Aurkezpen horretan parte hartuko dute Imanol Azkue “Herritarrekin. Parte hartzeko esperientziak Gipuzkoan (2012-2013)” liburuaren egileak, Arantza Ruiz de Larrinaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Partaidetza zuzendariak eta Ana Carrere Andoaingo alkateak.
Liburuak azken bi urtetan Gipuzkoan udaletatik bultzatutako parte hartzeko esperientziak biltzen ditu, “eta horrenbestez, azken bi urtetan partaidetzaren kultura eta praktika zabaltzeko egin den lanaren eta lortu den emaitzaren erradiografia garbi bat da”. Aldundiak ohar bidez adierazi duenez, “erradiografia horrek argi adierazten du partaidetza kultura errotzen, sendotzen eta hazten ari dela etengabean”.
Gipuzkoako eskualde guztiak eta herrien gehiengoa parte hartze bideetan sartuta daudela esan daiteke. 167 prozesu egin dira eta horietatik emaitza zehatzak lortu dira, hala nola, euskara planak diseinatzea, garraioa antolatzea, hirigintza planak egitea edo partaidetzazko aurrekontuak osatzea. Ontzat ematen dute ekimena, “demokrazia zabaldu eta hobetu egin delako bi urteko parte hartze prozesuhauen bitartez”.
Liburua: “Herritarrekin. Parte hartzeko esperientziak Gipuzkoan (2012-13)”.
Egilea: Imanol Azkue.
Argitaratzailea: G.Foru Aldundia.
Orrialde kopurua: 288.