Herri kirolarien bilkura Urnietan, lagunarteko giroan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ots. 2a, 17:13
Joan zen urtarrilaren 25ean, Juan Iguaran Tolosan bizi den Urnietako Eula baserriko semeak antolatuta, Urnietako Eula sagardotegian egindako bazkari baten bueltan elkartu ziren zortzigarren urtez, Euskal Herri osoko 50en bat herri kirolari. Direnak eta izan zirenak. Bazkari hau estimu handian dute kirolariek, urtean zehar elkarrekin lasai egoteko duten aukera bakarrenaetakoa delako.

Herri kirolak bizi duen momentuaz eta urte berrirako dituzten asmoei buruz hitz egin zuen Aiurrik bertaratu ziren hainbat kirolarirekin.

Iñaxio Perurena
harrijasotzailea
“Bi makulurekin nabil; abenduaren 3an, 303 kiloko harriarekin entrenatzen ari nintzela postura txarrean erori eta hanka bihurritu nuen; ondorioz, peronean izan nuen haustura. Astebete da eskaiola kendu zidatela, eta orain hasi naiz errehabilitazioa egiten. Beste hiru astetan jarraitu behar dut horretan, eta ondoren, medikuak esango dit zer egoeretan nagoen. Ondo errekuperatu nahi nuke, eta gero, harri handiak jasotzen jarraitzerik izango ote dudan jakin. 30 urte ditut, eta lesio honengatik ez balitz, 303 kiloko harria plazan jasotzea zen nire hurrengo erronka. Harri handiak ditut gustuko, bizi egiten dut, orain bertan, harririk jaso ezinik nagoen honetan, amets egiten dut harri handiak jasotzearekin, mugaraino iristea gustatzen zait. 150 kiloko harri bat jasotzea polita da, baina, niri ez zait gustatzen. Kirol honetan dirurik ez dago, 300 kiloko harria altxatzeko prestakuntzak suposatu zidan dirua ez nuen errekuperatu urte osoan egindako erakustaldiekin, hortaz, nire burua gustuko zerbait egiten ikustea da kirol honetan jarraitzera bultzatzen nauena”.

Donato Larretxea
aizkolaria
“Laster 54 urte egitera noa, urte asko dira aizkolarien mundu honetan nabilela, eta ahal dudan bitartean jarraitzeko asmoa dut. Uste dut oraindik nahiko ondo moldatzen naizela. Orain, Urrezko Aizkora deituriko lehiaketan murgilduta gabiltza, bikoteka ari naiz parte hartzen, Felix Etxeberriarekin. Lehenengo bi saioetan irabazi ondoren, final-erdietara pasa gara, eta ikusiko dugu zer gertatzen den, orain aurkari gogorrak izango baititugu. Gero, uda buelta horretan, erakustaldiekin jarraituko dut. Orain, lehen baino gutxiago egiten ditut, diru aldetik murrizketak izan dira denean, eta gure kirolera ere iritsi dira. Gure ondorengo belaunaldietan iruditzen zait aizkolaritzaren maila zertxobait jaitsi egin dela. Egiten diren markak ere hori erakusten digute. Badaude aizkolari dotoreak, baina, puntutxo bat falta zaiela esango nuke, gailurrera iristeko. Lanbide batetik sortutako kirola da hau, gure kulturaren parte dela esango nuke, eta hau galtzea txarra izango litzateke. Iruditzen zait etorkizuna izango duela. Besterik izango da zer nolako maila izango duen”.

Urtzi Telleria
harrijasotzailea
“30 urte dauzkat eta txikitatik nabil harria jasotzen. Orain, urteroko martxan, neguko prestaketa egiten ari naiz, harri klase guztiekin entrenatuaz. Aurtengo helburuak izango lirateke, alde batetik, Donostian, abuztuan, Igeldo Harriarekin egiten den txapelketa. Harri horri, 13 altxaldi eman nizkion duela hiru urte. Azken bi urteetan ezinean aritu nintzen, gorputzaren pisua jaitsi nuen eta lehendik hain arina izanda, asko nabaritzen delako. Maiatza aldean egiten den Gipuzkoako txapelketan parte hartzeko asmoa badut, baita  harri txikietako Euskal Herriko txapelketan ere, baina hori dataren arabera erabakiko dut. Bertan, lau harri ezberdinekin aritu behar izaten da, prestaketa lan handia eskatzen baitu. Horrez gain, Adunan urtero egiten den Gorostidi Harria lehiaketan ere parte hartuko dut. Nahiz eta, iaz Leoneraino ere joan nintzen, azken bi urte hauetan erruz jaitsi da uda parteko erakustaldien kopurua. Gastuak aldiz, handiak dira: medikuak, masajistak, edari isotonikoak, olioak, arropak, eta erabili behar dugun beste hainbat eta hainbat material”.

