Hala azaldu du Pili Legarra alkateak: “Ontzi arinak, papera eta errefusa botatzeko edukiontziak jarriko dira landa eremuko zortzi puntutan. Horrekin batera, orain arte erabili dituzten edukiontzi berdeak desagertu egingo dira. Hondakin organikoa etxe bakoitzak kudeatu beharko du. Horretarako, Mankomunitateak banatzen dituen ontziak jarriko dira herritarren eskura. Dagoeneko asko dira organikoa kudeatzen duten familiak, eta gustura ari dira. Orain, gainerakoen parte hartzea bultzatzea egokitzen da. Azken finean, zenbat eta zabor gutxiago sortu, orduan eta gutxiago ordaindu beharko diogu Mankomunitateari”, azaldu du alkateak.
Sistema berriaren inguruko berri emateko, bilera ezberdinak deituko ditu Udalak otsailaren 10eko astean. Edukiontzi berriak jarriko dituzten inguru berean, bestalde, buzoi berriak ere jarriko ditu Udalak: “Orain sakabanatuago dauden buzoiak bateratu egingo dira. Horrez gain, Udalaren informazioa zabaltzeko panelak ere jarriko dira ekarpen guneetan”.
Herrigunea
Papera eta ontzi arinak biltzeko edukiontziak gaur egun dauden toki berean utziko dituzte. “Hondakin organikoa kudeatzeko, berriz, konpostaren aldeko apustua egingo dugu. Horretarako, etxola batzuk eraikiko dira herriko zazpi gunetan. Etxola horietan, familia bakoitzak bere kutxatxoa izango du, hondakinak konpostatu ahal izateko. Materia lehorra ere bertan izango da”. Kale Berrian jarriko dute lehendabiziko etxola. “Eta ondoren, herri guztira zabalduko dugu ekimena. Bizilagunekin bilera ezberdinak egingo ditugu ekimena azaldu eta etxolen kokapena finkatuz joateko”.