Santa Ageda bezperako ohitura zaharra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ots. 4a, 14:15

Ohitura zaharrari eutsiz, Santa Ageda bezpera egunean Santa eskeko kopla eta kantuak entzuteko aukera izan zen atzo eskualdeko herrietan.

Andoain eta Urnieta: Bideoak

Andoain argazkiak: Santa Eskea Goiburun

Zizurkil argazkiak: San Millan ikastetxeaPedro Mari Otaño ikastetxea

Andoainen eta Urnietan noizkoa da tradizioa, erantzuna:

"Santa Ageda, Ageda, bihar da Santa ageda, bihar da Santa Ageda eta gaur haren bezpera gaua”. Urnietan Lekaioko areto nagusian azken entsegua egin eta 17:30etarako San Juan plazara hurbildu ziren kantu taldeko kideak. Alkateari dagokion kopla abestu zuten lehenik, Santa Leokadia ermitaren parean erretoreari, eta ondoren kalejirari ekin zioten. Urnietarrak irten ziren unean euri tanta batzuk erortzen hasi ziren, haizea piskanaka harrotzearekin batera.

1979an hasi ziren Urnietan
Aspaldikoa da Santa Ageda bezperan kantuan irteteko ohitura. Urnietan Egape ikastolakoak dagoeneko 70eko hamarkadan kantari irteten ziren. Urnietan gaur egun kantari irteten den helduen taldeak 1979an ekin zion. Ohitura zaharra berritzen, beraz, 35 urte bete dituzte aurten. 1979an herrian urtebetez apaiz lanetan aritu zen Gotzon Aulestia ondarrutar apaizak sustatu zuen Santa Agedako kantu taldea.
 
Andoainen Bazkuna 1994tik
Aita Larramendi ikastolak Egapekoen joera beretsua errepikatu zuen,  70eko hamarkadan kantu taldea osatuz. Helduen taldean etena izan zen, harik eta 1994an Manuel Larramendi Kultur Bazkunak ohitura berritzeari ekin zion arte. Hogei urtez jarraian kantari atera dira Andoaingo kaleetan barrena. Ehun lagun inguru abiatu ziren haize ufada zakarrei aurre eginez. Bertan ziren herriko euskaltzale ugari, herriko ikastetxeetako guraso eta irakasle asko tartean.
Goiburuarrek ere auzoko baserri eta etxeetan kantari irteteko ohiturari eutsi zioten. Furgoneta eta kamioi txikietan, handik hona ibili ziren kantuan. Eta beti bezala, giro ederrean. Nortasun handiko auzotarrak daude Goiburun.
Asteartean guztiak ere, santa maitea bidelagun hartuta, haren laguntzaz bete zuten eguneko jarduna.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!