Guifi.net erabiltzaileen sarea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ots. 3a, 10:22

Software librearen aldekoa den Gisa elkarteak guifi.net egitasmoa zabaldu nahi du inguruan Intranet izeneko teknologiaz baliatuz, interneteko edozein erabiltzaileren zerbitzura jartzeko asmotan. Jada hiru antena instalatu ditu Andoainen azken aldian: bi udaletxeko eta Sorabillako elizaren teilatuetan. Hirugarren antena, Dani Vivorasek berak jarri du etxeko leihoan.

Elkarrizketa:



Zer da intraneta, eta zer nolako onurak dakartza?
Dani Vivoras: Oinarrian, intranet teknologia mota bat da, internetaz baliatuz sare jakin batera konektatuta dauden erabiltzaile batzuen zerbitzura jartzen dena. Bestela esanda, intranet, elkar konektatuta dauden ordenagailuen telekomunikazio sistema bat da.
Intraneta eskala ezberdinetan garatu liteke, eta Gisa elkartea eta antzekoek bultzatzen ari direna herrietan antenak jarriz, guifi.net sarea da. Sare honek, zerbitzu ezberdinak eskaini diezazkioke erabiltzaileei. Guifi.net proiektua lankidetzan oinarritzen da, irekia, parte hartzailea eta neutrala da. Erabiltzaileena da bere azpiegitura.

Zer nolako onura ekarri diezaioke sare horretara konektatzen den erabiltzaileari?
D.V.: Batzuk aipa nitzake. Adibidez, interneterako konexiorik ez dagoen lekuetara interneta eramaten du; interneteko seinalearen abiadura azkartu dezake; bizilagunen komunitate batean, interneterako konexio kontratu bakarra nahikoa izan liteke berarekin lotuta dauden gainerako bizilagunek ere erabili dezaten.
Guifi.net erabiltzaileen sarea da, eta erabiltzaileek kudeatzen dute nahi duten eran. Jendeari izugarri gustatzen zaion printzipio batek gidatzen du: ez inongo gobernurik ez beste inork ez kontrolatzea. Gainera, inor ez da aberasten sare mota horrekin.

Noraino dago ezarria Andoainen guifi.net sarea?
D.V.: Hiru antena instalatu dira herrian zehar. Hasieran uste izan zen Udaletxeko teilatuan eta Sorabillako elizaren dorrean antena bana instalatzearekin nahikoa izango zela, herri guztira zabaltzeko seinalea. Baina badirudi antenek ikuspegi zabala eta zuzena behar dutela, eta hori ez zela lortzen biekin. Beraz, bien arteko zubi izango den hirugarren antena jarri behar izan da; Goiburu auzoan dagoen nire etxeko leihoan jarri dut neronek.

Zer pauso eman beharko luke Andoaingo herritar batek guifi.net sarera konektatzeko?
D.V.: Printzipioz, etxean antena bat jartzearekin nahikoa du. Gisa elkartearekin harremanetan jarri, eta handik esango diote zein tramite bete behar dituen. Antena batek 60 bat euro besterik ez du balio. Ondo pentsatuta, oso inbertsio ona da, bi hilabeteetan amortizatuta geratzen dena. Hori hobe ulertzeko lehen aipatu dudan adibidea errepikatuko dut: nahikoa da internetera konektatzeko kontratu bakarra egitea telefono konpainia batekin, gainerako erabiltzaileek ere zerbitzu hori erabili ahal izan dezaten.

Non dago koska, baina, gaur gaurkoz sarea gehiago zabaldu ez dadin?
D.V.: Egia da oso erabiltzaile gutxi dituela guifi.net sareak. Denbora kontua da. Ziur baikaude etorkizuna hor dagoela. Gero eta herri gehiagotan ezarri da dagoeneko, eta denok denokin konektatzeko aukera edukiko dugu denbora gutxi barru.

Zein erritmoetan doa bere zabaltzea?
D.V.: Penintsulan munduko beste inon ez bezala ari da hedatzen sare hau. Horretan, katalanak dabiltza bizkorren.
Gurean poliki-poliki, baina etengabe doa. Egin kontu, orain urtebete Gipuzkoan ez zegoela guifi.net sarerik. Gisa elkarteko kideek jarri zuten abian egitasmoa, eta jada gero eta hedatuagoa dago herrialde honetan. Informazio gehiago nahi duenak guifi.net eta www.gisa-elkartea.org webguneetara jo dezake.

Andoaingo mugetatik kanpo, non dago ezarrita?
D.V.: Tolosa aldera begira jarrita, Iruraraino iristen da seinalea. Donostialdera berriz, esan daiteke Hernanin oso garatua dagoela guifi.net sarea, baina Urnietan ez da ezer egin, eta beraz, inguru horretako inorekin ezin da konektatu. Aiurri Urnietan ere irakurtzen denez, bertako udaleko ordezkariak eta herritarrak gonbidatuko nituzke guifi.net sarea han ere zabal dadin.

Telefono konpainiei ez die batere graziarik egingo sare mota honek, ezta ala?
D.V.: Baliteke beren negozioa murriztea. Sare hau benetan zabaltzen den garaian, baliteke neurriak hartu nahi izatea. Eta ondo dakigu legeak aldatzeko presioa egin dezaketela.  
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!