Lizardi etxetik Betani etxera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ots. 6a, 09:20

Etxe tutelatu gisa erabiltzen da egun Lizardi etxea. Hiru egoiliar hartzen ditu egun hiru solairuko etxe handiak eta gastuak murrizte aldera, tokiz aldatuko dute zerbitzua.

Urtero ia 20.000 euroko zuloa sortzen du Lizardi etxeak. Gastu hori jaisteko, aldaketak egingo dituzte zerbitzuan. Hala azaldu du Pili Legarra alkateak: “2013an Foru Aldundiak ateratako dekretu batek, ekimen jakin baterako diru-laguntza eskatzeko aukera eman zigun. Udal honen asmoetako bat  gastuen arrazionalizatzea izan da eta hori kontuan hartuz, Lizardi etxeko zerbitzua moldatzea erabaki genuen. Gaur egun, hiru pertsona bakarrik hartzen ditu Lizardi etxe tutelatuak eta horren eraikin handia izanik, gastu handiak sortzen ditu. Egoera horri konponbidea eman nahi genion, baina egoiliarrei kalterik egin gabe, noski. Horregatik erabaki da Betani etxean etxebizitza bat moldatu eta zerbitzua hara eramatea”.

Ehun metro, lau gela
Foru Aldundiak emandako diru-laguntzaren bidez egingo dira lanak: “Apirila inguruan hasteko asmoa dugu. 260 metro inguruko etxabea du Udalak Betani etxean. Horietako 100 pasatxo erabiliko dira lau gelatako etxebizitza erosoa egiteko. Noizbait eskaera handitu eta logela gehiago beharko balira, bestalde, horretarako aukera edukiko genuke”, jakinarazi du Pili alkateak.
Hirugarren adineko pertsonei zuzendutakoa da egun Lizardi etxeak eskaintzen duen zerbitzua. “Autonomia maila onekoak behar dute izan; ez da zaharren egoitza bat. Egunero pertsona bat joaten zaie otorduak prestatu eta garbiketa lanak egitera, baina gainerantzean, euren kasara moldatzen dira. Asteasuarroi ez ezik, beste herrietako pertsonei ere zuzendua dago, baina azken urteotan zerbitzu honek ez du eskaera handirik izan eta gastuak murrizteko, Betani etxera eramatea erabaki dugu”.

Lizardiren erabilera
Lanak amaitu eta egoiliarrak Betani etxera joaten direnean, Lizardi etxea hutsik geratuko da. “Bigarren fase bat irekiko dugu orduan, Lizardirekin zer egin erabakitzeko. Parte hartze sistema bidez, herritarren iritzia jasoz erabakiko dugu zein erabilera emango diogun eraikin horri”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!