoan batere indarrik gabe geratu nintzen, pott eginda. Gerora, medikuak egindako analisietan atera zen emaitza, neronek ezer txarrik hartu nuela jakin gabe. Dirua tartean zenean, behin baino gehiagotan gertatu ziren halakoak”, gogoratu du. Izan ere, itzain ez ezik, harrijasotzaile ere aritu baitzen Ixarre, “orain 25 bat urte utzi nion harria jasotzeari. Zahartu eta gero hasi nintzen harria jasotzen. Amasan eta Villabonan ibiltzen nintzen gehien. Etxe inguruan hasi nintzen entrenatzen, Leitzan eta Orion jarraitu nuen gerora”. 100 kiloko harri kubikoak altxatzen zituen. Harri mota horrek zein ezaugarri duen galdetuta, “horiexek dira txar-txarrenak. Indarra baino teknika handia eskatzen dute, behatzak lur azpiraino sartu behar baitira. Ez dira inondik ere oraingo harri modernoak bezalakoak”, iritzi dio.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!