Kaltetu bat baino gehiago argindar arazoen ondorioz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ots. 2a, 17:11

Aurreko larunbat arratsaldetik gauerdirarte 2.200 abonaturengan etenak izan ziren argindarrean, horietatik 600 ia sei orduz jarraian kaltetuak izan ziren.
Aiurrik itzalaldia pairatu zuten dendari eta tabernariekin hitz egin du, haien bizipenak jaso asmoz. Itzalaldiak berarekin instalakuntza ezberdinetan matxurak sortu zituen kasu batean baino gehiagotan.

Larunbateko itzalaldiak hainbat kaltetu eragin zituen herrian. Horien artean, Zumea plazako dendariak. Argindarrak bi etenaldi jasan zituen larunbat arratsaldean, 18:30etatik 19:30etara eta 20:30etatik 21:45etara. Hain justu ere, bezero kopuru handien biltzen den garaietan. Zeru eta Txitibar tabernek, esate baterako, erruz galdu zituzten bezeroak. Erreserbatuta zeuzkaten makina bat afari bertan behera geratu ziren Txitibar tabernaren kasuan. Bertako tresneria ere hondatu egin zen argindarra joan-etorri horretan sortutako gaintentsioagatik; zehazki, ke-erauzgailua eta bafle bat hautsi zitzaizkien.
Txinatarren Mercado Atlantico ere argirik gabe geratu zen; nolanahi ere, irudimenari helduta, salgai dauzkaten tresneri argi emaileak erabili zituzten denda zabalik mantetzeko.
Bitarte horretan, Zumea Plazako zenbait bizilagun dendara hurbildu ziren kandelak erostera.
Eroski hipermerkatuak ere galera ugari jasan zituen etenaldi horren ondorioz, bertako arduradunek adierazi dutenez. Orain bi hilabete gertatu zen argia joatearen ondorioz, salmenta izugarri jaisteaz gain ordenagailuetan arazoak izan zituztela gogorarazi dute; hankaz gora jarri omen zieten stock egoeran zegoen ekoizpen guztiaren inbentarioa. Eroskiko lan taldeak makina bat ordu sartu behar izan zituen galdutako lana berreskuratzen. Larunbateko itzaladia ez omen zen gutxiagorako izan. Diruz kuantifikatzea zaila egiten bazaie ere, arraindegian bakarrik bostehun euroko galerak izan direla uste dute. Oraingoz seguruekin jarri dira harremanetan, baina erreklamatzeko neurri gehiago aztertzen ari dira.
Zumea plazan eta Zumea kalean itzaladia izan zen orduetan egoera bitxiak sortu ziren. Zumea kaleko dendetan (Danena, La Tahona, Nerea kafetegia, Arruti...) argia zegoen bitartean, denda horietako batzuren gaineko etxebizitzatan ilunpean ziren.
 
Kontsumitzaileen bulegoa
Egunotan, kontsulta dezente jaso du Olatz Barandiaranek, Udal kontsumitzaileen bulegoko langileak: “Interesa jarri dute zenbaitek, azken aldian gertatzen ari diren argi mozketak direla eta. Baten batek adierazi digu etxeko tresneria hondatu zaiola argiaren gaintentsioaren erruz”. Informazioa ematez gain, erreklamazioa aurkezteko zein pauso eman aholkatzen die Barandiaranek kontsulta bila doazen herritarrei, “lehenengo eta behin tekniko edo profesional bati deitzeko esaten diegu, aztertu dezaten kaltea; honek zehatu dezake zergatik gertatu den galera, zenbatekoa den... Berak zehaztu dezake eraginaren eta ondorioaren arteko harremana. Txostena egitea komeni da, edozein erreklamazio egiterakoan”. Argindarraren mozketaren kasuan, zera azpimarratu nahi izan du Barandiaranek: “argindarraren sektorearen liberalizazioaren ondorioz, bezeroak kontratoa enpresa jakin batekin eduki arren, Iberdrola da gure inguruan argindarraren horniduraz eta banaketaz arduratzen dena. Iberdrola distribución izeneko saila da arduratzen dena kalitatearen zerbitzuaz, eta doako telefono zenbakia hauxe da: 900 171 171”.
Erreklamazioak ondorio onik ez badu kaltetuarentzat, bigarren bidea jorra daiteke: “Eusko Jaurlaritzaren ardurapean dagoen Garapen ekonomiko eta lehiakortasun sailera jo daiteke, bezeroaren eskubideak ez direla behar bezala errespetatu adieraziz”.

KRONOLOGIA:

Bi itzalaldi nagusi izan dira Andoainen azken bi hilabeteetan, azaroaren 28an eta urtarrilaren 25ean hurrenez hurren. Urtarrilaren 25eko kronologia hauxe litzateke:

  • 18:15    Aduna-Andoain mugan Iberdrolako transformagailu bat urez bete eta lehertu egin zen. Argindarra joan zen herriaren zati handi batean. Kaltetuak: 2.200 abonatu.
  • 18:45    Udaltzainek bozgorailu bidez adierazi zutenez, argindarra ez zuten 20:30ak arte berrezarriko.
  • 19:30    Argindarra berriro martxan jarri zuten, baina Olagain-Goiburu aldeko 600 abonatuk argindarrik gabe jarraitzen zuten.
  • 20:30    Iberdrola matxuraren bila zebilen, aurkitu ezinik. Andoain osoan argindarra kentzea erabaki zuten, matxura non dagoen errazago topatze aldera. Argindarra kendu eta piztu eragiketan Olagaingo azpiestazioan matxura berria sortu zen.
  • 21:45     Argindarra berrezarri zuten baina 600 abonatuk, Olagain-Goiburukoek, argirik gabe jarraitu zuten.
  • 00:00    Matxura konpondu eta argia berrezarri zuten herrigune osoan. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!