Joxemari Olasagasti
aizkolaria
“55 urte beteko ditut martxoan, 52 urte nituela lortu nuen Euskal Herriko txapela janztea azkenekoz, eta azken txapelketan ere, laugarren geratu nintzen, oso lan polita eginda. Hori, harro egoteko modukoa da. Entrenatzeko, mendian ibiltzen naiz, astean hirutan itsasoan bainuak hartzen ditut, eta saunara ere joaten  naiz, gimnasiora inoiz ez. Zaharrena izanagatik, urte honen hasieran apustua bota nuen, eta oso pozgarria izan zen lau gazte agertu zirela hitzordura, denak nire aurka apustua egiteko prest. Horietako birekin, itxi nuen apustua, lehenengoa, Arria V.rekin martxoaren 9an jokatzeko, eta bigarrena, Jon Irazurekin, apirilaren 27an egitekoa. Ikaragarri gustura nago. Erakustaldiak egiteko ere, dei mordo bat jasotzen ari naiz, dagoeneko udaberrirako hamabosten bat badauzkat hitzartuta. Eta, uda partean aritzeko ere bidea irekia daukadala uste dut. Erakustaldi hauetan, askotan gazteekin aritzen gara, baina, badirudi, urteetan lortutako izena oraindik erakargarri dela.
Eta gazte horiek plazatik bidali arte, urte batzuetan hor ibiliko naiz”.

Iñaki Perurena
harrijasotzailea
“57 urte ditut, gehitxo. Harria jasotzea zen nire ilusioa, eta nire tokitxo bat egiten saiatu naiz. Lortu dudan neurrian pozik nago. 41 urte pasa ditut plazaz-plaza, erakustaldiak, errekor ahaleginak eta abar eginez. Azken hilabete hauetan geldirik nago, mina daukadalako, bizkar hezurrean, saihetsean, eta abar. Medikuarekin eta fisioarekin nabil, esaten didate zartrosis daukazu eta badut nahiko kezka, harriak izkin batean utzi beharko ote ditudan, betirako. Bizitzaren legea da, baina, kosta egiten zait onartzea. Hortxe gozatu dut, hortxe sufritu dut, eta Euskal Herriko txoko guztiak ezagutu ditut kirol honi esker. Ibilera polita izan da. Banekien, noizbait utzi beharko nuela, baina, ez dut utzi nahi, eta bidegurutze horretan nago.
 Ni hasi nintzenetik gauzak asko aldatu dira. Orduan, harrijasotzaileak, astapotroa, indarkeria, tripazaina, bezalako topikoen menpe bizi ziren, sarritan, kazetariek elikatzen zituztenak. Orduko elkarrizketak gaztelaniaz egiten ziren, eta pentsa, euskaldun bati gaztelaniaz elkarrizketa bat egitean, hitz gutxi izango ditu, berea ez den hizkuntza batean ari delako. Baina, horrek ez du esan nahi hitz gutxikoa edo motza denik.
Peru Harri museoa ireki genuen duela urte batzuk, Leitzatik bi kilometrora dagoen Gorrittenea baserrian. Peru Harri eszenatoki bat da, baina, eszenatoki horrek historia bat dauka. Historia hori kontatu gabe eszenatoki hori ikusteak ez du zentzu handirik. Neroni, edo nire faltan, semeren bat arduratzen da erakutsi eta azalpenak emateaz. Euskal Herri osokoez gain, Kataluniatik jende asko etortzen da. Dagoeneko, atzerritar ugari ere pasa da bertatik. Urte osoan bisitatu liteke, baina, horretarako nahitaezkoa da aurrez niri deitzea (659 70 10 45 telefono zenbakia) eguna eta ordua hitzartzeko”.

Leon Albeniz “Iruntxiberri”
herri kirolaria
“76 urte ditut. Herri kirolaren munduan 56 urte daramatzat. Gazte garaian apustuen munduan ibiltzen ginen, markak egitera joan gabe. Txikia izanik, ondo baitakit plazan defenditzeko alu samara ere izan behar dela. Txikito de Arruizekin apustua egin nuen, berak 34 urte, eta nik 26 nituela. Askok esaten zidaten: zer egiten duk haren kontra jokatzen, zapatilak janzten ere ez dakik eta! Irabazi egin nion.
Handik aurrera, parean jokatzeko kontrariorik ez neukan, eta apustu txar asko egin nuen, biren aurka, bentaja emanda… Gero, Asteasuko Irazu, korrikalari bikainaren aurka, apustu bat jokatu eta irabazita neukala, beste lau apustu hitzartu genituen: Tolosako Berazubiko pistan, Azpeitiko zezen plazan, Andazarratetik Villabonara, izan ziren lehenengo hirurak. Hirurak irabazi nituen, eta laugarrena, jokatu gabe geratu ginen. 26:37ko marka egin nuen Andazarratetik Villabonarainoko 10 kilometroko ibilbidean. Oso sonatua izan zen, baita ere, lehengusu dudan Joxe Migel Maizen kontra jokatu nuena. Bera, Lasarteko krosa irabazitakoa zen. Lau bueltako aldearekin irabazi nion.
Ezkutuan aritzen nintzen aizkoran. Eta apustu egin zidaten, kanako egur  bat ezetz ebaki. Aian, 500 ikusleren aurrean, “con la gorra” irabazi nuen. Ondoren, beste aizkora apustu bat jokatu nuen Andoaingo Doroteoren aurka, eta hura ere irabazi egin nuen.
Segan aritzea zen nire afizioetako bat, eta Ataungo Aierberen aurka jokatu nuen segan eta korrika, Hernaniko Jauregi baserrian. Hiru mila ikusle batu ziren bertan, eta ikaragarrizko dirutzak jokatu ziren. Irabazi egin nuen.
Entrenatzaile titulurik ez dut, baina, besteak beste, hamar urtez Miguel Mindegia aizkolariaren entrenatzaile izana naiz. Nire buruarekin baino askoz gehiago sufritu izan dut entrenatzaile moduan”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!